2026-10-02
HomeLAB SindikatuaLABOinarrizkoa ez den jarduera oro eteteko neurria berandu eta langileen kontura datorrela...

Oinarrizkoa ez den jarduera oro eteteko neurria berandu eta langileen kontura datorrela salatu du Garbiñe Aranburuk

AGERRALDIA
Neurriak koronabirusaren aurrean
Medidas ante el coronavirus

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk agerraldia egin du, oinarrizkoa ez den jarduera oro eteteko Pedro Sanchezek larunbatean iragarritako neurriaren balorazioa egiteko. Erabakia berandu datorrela nabarmendu du, neurria ezinbestekoa izan arren, sindikatuak lehen egunetik aldarrikatu duen bezala. Aurretik hartu izan balitz, egungo kutsatu kopuruetan ez ginela egongo adierazi du, bi astez milaka langile lanera joatera behartu baitituzte, eurak eta euren familiak arriskuan jarriz. Bizitzak kapitalaren aurretik joan behar duela azpimarratu du, eta EAJk eta Iñigo Urkullu lehendakariak interes ekonomikoak lehenesten dituztela berretsi du: "EAJ-k maillot horia jantzi du, lehen postuan dago, arduragabekerian. Erridikulua egin du berriro, patronalarekiko hain menpeko egoteagatik".

LABeko idazkari nagusiak azpimarratu du oinarrizkoa ez den zerbitzu ororen etenaldia langileen kontura dekretatzen dela. Neurrion ondorioak ere, beraz, langileon bizkar gainean jarri nahi dituztela. "Ez dugu onartuko langileek krisi honen ondorioak ere ordainaraztea", adierazi du, eta orduak errekuperatu beharra edo inolako osagarririk gabeko ERTEak kritikatu ditu.

Oinarrizkoak diren zerbitzuetako langileen segurtasuna eta babesa bermatzeko exijitu du, baita plantillak indartzea ere, ezin iritsi daudelako. Osasungintzakoak, garbitzaileak, etxez etxeko laguntza zerbitzukoak, etxeko langileak, helduen egoitzetakoak… gehienak emakume langleak direla aipatu du, eta krisiak sistemaren miseriak agerian utzi dituela esan du: zaintza lanen egiturazko arazoa eta zerbitzu publikoen merkantilizazio eta pribatizazioa, besteak beste.

EAJ eta Iñigo Urkullurentzat hitzak izan ditu. Jeltzaleek bere momentuan esan zuten ez zutela hamar segundo baino gehiago erabiliko Espainiako Gobernuaren erabakiak zalantzan jartzeko, kronabirusaren krisia dela eta. Bada, oinarrizkoa ez den jarduera oro eteteko erabakiarekin kritikak besterik ez dira irten jeltzaleen ahotik. "Autogobernuari buruz hitz egiten dutenean patronalaren interesak defendatzeko da", salatu du Garbiñe Aranburuk.

Azken mugimenduei dagokienez, Urkulluk Madrili eskatu dio gaia Elkarrizketa Sozialaren mahaiak bidera dezala, funtsesko jarduerak zeintzuk diren bertan erabaki ahal izateko. "Gutxiengo soziala ordezkatuta dagoen mahaian, erabaki antidemokratikoak har ditzan?", kritikatu du LABeko idazkari nagusiak.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.