2026-07-31
HomeZerbitzu PribatuakBankaBBVAk zentsura politikoa ezarri digu

BBVAk zentsura politikoa ezarri digu

Sindikatuek eta BBVAk akordio bat dugu komunikatu sindikalak bidaltzeko bankuko intraneten bidez. Horrela, sindikatuok ipintzen ditugu langileei bidali nahi dizkiegun komunikatuak Bankuak berak prestatu duen “saski” batean, eta beraiek bidaltzen dizkiete langile guztiei. Bada, LABek urte berriari agurra emateko ipinitako komunikatuaren zati bat zentsuratu du BBVAk.

Urte amaiera honetan LABen sail sindikalak urte berriari agurra emateko komunikatu bat ipini genuen “saski” horretan, Bankuak bidal zezan. Baina, hara non, erantzun hau eman ziguten: “Atxikita dagoen zirkularraren inguruan, gaur sartu dena lan harremanen postontzian, sentitzen dut jakinaraztea ez dela posible argitaratzea, bere edukiek ez dituztelako enpresan ordezkaritza sindikalaren funtzioa betetzeko bitartekoak arautzen dituen 2014-09-18ko Akordio Kolektiboko 9.a) puntuan ezarritako baldintzak betetzen. Honen arabera ‘transmititu beharreko informazioak soilik laborala den edukia izan beharko du, langileen legezko ordezkaritza funtzioak betetzearekin soilik zuzenean harremanatua, beste helburu batzutarako erabili ezingo delarik…’ Horregatik, eta bere argitalpenerako beharrezkoak diren argibideak emate aldera, eskatzen dizut zirkularraren azken paragrafoa ezabatzea”

Aipatutako paragrafoa hauxe zen:

“Eta hasteko, urtarrilaren 14 honetan, Bilon, askatasuna eta bizikidetzaren aldeko hitzordua dugu. BBVAko LABeko atal sindikalak bere egiten du SAREren manifestaziorako deialdia, euskal presoen eskubideen alde”.

BBVAko LAB Sail sindikalak zera adierazi nahi dugu honen aurrean:

1- Adierazpen askatasunari mugak ipintzekotan, norberak ipini behar ditu. Gure asmoa paragrafo horrekin guretzat garrantzi handia duen deialdi batekin gure atxikimendua adieraztea da. Hori egokia den ala ez langile bakoitzak iritzi beharko du, ez Bankuak.

2- Bankuak berak erabili ditu bere baliabideak deialdi “sozialak” egiteko interesa izan duenean. Beste sindikatuek ere bai. Baina gai batzuk onartzen dira eta beste batzuk ez, horretarako irizpide politikoak erabiliz.

3- LABek sindikatu sozio-politiko bezala definitzen du bere burua. Garen moduan azaldu nahi ditugu gure aukerak eta iritziak langileen aurrean, langileek eurek epai gaitzaten, ez bankuak.

Horregatik, publikoki esaten dugu: zentsurarik ez, ez BBVAn ez inon!
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto MartĂ­nez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.