2026-11-02
HomeEkintza SindikalaBizkaiko metalgintzako mahaian FVEMek atea itxi dio plataforma bateratuari, eta eskubide murrizketei...

Bizkaiko metalgintzako mahaian FVEMek atea itxi dio plataforma bateratuari, eta eskubide murrizketei eusten die

Patronalak sindikatuek planteatutako hobekuntza guztiak baztertu ditu, eta otsaileko proposamenean jasotako atzerapausoek bere horretan segitzen dute. LABen ustez, plataforma bateratua aurkezteko eskakizuna negoziazioa blokeatzen jarraitzeko aitzakia izan da.

Bizkaiko metalgintzako negoziazio-mahaiaren hamargarren bileran, FVEMek ezetz esan die sindikatuen plataforma bateratuko proposamen guztiei. Ez dute soldata-hobekuntzarik nahi, ez lanaldi-murrizketarik, ez antzinatasunean, lan-osasunean, enpleguan, baimenetan edo eskubide sozialetan aurrerapausorik. Ez dituzte langileen lan-baldintzak hobetu nahi.

LABetik behin eta berriro esan duguna gaur argi geratu da: hasieran, lau plataforma sindikal egotea jarri zuten aitzakia gisa; orain, plataforma bateratua aurkeztu dugunean, beste aitzakia bat bilatu dute: eduki gehiegi duela eta murriztu egin behar dela. Bien bitartean, guztiari ezetz esaten jarraitzen dute, otsaileko proposamenari irmo eutsiz.

FVEMen mugimendu bakarra soldata-igoera hauek proposatzea izan da: %3 2026an, %2,5 2027an eta 2028an, eta %1,5 2029an eta 2030ean. Igoera horiek ez dute erosahalmena bermatzen, eta langileek bizitzaren garestitzeari aurre egiteko zailtasunak izango dituzte. Gainera, patronalak otsailean proposatutako murrizketei eusten die: ordutegi-malgutasun handiagoa, lan-istripuengatiko eta lanbide-gaixotasunengatiko aldi baterako ezintasunaren osagarria mugatzea, baimenak hartzeko baldintzak ezartzea eta eskubide sindikalak murriztea, besteak beste.

Egoera ekonomiko eta politikoarekin eta enpresek dituzten zailtasunekin justifikatzen du FVEMek ezetzean oinarrituriko bere jarrera. Baina LABek beste behin eskatu duenean hobekuntza oro baztertzeko oinarritzat omen duen egoeraren txostena, erantzuna berriz ere ezezkoa izan da. LABetik geure buruari galdetzen diogu: sektorea hain gaizki badago, zergatik uko egiten dio FVEMek hori frogatzen duten datuak erakusteari?

Ate hori itxita, LABen argi dugu sektorea aktibatzen eta antolatzen jarraituko dugula, indarrez erantzuteko. Azaroaren 11ko greba orokorra aukera bat da gure soldatak eta eskubideak defendatzeko, etxebizitza duina izateko eskubidea aldarrikatzeko eta bizitzeko zein lan egiteko baldintza duinak exijitzeko. Izan ere, patronalak bost urtez benetako hobekuntzarik gabe eta murrizketekin jarraitzea inposatu nahi digu.

Negoziazio-mahaiaren hurrengo bilera azaroaren 18an izango da. FVEMi exijitu diogu negoziatzeko borondatearekin etortzea eta sektoreko langileen lan- eta bizi-baldintzak hobetzeko proposamenak ekartzea. Bere esku dago. Negoziazioa blokeatzen jarraitzen badu, sektoreak aurreko bi hitzarmenetan egin zuen bezala erantzungo du: borrokaz.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Mallabiko Enerpac enpresaren itxiera salatzen dugu

Errekorreko etekinak dituen multinazional batek 43 pertsona kalean utzi nahi ditu lehenago Larzep izena zuen lantegian.

Osakidetzako langileek irmoki erantzun diote greba deialdiari, eta kaleak bete dituzte lehenengo greba egunean

Eguerdiko manifestazioek milaka pertsona bildu dituzte, osasun zerbitzuko kategoria guztietako beharginak eta osasungintza publikoa babesteko herri plataformetako kideak eta herritarrak barne.

Osakidetzako grebaren baitan Osasun Sailean eserialdia egin dugu

Bilboko egoitzan ekimena egin dugu goizean, eta Alberto Martinez sailburuari eskutitza helarazi ahal izan diote haren idazkariaren bitartez. Greba eguna oso arrakastatsua izaten ari da....