2026-08-02
HomeUncategorizedAldaketarekin bat egiten duten langilez bete da Labrit

Aldaketarekin bat egiten duten langilez bete da Labrit


LAB sindikatuak ekitaldia burutu zuen atzo Labrit Pilotalekuan, hauteskunde sindikalen garai trinkoari hasiera emateko. Ikasturte honetan Nafarroako ordezkaritza sindikalaren erdia baino gehiago berrituko da. LAB maximo historikoetan (%13,43) eta hazten ari dela ekingo dio garai trinkoari.

Ekitaldiaren protagonistak LABek lantokiz lantoki duen ordezkaritza eta afiliazioa izan zen, hauek baitira aldaketaren benetako motore. Honela, Zerbitzu Publikoak, Zerbitzu Pribatuak eta Industriako Federazioetan kokatutako 200 enpresa baino gehiagotako ordezkariak blokean atera ziren oholtza gainera, azken urteetan izandako lorpenetako batzuk azalduz: sektore publikoaren defentsa, entxufismoaren kontrako borroka (Iruñeko Udala), Donapeako expolioaren gelditzea, jardunaldi murrizketa (Altsasuko hirugarren adineko egoitza), enpleguaren sorrera (Argal), blindajearen bidez lan erreforma bertan behera uztea (Dornier, ISN), ETTak sartzen ez uztea (TRW), aukera berdintasuna (KYBSE), kaleratzeak bertan behera uztea (LEDR), kontratazio berrientzako lan baldintzen berdintzea (Norton)…

Era berean, gazte, prekario eta pentsiodunek ere parte hartu zuten. Pentsiodunen arloko Juanjo Lautrek 70. hamarkadako borroken lorpenak aipatu zituen eta garai horretan lortu ahal izan ez zen aldaketa gaur lortzeko dauden aukerak baliatu beharra azpimarratu, Ernaiko Maialen Etxeberriak prekarietatearen kontra eta eredu ekonomiko eta sozial berriaren alde borroka egiteko gazteriaren borondatea azaldu duen bitartean.

Azken interbentzioa LABeko Nafarroako bozeramaile Igor Arroyok egin zuen: “Herri garaipenei balioa eman behar zaie, txikiak izanagatik ere. Eta Kapitalaren erasoen aurrean geure jendearen eguneroko erresistentzia txikiei ere eman behar zaie balioa. Gaurko erresistentzia txikiak baitira biharko aldaketaren hazia”.

Hauteskunde sindikalei buruz, Arroyok ohartarazi zuen ez direla hauteskunde garbi eta demokratikoak izango, orain arte izan ez diren bezala. “Hala balira, UGT eta CCOO ez ziren helduko ordezkaritza sindikalaren erdira ere. Hauteskunde sindikaletan putxerazoak ematen dira egunero-egunero. Patronalak arma guztiak erabiltzen ditu sindikalgintza borrokalariari bidea itxi eta UGT edo CCOO sustatzeko, jakin badaki bi sindikatu horiek bere eskutik jango dutela”.

LABeko bozeramaileak La Moreako McDonald’s-en adibidea jarri zuen, non senideak lan kontratuarekin Colombiatik ekartzeko agindu baitzien Enpresak hainbat langileri, UGTren izenean aurkeztearen truke. “Patronala, UGT eta CCOOen arteko tratu lotsagarri hauek lantokiz lantoki errepikatzen dria, Nafarroako Gobernuak beste aldera begiratzen duen bitartean. Izan ere, UGT eta CCOO dira UPN eta Erregimena eror zitezen eragotzi duen oinarri soziala. UGT eta CCOOek prebendak jasotzen dituzte, izan Caja Madrideko kreditu txartel beltzak, izan Andaluziako EREen dirua, izan Nafarroan bakoitzak urtero jasotzen duen 7 milioi euroak. Zorionez, langile duintasun ekintzak biderkatzen ari dira eta horri esker LAB da aurten gehien hazi den sindikatua. Entxufismo, putxerazo eta diru publikoaren xahuketa ez dira nahikoak izan UGT eta CCOOen erorketa eragozteko: 50 ordezkari galdu dituzte urte hasieratik, eta askoz gehiago galduko dituzte. Jada ordezkaritzaren %53a baino ez dute biltzen”.

Arroyok LABen ordezkaritza lantokiz lantoki hazteko deia egin zuen. “Guk ez dugu nahi, beste batzuk egiten duten bezala, hazi haztearren. Guk hazi nahi dugu, Nafarroan aldaketa sozial eta politikoaren akuilu izateko. Denon artean tira egin beharra dago Erregimena behera bota arte”.

Ekitaldia zehar hainbat ikuskizun izan ziren (besteak beste, Internazionalaren interpretazio ineditoa Txalapartarekin) eta Lluis Llach-en L’estacaren doinuaz dantzatutako zinta-dantzarekin amaitu zen, Erregimena behera bota beharra sinbolizatuz. Amaitu ostean, kalejira egin zen Labritetik Sarasate Pasealekura, "Kalera, Kalera"ren doinuekin, nafar presoen eskubideen aldeko asteroko enkarteladan parte hartzeko.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto MartĂ­nez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.