2025-05-22
HomeEkintza SindikalaAbian da gutxieneko soldata propioa lortzeko sinadura bilketa

Abian da gutxieneko soldata propioa lortzeko sinadura bilketa

Hego Euskal Herriko langileei dei egiten die gehiengo sindikalak, Herri Ekimen Legegilearekin bat egin dezaten.

Gaur, ELA, LAB, ESK, STEILAS, HIRU eta ETXALDE sindikatuok Hego Euskal Herriko gutxieneko soldata propioa izateko eskumena eskuratzeko Herri Ekimen Legegilearen sinadura bilketa jarriko dugu abian. Sinadura bilketa mobilizazio erraldoi bilakatzea da helburua, milaka sinadura lortuz, eta horretarako dei egiten diegu Hego Euskal Herri osoko langile guztiei euren sinadura ematera. Gutxieneko soldata propioa izateak langileria guztiari egingo dio mesede, bereziki eta zuzenean egoera zaurgarrienean daudenei: emakumeak, langile migratu eta arrazializatuak, gazteak eta aniztasun funtzionala duten langileak.

Gaur jarriko dugu abian beraz gutxieneko soldata propioa ezartzeko eskumena eskuratzea helburu duen Herri Ekimen Legegilearen sinadura bilketa. Herri Ekimen Legegileak aurrera egiteko ezinbesteko diren sinadurez gain milaka gehiago lortuko ditugu. Lantokiz lantoki, herriz herri, auzoz auzo lan egingo dugu sinadura eman nahi duen herritar orok horretarako aukera izan dezan.

Milaka dira baita ere, gutxieneko pentsioaren alde, pentsionisten mugimenduak bultzatuta bilduriko sinadurak, sindikatuok, langileok bat egin dugu aldarrikapen horrekin eta orain gutxieneko soldataren aldeko sinadura bilketari ekitera goaz. Sinadura bilketa erraldoia izatea nahi dugu. Hego Euskal Herriko langileok, aberastasunaren banaketa orekatu nahi dugula eta langile guztiontzat bizi baldintza duinak defendatzen ditugula argi utzi eta patronal eta instituzioek bidezkoa eta egingarria den aldarrikapen bati baietza ematea beste aukerarik izan ez dezaten. Gutxieneko pentsioarekin batera, gutxieneko soldata lortzera goaz.

Langile estatutuaren aldaketa eskatzen dugu, Autonomia Erkidegoek Estatukoaren gainetik ezarriko den eta bertako egoerari erantzungo dion gutxieneko soldata bat ezarri ahal izateko. Behin sinadura bilketa amaituta, Euskal Autonomia Erkidegoko edota Nafarroako Legebiltzarretan eztabaidatu eta onartu beharko litzateke Espainiako Kongresuan aurkeztu eta onartu ahal izateko. EAE-n herri ekimen legegileak bere bidea egingo duen arren, Nafarroan parlamentuko mahaiak tramitera ere ez du onartu. Errekurrituta daukagun arren, sinadura bilketa abian jarri dugu, eta sinadurak eskutan alderdi politikoei eskatuko diegu legebiltzarrera eramatea.

Gogoratu behar dugu gaur agerraldian egon garen sindikatuok, gutxieneko soldata propioa eskuratu ahal izateko bi bide landu ditugula. Bat, eskumen berriak eskuratzeko bidea, herri ekimen legegilearena. Bestea, egungo eskumenen baitan, Lanbidearteko Akordio baten bidez langile guztientzat gutxieneko soldata bat ahalbidetuko lukeena. Oraingoz Confebaskek eta CEN-ek bide horri atea itxi die, eta horregatik ere, biltzen ditugun sinadurak bi patronalei aurkeztuko dizkiegu, hemen, Hego Euskal Herrian, gutxieneko soldata propio baten alde dagoen gehiengoa dagoela argi erakusteko helburuz.

Euskal herritarrok behar beharrezkoa dugu gutxieneko soldata propio bat, pobreziari aurre egiteko, aberastasuna hobeto banatzeko eta arrakalei aurre egiteko. Horregatik, bide batetik edo bestetik gutxieneko soldata propioa errealitate bihurtzeko honako eskariak egiten ditugu: langileria guztiari euren sinadura eman dezaten, alderdi politikoei herri ekimen legegilea babestu dezaten Espainiako Kongresurako bidea ahalbidetzeko, Confebask eta CEN patronalei egungo eskumenekin posible den akordioari baiezkoa eman eta negoziazioak has ditzaten, eta Eusko Jaurlaritzari, gutxieneko soldata propioa errealitate bihurtzeko bere bitarteko guztiak aktiba ditzan.

Guk, gutxieneko soldata propioa lortu arte lanean jarraituko dugu, langileak aktibatuz eta mobilizatuz. Bide batetik edo bestetik, lortuko dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

67 urte betetzear zituen garraiolari bat hil da Irunen

LABek jakin duenez, herenegun, goizaldeko 6:30ean, TRANSDIPE S.L. enpresako S.S. garraiolaria hilik agertu zen Irunen, lanerako prestatzen ari zen kamioiaren aldamenean. Kamioia martxan zegoen, atea irekita eta zantzu guztien arabera, heriotza ez traumatiko baten aurrean gaude. Azken honekin, gutxienez 20 langile hil dira urte hasieratik Euskal Herrian, hauetariko 9 garraiolariak.

Pribatizatutako zaintzako langileak mobilizazio nazionalera deitu ditu LABek, haien izaera publikoa aldarrikatzeko

Langile horiek zerbitzu publiko bat eskaintzen duten heinean, administrazioaren zuzeneko langile izan behar dutela defendatuko du LABek Donostian, eta, norabide horretan, lan baldintzen ekiparazioa aldarrikatuko du.

LABek CENi exijitu dio bertan behera utz dezan lan osasunaren prebentzioaren ardura langileei egozten dien kanpaina, diru publikoarekin ordaindu dutena

LAB sindikatuak arriskutsutzat, iraingarritzat eta mingarritzat jo du CENeko enpresariek diru publikoa erabiltzea (60.000 euro) modu seguruan lan egitea langilearen esku dagoela sinetsarazi nahi duten ideiak zabaltzen dituen kanpaina egiteko. Enpresarien kanpainak prebentzioaren berezko printzipioen aurka egiten du, eta enpresariek arlo horretan dituzten legezko betebeharrak hankaz gora jartzen ditu. Nafarroako lan heriotzen agertoki tragiko honetan, prebentzio legea ez betetzeko orduan erakusten duen lotsagabekeriaren bertze erakusgarri bat da kanpaina.