2026-10-06
HomeUncategorizedAinhoa Etxaide: «Eredu ekonomiko eta sozial berri bat eraikitzea premiazkoa da, eta...

Ainhoa Etxaide: «Eredu ekonomiko eta sozial berri bat eraikitzea premiazkoa da, eta hori izan behar da krisi honen kontra gauden guztion helburua»

ELA sindikatuak bere XIII. Kongreso burutu zuen urtarrilaren 23 eta 24ean Bilboko Euskalduna Jauregian. Ainhoa Etxaide, LABeko idazkaria nagusia, bertan izan zen gonbidatu moduan eta besteak beste, antolatzeko era borrokatzeko gaitasuna biderkatzeko modurik egokiena aliantzak eraikitzea dela aldarrikatu zuen.

Ainhoa Etxaide, LABeko idazkari nagusiaren interbentzioa ELAren XIII. Kongresuan

«Egunon guztioi. Zorionak kongresua aurreikusi bezala doalako, emankorra izango da zalantzarik gabe. Eta beharrezkoa da hala izatea aurrez aurre ditugun erronkak ez direlako batere makalak.

Orain lau urte zuen aurrean hitza hartu nuenean Euskal Herrian egoera berriak sortu behar zirela esaten nuen, gure esku zegoela, erabaki ausartak hartuz gero egoerak aldatzeko gaitasuna badagoelako. Gogoratzen dut rotondaren adibidea erabili nuela, bueltak eta bueltak ematen ari ginela beti leku berdinean bukatzeko. Gure aldarrikapenetan aurrera egiteko aukerak emango zizkigun errepidea hartzeko garaia zen. Argi dago egoera goitik behera aldatu dela.

Atzo egin zenuten azken urte hauetako errepaso sakona beraz ez naiz ni errepikatzen ibiliko. Baina guretzat garrantzitsuenak izan direnak azpimarratu nahi ditut:

Lehenengoa: Konfrontazio demokratikoa dela nagusitu den bidea gure aldarrikapenak borrokatzeko eta eskatzen ditugun aldaketak lortzeko. Egoera iraultzeko indar handia behar da, ongi antolatutako indar asko behar da. Aliantzak eraikitzea da antolatzeko eta borrokatzeko gaitasuna biderkatzeko modurik eraginkorrena.

Bigarrena: Krisiak guzti guztia markatzen duela. Krisi honen emaitza errealitate berri bat izango da. Ez gaude garai txar bat pasatzen. Inposatzen ari dizkiguten erreformak ez dira momentuari erantzuteko. Erreforma kapitalista oso bat inposatzen ari digute, erreforma bortitz bat kapitalismorik basatiena ezartzeko. Erreforma horretan langileon eskubideak ez dute inolako lekurik, Euskal Herriaren nazio eskubideak ezta ere.

Krisia ez da egoeraren ezaugarri bat gehiago. Krisi ekonomikoa eta bere gainean ematen ari diren urratsak dira egoera. Horren arabera zehazten dira gaur agenda politikoak eta instituzionalak. Eta horrela izan behar du derrigorrez Euskal Herritarrei alternatiba bat eskaini nahi duenarentzat ere. Inposatzen ari diguten eredu basati honen aurrean hartzen ditugun erabakiek esango dute Euskal Herrian benetako aldaketak ekarriko dituen prozesurik dagoen edo ez. Beti esan da kaltegarria langileen interesak eta aldarrikapenak bigarren maila batean jartzea; momentu honetan egitea ezinezkoa da, akats historiko bat litzateke.

Hirugarrena: Eredu ekonomiko eta sozial berri bat eraikitzea premiazkoa da, eta hori izan behar da krisi honen kontra gauden guztion helburua. Premia horren gainean hitzartu behar dugu nolako burujabetza prozesua behar dugun. Prozesua euskal langileok behar dugun alternatiban oinarritzen da eta erreforma kapitalistari aurre egiteko balio du edo ez du aurrera egingo.

Ez du edozein prozesu soberanistak balio beraz. Baina hori bezain argi dugu ere burujabetza prozesurik gabe ez dagoela eredu berri bat eraikitzerik. Erabakitzeko eskubiderik gabe eta erabakitzen ditugunak aurrera ateratzeko bitartekoak ziurtatuko dizkigun lan harremanetarako eta babes sozialerako esparrurik gabe ez dago gure interesak kapitalaren gainetik jartzerik.

Zaila da horrelako prozesu bat aurrera ateratzea bai. Baina sindikalgintza abertzalerik gabe ezinezkoa da. Hor dago LABek elkarlanari ematen dion balioa. Askotan esan dugu ELA eta LAB kondenatuak gaudela elkarren artean ulertzera, eta krisi honek ekarri duen erasoaren tamainak premia handitu duela. Ez dakit kondena hitza zuzen den, baina ziur nago okertu egingo garela ados jartzea denbora kontua dela pentsatzen badugu.

Euskal Herriaren burujabetzaren aldeko borroka historikoa da, baina orain hiru urte hartutako bidearekin irekitako prozesua hasi besterik ez da egin. Gauza pilo daude argitzeko eta zuzentzeko. Eta urrats asko emateke oraindik. Zalantzarik gabe, prozesuaren norabidean, ezaugarrietan eta abiaduran nabarmen eragingo lukeen urratsa litzateke ELA eta LABen arteko akordioa.

Gure esku dago hainbeste behar ditugun aldaketa sozialak borrokatzeko akordio sozial sendo bat eraikitzea. Burujabetza prozesua eremu ekonomiko eta sozialen nolakoa izan behar duen zehaztuko duena. Gure klase interesen alde hobe borrokatzeko behar ditugun bitartekoak zeintzuk diren definitzeko eta horiek eskuratzeko bidea nola egingo dugun adosteko akordioa. Instituzio guztien politikak baldintzatuko duena eta lan munduan gure konfrontazio gaitasuna lantokietan handitzeko aukerak emango dizkiguna.

Horrelako akordio bat eraikitzeko denbora behar dugu, baina ez da denbora kontua izango. Batak eta besteak horrelako bide baten alde hartzen ditugun erabakien eta konpromisoen emaitza izango da.» 

 

LAB SAREAN
{module[111]}

    

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bizkaiko suhiltzaileak kalera itzuliko dira berriz, lan-osasuna bermatzeko neurriak eskatzera

Bizkaiko Foru Aldundiko Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuko suhiltzaileek mobilizazioei ekingo diete berriro, eta bihar, urriaren 7an, kalera aterako dira osasunaren eta segurtasunaren arloko hobekuntzak aldarrikatzeko, bai eta beren kategoriako errekonozimendu profesionala aldarrikatzeko ere. 11:00etatik 12:00etara egingo dute mobiliizazioa, Batzar Nagusietatik abiatuta, Bilboko Hurtado Amezaga kalean eta Foru Jauregiaren aurrean amaituta, Kale Nagusian.

Pedrosa sailburuari eskatzen diogu euskara indartzeko neurriak hartzeko, baliabide berriak ezartzeko, akordioak garatzeko eta digitalizazioaz hausnartzeko

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua Hezkuntza Batzordean izan da gaur, azken hilabetean eztabaida publikoa eragin duten PISA azterketako emaitzen inguruko azalpenak emateko eta egoerari aurre egiteko proposatzen dituen neurriak aurkezteko. Era berean, azken ebaluazio diagnostikoaren emaitzak, hizkuntza-gaitasunen egoera eta Hezkuntza Sailak hartuko dituen neurriak izan ditu hizpide.

Gernika-Palestinak hilaren 8rako deitutako mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dugu

Elkarretaratzeak egingo dira ostegun honetan Euskal Herriko udaletxeetan, 19:00etan. LABek bat egingo du mobilizazio horiekin eta dei egiten du, munduko herrien eta langileen aurka ari den inperialismoaren aurrean, elkartasun internazionalista areagotzera.