2026-03-20
HomeEkintza SozialaPolitika sozialaAraban ere EAJk eremu soziala baztertuz patronalari alfonbra gorria jartzen dio

Araban ere EAJk eremu soziala baztertuz patronalari alfonbra gorria jartzen dio

EAJren esku dauden erakundeen azken erabakiek bere benetako aurpegia erakutsi digute, baita zein den bere eredua ere: enpresari handientzako pribilegioak eta eremu sozialean aurrerapausorik gabeko politikak mantentzea. Azken asteotan salatzen aritu garena baieztatu egin da, azkenean Gasteizko Udalaren gehiengoaren babesarekin (EAJ-PP-PSE) SEAren aterpean dauden enpresari arabar handiei IAE delako zerga jaitsiz hainbat milioi euro barkatuko dizkiete eta.

Herritar askok eta hainbat sindikatuk politika fiskaletan ematen diren ezberdintasunak eta ondorioa den zerga bilketa jaistea ozenki salatu izanak ez du ezertarako balio izan. Berriro ere klase politikoa eta klase ekonomikoa bat etorri izanak emaitza bera eman du, herri klase xumeok pairatzen ditugulako murrizketak.

Gasteizko Udala, behar sozialak behar den bezala bideratu ezin diren egoera batean egonik, hainbat milioi eurori muzin egiteko gai izan da, eta honek herritarren zati garrantzitsu baten beharrak kolokan jartzea suposatzen du.

Bide beretik, Arabako Foru Aldundia patronala mezenas altruista gisa aurkezten digu, eta “Lurraldearen Jaun” izaera eman die. Alfonbra gorria jarri die, eta sakelak betetzeko helburu hutsarekin bere langileei enplegu politika basatiak ezartzen dizkietenei onura gehiago eman dizkiete.

¿Benetan Arabako Foru Aldundiak pentsatzen al du MICHELIN bezalako multinazional batek Arabako Urrezko Domina merezi duela? Bere langileriari erabateko malgutasuna eta egutegi aldagarriak ezartzen dion enpresa bati; kontratazio berriak diskriminatzen eta are gehiago prekarizatzen dituenari; bere langileei lan bajei uko egitera derrigortzen dituenari (arrazoi honengatik zigortua gainera); baita bertan lan egiten duten azpikontratatutako langileei; beste herrialdeetako langileak kontratatzen dituenari konfrontazio sindikatuetan afiliatzea ekiditeko… ¿Honi guztiari urrezko domina? Erabat lotsagarria.

Gauza bera gertatzen da MERCEDES-ekin, beste multinazional bat, eta bere enplegu politikekin. Esango al digu Arabako Ahaldun Nagusia txit gorenak zergatik eskaintzen dion AGORAren pulpitua bere arduradun nagusiari? Ahaldunak Arabarako defendatzen duen eredua soldata eskala bikoitzarena ote da; behin-behineko langileak aparteko orduak sartzera derrigortzen dituena; egunean 9 orduz lan egiten duen jendearekin; lan erritmo jasanezinekin; UGT eta CCOOrekin euren jendea entxufatzeko akordioak egiten dituenarena…? Gure lurraldearen eredu sozial, ekonomiko eta laborala lanpostu finkoak sortzen dituena izan behako da; enplegu duinarena; prekarietaterik gabekoa; fiskalitate justu eta berdintasunekoa; baina badirudi horretaz ez dela hitz egingo.

Berriro ere enpresarien adiskide den EAJ batekin topatzen gara, langileen lepo aberasten jarraitzeko nahiko laguntzarik izango ez balu bezala. EAJk bere politika sozial eta ekonomikoak gorazarreari eta alfonbra gorriari ohituta dagoen patronal batean oinarritzen ditu, bestela ezinezkoa izango zen halako jokabide politikoa ulertzea.

LABetik faltsukeria eta egoera konpontzen lagunduko duten politika ausarten gabezia salatu nahi dugu. Ez ditugu nahi soilik murrizketa sozialak edota esklabotzatik gertu dauden lan baldintzen politikak, baizik eta aldaketa politiko eta sozialaren motore izango diren benetako politika sozialak, jende guztiaren eskubideak bermatuko dituztenak. Bien bitartean kalean, enpresetan, jendarte mugimenduekin jarraituko dugu kidetasunak landuz eta borrokak indartuz enplegu duina eta fiskalitate bidezkoa eta soziala aldarrikatzeko.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Korrikan masiboki parte hartzera dei egiten die LABek euskal langileei

Hainbat kilometro erosi ditu LABek, eta bere kidegoa aktiboki ari da parte hartzen Korrikaren antolaketan, izan tokian tokiko batzordeetan zein lantegietan. Orain, errepidera salto egiteko garaia da. Horregatik, bihartik aurrera euskararen aldeko olatua indartzera dei egiten die LABek euskal langileei.

LABek burujabetza, ekonomiaren kontrol publikoa eta gutxieneko soldata propioa eskatzen ditu lan eta bizi baldintza duinak hemen ziurtatzeko

Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak (KES) ezohiko bilera egin du Irango gerrak Nafarroan izan duen eragina aztertzeko eta maila ekonomiko eta sozialean izan dituen ondorioak...

LGS propio baten aldeko jendartearen aldarriak gobernuak eta patronalak behartu behar ditu aurrera egitera, berehala ezar dadin

Grebaren arrakastak eta mobilizazio masiboek erakusten dute euskal jendarteak ez duela amore emango 1.500 euroen aldarrikapenean. LAB, ELA, Steilas, Etxalde eta Hiru, M17aren ondoren: “Gaur atzo baino indartsuagoak gara, ez gara geratuko helburua lortu arte”.