2024-12-12
HomeEkintza SindikalaArgitxu Dufau: “Gaurko borroka ez da udan amaituko”

Argitxu Dufau: “Gaurko borroka ez da udan amaituko”

Indar metaketaren aldeko jarrera aldarrikapen propioekin uztartu du LABek erretretaren erreformaren kontrako mobilizazioetan, eta erretreta sistema propio eta publiko bat aldarrikatu du etengabe. Askotariko mobilizazioak sustatu ditu sindikatuak, eta lehen lerroan izan da guztietan, oztopoak oztopo. Erretreten erreformaren bilakaeraz harago, datozen hilabeteak ere beroak aurreikusten ditu Argitxu Dufau LABen Ipar Euskal Herriko bozeramaileak, Frantziako Gobernuak erreforma gehiagori bide emateko asmoa baitu. Hala ere, ofentsibara jotzeko beharra azpimarratu du.

Zer zapore utzi dizue erretreta erreformaren kontrako azken mobilizazio egunak?

Baionan 4.000 lagun bildu ziren; Frantziako Estatuan, 900.000. Zifren kontuetatik harago, 14. eguna eginda dugun honetan oraindik frogatzen ari gara mobilizatuak garela. Macronek berak erran du zonbait aldiz, frantsesez erraten den bezala, “orria itzuli behar dugula”. Ez da hala izanen, erretreta erreformaren kontrako borroka segituko dugu, kendu arte. Eta, harago, justizia sozialaren alde mobilizatzen eta antolatzen segituko dugu. Hori izan da langileon erantzuna.

Zer espero daiteke orain mobilizazioen bilakaeraz?

Frantziako Estatuko intersindikala ondoko egunetan bilduko da. Hortik jakinen da zein izanen den hurrengo greba eguna. Ikasturte hasieran izanen dela pentsa dezakegu, astearteko manifestaldia hasi baino lehen Laurent Bergé-k, CFDT-ko idazkari nagusiak hala erran baitzuen, eta argi delako intersindikal horren helburu nagusia sindikatuen batasuna mantentzea dela, eta gure iduriko, ez dela estrategia irabazlea martxan jartzea (greba mugagabearen hipotesia, indar metaketaren aukera indar politiko eta beste eragile sozio-ekologikoekin…).

Greba interprofesionaletik at, langileok borroka osagarriak antolatu ditugu: blokaketak, kazeloradak, manifa salbaiak, argi indar mozketak… Tentsioa mantendu dugu eta gobernu frantziarraren probokazio guziei erantzun diegu.

Frantziako Gobernuak itxitzat eman nahi du erreformari buruzko eztabaida. Posible izango zaio azken hilabeteetan pilatutako haserreari izkin egitea, kontuan izanda, gainera, heldu den ikasturtean beste erreforma batzuk ere martxan jarri nahi dituela?

Urtarriletik goiti, azken 30 urteetako mobilizazio handienak iragan dira bai frantses estatuan baita Ipar Euskal Herrian ere. Eta hori zergatik? Gure erretretako bi urte hoberenak ebatsi nahi dizkigutelako, eztabaidarik eta bozketarik baimendu gabe, larri ez dagoen sistema bat «salbatzeko», karrika entzun gabe. Anartean, kapitala geroz ta potenteagoa da, bizirik dagoena suntsituz. Erretreta kontuaz haratago, egoera global hori jasanezina bilakatu da.

Erregimen geroz eta totalitarioagaren aitzinean langileok batu egin behar gira. Eta oraino gehiago Bornek, Frantziako lehen ministroak, argiki erran duenetik erreformak zalutuko dituela: lanari buruzko erreforma eta immigrazio legea, batez ere.

Ez bada uda denboran, ikasturte hasiera oso mobilizatzailea aurrekusten ahal da, amore ez dugulako emanen.

Nola bizi izan duzu orain arteko borroka Ipar Euskal Herrian?

Garai oso intentsoa izan da, tenpus ezberdinak gurutzatzen zirelako, antolaketa maila ezberdinak paraleloan eraikitzen zirelako (frantses estatukoa, departamendukoa, intersindikala, intersindikal ttikia, LABekoa…).

Bestalde, greba mugagabekoa ez baita antolatua izan, greba egun isolatuen artean tentsioa mantentzeko borroka molde osagarriak antolatu eta berrasmatu izan behar ditugu: blokaketak, asanbladak, okupazioak, manifa salbaiak…

Argiki, harreman berriak sortu ditugu beste sindikatu edo eragileekin; batez ere FSU, Solidaires eta Jaka Horiko lagunekin. Indar metaketa eta desbereizketaren apustua egin behar dugu estrategia irabazlea martxan jartzeko. Defentsibotik oldarraldira.

Blokatze ekintzetan nahiz manifestazioan lehen lerroan egon da LAB. Zer paper izan du sindikatuak mobilizazioen lanketan?

Nahiz eta Parisko intersindikalak mugimenduari erritmoa eman nahi zion, lekuan leku mobilizazio mota ezberdinak antolatu dira. Ipar Euskal Herriaren kasuan, hasieratik, LABek mobilizazioak eta ekintzak biderkatzearen aldeko apustua egin du; baita ere lan komunarena. Parean, intersindikalak gure proposamen guziei uko egin die, salbu FSU eta Solidairesko lagunek. Elkarrekin, LABek bultzaturik, blokaketa zonbait antolatu ditugu, mahai inguruak, manifak intersindikalaren egutegitik kanpo, asanblada idekiak…

Aldarrikapen propioz ere jantzi du borroka LABek. Pentsioen gainean Euskal Herrian bertan erabakitzearen aldeko aldarrikapena plazaratu du sindikatuak. Aldarrikapen horrek sostengua irabazi duela sumatu duzue?

Ariketa ez da beti erraza izan, baina honela laburbiltzen ahal genuke: komunean ditugun aldarrikapenen inguruan elkarrekin mobilizatu, paraleloan, bakoitzaren aldarripen propioei leku bat utziz. Gure kasuan, Euskal Herriko erretreta sistema propio, publiko eta duinaren aldarrikapena, batez ere. Aldarrikapen horren inguruan manifestaldi nazionala antolatu genuen otsailaren 8an Hendaian.

Aldarrikapen horrek eta erabakitzeko guneen berganatzearenak geroz eta sustengu gehiago jasotzen dute. Nola ez? Parisek eramaten duen politika kapitalista bortitzari aurre egiteko alternatiba konkretu eta eranginkorrarena hori baita.

Bazterketa sindikala ere pairatu du LABek. Burujabetzaren beharra aldarrikatu izana izan daiteke horren arrazoietako bat?

Noski. Gure bazterketaren arrazoiak ez baitira argiki erranak, jaso ditugun mehatxuak anti-abertzale eta jakobinoak ziren. Sexismoa eta gazteon kontrako pundu bat gehitu behar zaie ene kasuan.

Sindikatu frantses ezkertiar eta borrokalari batzuentzat mehatxu bat idurikatzen dugu, gure proposamen sindikala eta borroka moldeak sinesgarriak eta gauzagarriak baitira. Burujabetza eta herrien erabakitzeko eskubidea Europa kapitalistaren aurrean erantzun hoberenetarikoa da. Egiazko proposamena da tresna alternatiboak martxan jartzeko eta langileok boterea hartzeko, bertatik erronka globalei erantzuteko.

Oso jarrera gogorra izan dute zenbait sindikatutako kideek sindikatuaren aurka. Aldatu dute jarrera, bazterketaren irudiak zabaltzearen ondorioz?

Egia da, eta haien jarrera salatu dugu. Aldiz, publikoki sustengu oso gutti jaso dugu beste sindikatuengandik. Mehatxuak jaso ditugu, baita eraso fisikoak ere. Ez da berria; 2000ko Maiatzaren Lehenetik horrelako jarrera gogorrak jaso ditugu LABeko kideok. Aldiz, federazioetan, sektoreetan nahiz lantokietan, askotan, lan komuna posible da, eta azpimarratzekoa da. Intersindikalaren aldetik, nahiz eta irudiak zabaltzen diren sare sozialetan eta haien oinarriko militanteek holako jarrerak salatzen dituzten, ez dago aldaketarik. Gure parte hartzeak ez du kontsentsurik biltzen; beraz, karrikan haiekin bai, baina ez elkarrekin, eta manifaren azken puntan. Ezabatu nahi gaituzte borrokatik, ezinbesterako.

Asmo horrek ez du estaltzen, ordea, LAB egiten ari den lana.

Manifestazioetako blokeoak potenteak dira, ekintzetan parte hartzen dugu, lantokietara lan sindikala eramaten dugu. LAB geroz eta langile gehiagoren aterpe da Ipar Euskal Herrian. 23 urtez eramandako lanari esker, sindikatu borrokalaria, ezkertiarra eta feminista garela aitortzea ezinbestekoa da.

Borroka ziklo honi nola eman behar litzaioke jarraipena Euskal Herrian, erretreten erreformatik harago?

Nazio ikuspuntua garatu behar dugu. Gure Biltzar Nagusitik inoiz baino arreta handiagoa ari gira jartzen horretan,eta zoriontzekoa da. Euskal Herria dugu eraikitzen segitzeko eta lortzeko. Gure tresna propioak eta erangikorrak zabaldu behar ditugu, burujabetzaren aldeko bidean lagun berriak gureganatuz.

Zein izango dira borroka nagusiak irailean?

Gaurko borroka ez da udan bukatuko. Ekintzak, ttikiak izan arren, biderkatu behar dira. Gobernamenduko nahiz Rennaissance alderdi politikoaren kideak ez ditugu lasai utzi behar. Borroka sozialak eta ekologistak uztartuz, borrokak eta aldarrikapenak azkartu behar ditugu, parean jasotzen dugun eraso kapitalistaren aitzinean erantzuteko gai izateko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Aurrerapenak badituzte ere, Arabakoak ez dira zaintzako langileek behar dituzten aurrekontuak

Zaintzako sektore pribatizatuetako langileok langile publikoak gara. Guztiz beharrezkoa den zerbitzu publiko bat bermatzen dugu. EAJk duela hamarkadak erabaki zuen lan hauei erantzungo zion eredua hiru zutabe izango zituela: merkantilizazioa, pribatizazioa eta prekaritatea.

Zornotzako Salvesen Logisticako langileak zoriondu nahi ditugu euren lan-baldintzak hobetzen dituen enpresa-ituna lortzeagatik

Langileek kontzentrazioak eta grebak egin dituzte, eta saltoki handien hitzarmen estataleko hainbat atal nabarmen hobetzen dituen enpresa-ituna lortu dute.

Osasunbideko langileak haserre daude Osasunari buruzko Foru Legearen aurreproiektuaren proposamenaren aurrean

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Langileen Batzordeko kideek adierazi dute Osasunari buruzko Foru Legearen aurreproiektuaren proposamenaren aurrean benetan haserre daudela eta haren aurkako iritzia dutela. Izan ere, arau horretan planteatzen da Osasunbidearen eta NOPLOIren izaera juridikoa aldatzea, Departamentuari atxikitako erakunde autonomo izateari uzteko eta enpresa-erakunde publiko bihurtzeko (hau da, titulartasun publikoko erakunde bat, langileei zuzenbide pribatua aplikatzen diena).