2026-10-28
HomeEkintza SindikalaBart gauerdian, langile bat hil da Laudioko Vibrantz enpresan izandako leherketa baten...

Bart gauerdian, langile bat hil da Laudioko Vibrantz enpresan izandako leherketa baten ondorioz

Vibrantz enpresan, Laudioko pintura-ekoizpenean diharduen enpresan, mantentze-lanetako langile bat matxuratutako labe bat konpontzen ari zen istripua gertatu den unean. Labearen leherketak bete-betean harrapatu du 49 urteko J.B.V. langilea.

Urtea hasi zenetik, 33 dira Euskal Herrian lan-istripuz hildako langileak. Patronala absentismoaren inguruko mamua zabaltzen ari den bitartean, hildako langileen zerrenda loditzen doa. Gogorarazi behar dugu urtero Euskal Herrian larritasun ezberdineko 100.000 lan-istripu inguru aitortzen direla ofizialki. Datuak gordinak bezain latzak dira: prebentzioaren integrazioa ez da gauzatzen, eta enpresek inpunitate osoz jokatzen jarraitzen dute, instituzioen konplizitatearekin. OSALANek enpresetan presentzia izan beharrean, komunikabideetan iragarritako ekintzekin justifikatzen du bere jarduna, milaka euro publiko xahutuz.

LABek EAEko zein Nafarroako gobernuei eskatzen die enpresetan indarrean dagoen araudia betearaz dezatela, marketin-kanpainak alde batera utzita.

Bihar, 11:30ean, elkarretaratzea enpresaren atarian

LAB sindikatuak bat egiten du Vibrantz enpresako batzordeak egindako deialdiarekin. Era berean, Aiaraldeko Greba Batzordeak arratsaldean egingo duen mobilizazioarekin ere bat egingo du. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Ernaik eta LABek etxebizitza eta soldata duinen aldeko borrokara batzeko deia egiten diogu euskal gazteriari

Gazteen prekarizazioaren datuak argiak dira: 25 urte baino gutxiagoko langileen ia erdiak ez dira iristen 1.600 euroko soldatara, eta adin tarte horretako gazteek diru sarreren %78 bideratzen dute alokairura. Aldaketarako aukerak daudela sinetsita, azaroaren 11n lantokiak hustu eta kaleak betetzeko deia egin dute Ernaik eta LABek.

Frantses Kanonaren aurka herri harresia osatzera dei egiten dugu

Eskuin muturreko Canon Français edo Frantses Kanona taldeak antolatutako otordua egitekoa da Miarritzeko Irati aretoan azaroaren 28an. Bada, hainbat eragilerekin batera, hitzordu horri aurka egin eta herri harresia sortzeko deia luzatzen diegu langileei LAB sindikatutik.

Euskara, baliabideak, segregazioa eta digitalizazioa dira hezkuntza arloko lehentasunak LABentzat

Sindikatuak gaur Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean egindako agerraldian adierazi duenez, PISA txostena erreferentziatzat hartzen ez duen arren, datuak kezkagarriak dira. Emaitzetan eragina izan duten faktoreen artean lau dira premiaz jorratu beharrekoak: euskararen ezagutza eta erabilera indartzea, ikastetxeetako baliabideak bermatzea, segregazioari aurre egitea eta digitalizazio-eredua berrikustea.