2024-05-05
HomeLAB SindikatuaLABAdi jarraituko dugu patronalak dekretuari buruz egingo duen interpretazioa, salbuespenetarako tarterik ireki...

Adi jarraituko dugu patronalak dekretuari buruz egingo duen interpretazioa, salbuespenetarako tarterik ireki ez dadin

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu Euskal Telebistako "Egun on Euskadi" saioan izan da, eta patronalaren arduragabekeria salatu du berriro, interes ekonomikoak osasunaren gainetik jartzeagatik. Iñigo Urkullu lehendakaria eta EAJrentzat ere hitzak izan ditu: "EAJ-k autogobernuaren defentsa sutsua egiten duenean, patronalaren defentsa egiteko da".

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk langileen kezka nabarmendu du, gaur goizean lanera joan beharko zuten ala ez jakin gabe egon direlako. Hala, dekretua aztertuta, LAB sindikatua patronalak egingo duen interpretazioari adi egongo dela adierazi du, salbuespenetarako tarterik ireki ez dadin. Dekretuaren azterketa juridiko sakona egiten ari gara une honetan.

Hain zuzen ere, Garbiñe Aranburuk patronalaren jarrera salatu du, oinarrizkoa ez den jarduera oro eteteko neurria egun gutxirako izanik, mezu "katastrofista" ari delako zabaltzen: "Ikusi da, oso modu nabarmenean, patronalak bere interes ekonomikoak lehenetsi dituela osasunaren gainetik. Ikusi da arduragabekeriaz jokatu duela eta, arduragabekeria horretan,  inolaz ere ez dela egon patronalaren erantzukizun sozialik".

LAB sindikatuaren hitzetan, "patronalak nahiago izango lukeena da honi guztiari beste modu batean aurre egin, baimen ordainduekin baino, negoziaziorik gabeko ERTEak edo kaleratzeen bidetik. Izan ere, ikusten dugu, berriro ere, krisi honetan bilatzen duena dela krisiaren ondorioak langileek bakarrik pairatu ditzaten".

EAJ eta Iñigo Urkullu lehendakariaren jarrera ere kritikatu du LABeko idazkari nagusiak. Krisiaren hasieran, Madrilek alarma egoera dekretatu zuenean, Urkulluk esan zuen ez zuela 10 segundo baino gehiago galduko zentralizazioa kritikatzeko, leialtasunagatik edo. Bada, Garbiñe Aranburuk adierazi du orain, patronalaren defentsan aritzeko, etengabe ari dela azken neurriak kritikatzen. "EAJ-k autogobernuaren defentsa sutsua egiten duenean, patronalaren defentsa egiteko da", esan du.

"Krisi honetatik langileok aktibatuta atera beharko dugu, krisi honen ondorioak gure bizkar gainean erortzea nahi ez badegu, 2008ko krisiarekin gertatu bezala", erantsi du Garbiñe Aranburuk.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.