2026-08-23
HomeEkintza SindikalaArabako Metalgintzan aktibazioa bultzatuko dugu hitzarmen duina lortzeko

Arabako Metalgintzan aktibazioa bultzatuko dugu hitzarmen duina lortzeko

LABek Arabako Metalgintzako hamarnaka ordezkari bildu ditu Gasteizen egindako batzarrean. Bertan, Arabako Metalgintzaren egoeraren azterketa egin eta gure apustua berretsi dugu: sektoreko egoera ikusita, aktibazioa bultzatuko dugu eduki duinak dituen hitzarmen bat lortzeko, soilik langileen mobilizazioen bidez lortuko baita sektoreko arazoei erantzungo dien hitzarmen duin bat.

Urtebete baino gehiago da Arabako Metalgintzako Mahaia biltzen ez dela, eta denbora honetan zehar SEA desagertuta egon da. Pandemiak gogor jo du sektorea, EREak, aldi bateko langileen kaleratzeak, ERTEak, ziurgabetasuna, informazio falta,… Sektoreko enpresa askotan borrokak egon dira eta badira, enplegu eta lan baldintzen defentsan. Enplegua suntsitzen ari da, langileak mobilizatzen ari dira eta patronalak berean jarraitzen du, azken urteetan bezala, beraien etekinei begira.

Horri gehitu behar zaizkio sektorean aurretik zeuden arazoak: soldata baxuak (1.000 euro eskas hilean), Hego Euskal Herriko Metalgintzako hitzarmenetako lanaldi altuena (1.735 ordu), malgutasun handia, aldi batekotasun izugarria (2020ko kontratuen %93 inguru) eta iruzurra kontratazioetan, emakumeen diskriminazioa (%20 baino gutxiago sektorean), prekarietatea batez ere azpikontratetan, lan istripuak (urtero 2.000 inguru),…

Hori dela eta, LABek aktibazioaren aldeko apustu argia egiten du. Sektorearen arazoei erantzungo dien hitzarmen bat aldarrikatzen dugu: soldata duinak, maila baxuenetan gutxienez 1.200 euro garbi kobratzeko eta sektore osoan igoera bermatuz soldata errealetan, lanaldia jaistea enplegua banatzeko; malgutasuna mugatu; aldi bateko kontratazioa erabat murriztu, iruzurra ekidinez; azpikontratetako langileen subrogazioa; baimenak hobetu kontziliazioan eta erantzunkidetasunari begira; emakumeen diskriminazioaren kontrako neurri eraginkorrak; neurriak ere lan istripuak ekiditeko; bajan egonda (are gehiago lanekoa bada) soldata ez galtzea…

Gauzak horrela, sindikatuak mobilizazioak eta ekimenak martxan jarriko ditu martxoan eta apirilean, langileen aktibazioa bilatuz. Enpresa eta industria guneetara joko dugu aipatutako aldarrikapenak gauzatzeko helburuz, gure ustez soilik mobilizazioen bidez lortuko baitugu Arabako Metalgintzako arazoei erantzungo dien hitzarmen duin.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Hirugarren greba zikloari ekingo diote Gipuzkoako Moeve gasolindegietako langileek lan baldintzak hobetzearen alde abuztuaren 28tik 30era

Abuztuaren 28ko 22:00etatik abuztuaren 30eko 22:00etara egingo dute greba Moevek Gipuzkoan dituen 16 gasolindegietako 150 langileek. Enpresa batzordea LABeko 5 ordezkarik eta ELAko 3k...

LABek eta ELAk adingabe batzuk balorazio psikosozialik egin gabe Bilbotik Gueñesera lekualdatu izana salatzen dugu

Sindikatuok kritikatzen dugu Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eudes Fundazioak zentro-aldaketa hilabete eskaseko aurrerapenarekin aurkeztu dutela, haren eragina baloratu gabe eta adingabeekin egunero lan egiten...

Bilboko tranbian zezenketen publizitatea jartzea salatu dute Euskotreneko langileek

Mobilizazioa egin dute Arriaga plazan. Euskotreneko enpresa batzordeak bere kezka eta erabateko gaitzespena adierazi nahi ditu, aurten ere Bilboko tranbiaren unitateetan zezenketekin lotutako ikuskizunen publizitatea...