2026-09-26
HomeEkintza SindikalaAuzitegiak arrazoia eman digu eta Bilboko portuko amarratzaileen patronalak inposatu nahi izan...

Auzitegiak arrazoia eman digu eta Bilboko portuko amarratzaileen patronalak inposatu nahi izan dituen murrizketak atzera botatzea #LortuDugu

Justiziak amaiera eman dio lan-esplotazioa areagotzea eta urteetako borroka eta negoziazio kolektiboaren bidez lortutako eskubideak murriztea helburu zuen enpresa-operazio bati.

LABen garaipen sindikal eta judizial handia lortu dugu Amarradores Puerto de Bilbao SAren zuzendaritzaren aurka. Bilboko Lan Arloko Epaitegiak emandako epaiak osorik onartu du LABek aurkeztutako demanda, eta justifikaziorik gabekotzat jo du enpresak langile guztiei ezarri nahi zien lan-baldintzen funtsezko aldaketa.

Enpresa lan erreformaren mekanismoak erabiltzen saiatu zen indarrean dagoen lan-baldintzen akordioa aldebakarrez hausteko, eskubide kontsolidatuak ezabatzeko eta lan-baldintzei buruz erabakitzeko bere gaitasuna areagotzeko. Enpresaren asmoa zen plantillaren disponibilitatea handitzea, lanaldiak aldatzea, erreten-sistema ezabatzea, oporren erregimena okertzea eta lanaren antolamenduaren gaineko enpresa-kontrola indartzea.

Epaiak banan-banan desmuntatzen ditu enpresaren argudioak. Epaileak ondorioztatu du ez dagoela arrazoi ekonomikorik, antolamendukorik edo produktiborik plantillaren lan-baldintzen aurkako halako erasorik justifikatzeko. Era berean, gogorarazi du zuzendaritzak suntsitu nahi zuen sistemak hogei urte baino gehiago zeramatzala martxan, eta ez dela negoziazio kolektiboaren bidez lortutako oreka haustea justifikatzen duen funtsezko aldaketarik gertatu.

Enpresa-mozkinak handitzen jarraitu nahi duen patronalaren beste adibide bat dugu hau, urteetan milioi askoko irabaziak lortu arren, aberastasuna sortzen dutenen kontura irabaziak handitzen jarraitu nahi duenarena. Lan-eskubideak murrizten saiatzen zen bitartean, enpresak irabaziak izaten jarraitu du eta tarifa-igoerak eskatu zituen, gerora Portu Agintaritzak onartu egin zituenak.

Enpresaren estrategia argia izan da: bere posizioa aprobetxatu nahi izan du bere enpresa-erabakien ondorioak langileen bizkar jartzeko, eta atea ireki nahi izan dizkio lan-eredu prekarioago bati, enpresarentzat malguagoa izango dena eta plantillarentzat gogorragoa.

LABetik salatzen dugu gatazka hau ez dela soilik liskar juridiko bat izan, kontrajarritako bi ereduren arteko konfrontazioa baizik. Alde batetik, langileak haien etekinak handitzeko doitu daitekeen aldagaitzat hartzen dituztenen eredua. Eta bestetik, LAB sindikatuan defendatzen duguna: enplegu duina, negoziazio kolektiboarekiko errespetua, aberastasunaren banaketa eta langile klaseak bere lan baldintzei buruz erabakitzeko duen gaitasuna oinarri dituena.

Epai honek erakusten du antolakuntza sindikalak balio duela. Langileak antolatzen direnean, indar kolektiboa eraikitzen denean eta enpresa-jabeen erasoei mobilizazioaren eta borrokaren bidez erantzuten zaienean, posible da erasook geldiaraztea eta lortutako eskubideak defendatzea.

Plantillak gatazka osoan zehar erakutsitako erabakimena nabarmentzekoa da. Beren konpromisorik gabe, beren batasunik gabe eta enpresen inposaketei aurre egiteko prestutasunik gabe, garaipen hau ez litzateke posible izango.

Era berean, Bilboko Portuko Amarratzaileen patronalari exijitzen diogu atzerapauso bat eman dezala lan-baldintzen funtsezko aldaketa inposatzen saiatu ondoren egin dituen errepresalia sindikal eta laboral guztietan eta aldebakarrez ezarritako neurrietan. Gogoratu dezagun patronalak LABeko ordezkari sindikal bat eta behin-behineko langile bat kaleratu zituela, eta langileei salaketak jarri zein espedienteak ireki dizkiela. Mehatxu horiekin zerbait lor dezaketela uste badute, erabat okertuta daude, borrokan jarraitzen dugu eta gaurko garaipenak indar handiagoa ematen digu. Jarrai dezagun, beraz, antolatzen; batetik, kaleratzeen aurka borrokatzeko, baina baita ere, behin-behinekotasunaren aurka, plantillaren zati bati ezarri zaizkion baldintza prekarioen aurka eta langile guztien lan baldintzak hobetzearen alde ere. Ez gaituzte geldituko!

Gainera, ebazpen hau ohartarazpen bat da Euskal Herriko patronalentzat. Denak ez du balio. Ezin da ezohiko prozedurarik erabili akordio kolektiboak edukiz husteko, ezta benetako arrazoirik gabe lan-murrizketak ezartzeko ere. Langileen eskubideak ez dira diru-irabazien kontuaren zerbitzura dauden salgaiak.

LABenkontraboterezko sindikalismoa bultzatzen jarraituko dugu, abertzalea, feminista eta klase ikuspegia duena. Amore ematen ez duen sindikalismoa da gurea, modernizazioz mozorrotutako murrizketarik onartzen ez duena eta euskal langileriaren bizi-baldintzen kontura aberastu nahi dutenekin aurrez aurre jartzen dena.

Garaipen hau plantillari dagokio eta antolakuntzaren, borroka kolektiboaren eta langileen duintasunaren garaipena da.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Udalhitzeko negoziazioari atea itxi diote EAJk eta PSEk, EHBilduk negoziatzen jarraitzeko borondatea agertu duen bitartean

Urriaren 8ra bitarteko epea daukate edukiak ekarri eta langileen ordezkariekin adosteko. Bestela, udal sektore osoak grebara joko du.

Greba mugagabean dauden ITASUAko langileei babesa erakusteko manifestazio jendetsua Bergaran

Dagoeneko 77 egun daramatzate greban Zarauzko eta Bergarako Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren (IAT/ITV) zerbitzuko beharginek, eta enpresa mugiarazi eta negoziazioaren blokeoa eten arte borrokan segitzeko...

LABek eta ELAk bilera eskatu diogu Pradales lehendakariari, 1.500 euroko gutxieneko soldataren alde patronalari aurre egin diezaion eskatzeko

Gutxieneko soldata Hego Euskal Herrian erabakitzearen aldeko 145.000 sinadura jaso eta greba orokor arrakastatsu bat egin ondoren, LABen eta ELAren iritziz Eusko Jaurlaritzak ezinbestean gizartearen nahiari bide eman beharko lioke eta Imanol Pradales lehendakariak lidergo argia erakutsi beharko luke patronalaren zein PSE-EEren eta EAJren betoa gainditzeko.