2024-05-06
HomeZerbitzu PublikoakZerbitzu SoziokomunitarioaArreta-ratio egokiak aldarrikatu ditugu helduen egoitzetarako, kalitatezko zerbitzua bermatu ahal izateko

Arreta-ratio egokiak aldarrikatu ditugu helduen egoitzetarako, kalitatezko zerbitzua bermatu ahal izateko

Elkarretaratzea egin dugu Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzaren aurrean, adinekoen egoitzetan ratio egokiak aldarrikatuz. Jaurlaritzaren dekretuaren balorazioa egin dugu, zaintza duina aldarrikatzearekin batera. Era berean, urtarrilaren 30eko Greba Orokorrera deitu dugu.

Sistema kapitalista heteropatriarkalak bigarren maila batean uzten ditu emakumeok egiten ditugun jarduerak. Horregatik, gaur egun oraindik ere alde nabarmena dago lan bati edo besteari ematen zaion balioan, lan hori egiten duena gizona edo emakumea den kontuan hartuta, eta lan horiei bestelako aintzatespen soziala emateaz gain. Hori da zainketen kasua.

Zaintzaile gisa dugun enplegua ez dago ez baloratuta ez aitortuta, ezta antzeko lan maskulinizatuen pareko ordainsaririk ere, eta, horregatik, gure lan-baldintzak eta lan-kargak jasanezinak dira.

Garbitzea, janaria prestatzea, zaintzea, elikatzea … dira gutxien ezagutzen diren lanak, baina, aldi berean, pertsonen biziraupenerako eta ongizaterako beharrezkoenak. Bizitzaren iraunkortasunerako funtsezko eta egiturazko lanak dira, merkantilizatu direnak eta gaizki ordaindutako eta baldintza txarretan dauden enplegu bihurtu direnak, bigarren mailakotzat eta osagarritzat jotzen direlako. Lan horiek ikusezin bihurtu, pribatizatu, prekarizatu eta feminizatu egin dira, duten balio sozial guztia kenduz eta ugalketa sozialerako ezinbestekoak direla alde batera utzita.

Adinekoentzako egoitza-zentroak mendekotasuna duten pertsonentzako baliabide bat dira, eta prestazio batzuk jasotzeko eskubidea dute, eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerei aurre egiteko dituzten mugak direla-eta. Profesionalen kopuruak eta erabiltzaileei emandako denborak erabiltzaileen eta langileen eskubideekiko betetze-maila zehazten dute.

Hirugarren adinekoen egoitza-zentroetako narriadura-egoera kezkagarria da, bai lanari bai laguntzari dagokienez. Arretaren kalitate eskasa emakume langileen lan-baldintza eskasei dagokie. Erakunde publikoek zaintza-eredu asistentzialista eta pribatu baten alde egin dute, eta zeregin horiek guztiak, beste behin ere, emakumeei egokitu zaizkie, funtsezko behar hori enpresa garrantzitsuentzako negozio bikaina bihurtuz. Hori diru publikoaren kontura, emakume langileen baldintza kaskarren kontura eta zerbitzuen kalitate txarraren kontura.

LAB sindikatua aspalditik ari da egiturazko egoera hori salatzen, eta agerian uzten du ezartzen zaigun soldata-arrakala ez dela kasualitatea, zaintza-lanen gaineko gizarte-erantzukizunik eza eta haien banaketa bidegabea, etxeko langileen lan-eskubiderik eza, lanaren sexu-banaketa, gizarte-zerbitzuetako murrizketak, zaintzera "behartzen" gaituztenak, emakumeok enpleguan dugun baldintzarik okerrena. Mugimendu feministarekin batera bi greba feminista deitu ditugu. Gogorarazi behar da, halaber, 14.000 sinadura baino gehiago bildu ditugula, gizarte-zerbitzu guztiak behar bezala arautu behar direla bermatzen dutenak. Bertan, arreta-ratio nahikoak jaso behar dira, bai kopuruari dagokionez, bai kategoriei dagokienez, bai aurrez aurre, zerbitzuen antolaketa erabiltzaileen premietara eta langileen lan-eskubideetara egokitua izan dadin bermatuz, eta lan-osasunaren sustapena bermatuz.

Ildo horretan, Eusko Legebiltzarrak 2016an Eusko Jaurlaritzari eskatu zion eguneratu zitzala gizarte-prestazioak eta -zerbitzuak arautzen dituzten dekretuak, non ratioak eta langileei datxezkien beste gai batzuk arautzen baitira. Eta eskatu zuen idazketa horretan erabiltzaileen ordezkarien eta lan-kontratuko langileen parte-hartze teknikoa izatea, bai eta kalitatezko zerbitzu publikoak eta langileentzako lan-baldintza duinak bermatzea ere.

Hala ere, Eusko Jaurlaritzak hirugarren adinekoentzako egoitza-zentroetarako dekretu bat onartu zuen duela bost hilabete, langileen eta erabiltzaileen parte-hartzerik gabe. aurkeztu ziren alegazioak ere ez zituen kontuan hartu. Dekretuan ezarritako arreta-ratioek ez dakarte langile-gehikuntzarik, eta ez dute ezartzen aurrez aurreko ratio bat, kategorien araberakoa eta erabiltzaileen benetako profilak kontuan hartzen dituena. Enplegu eta Gizarte politiketako Sailaren txosten juridikoak berak ohartarazten zuen ezarritako ratioak ezartzeko justifikaziorik eta objektibaziorik eza.

Ezarritako arreta-ratio horiek eragotzi egiten dute erabiltzaileen eta langileen eskubideak betetzea, eta lan-erritmo eta lan-karga handiengatik lan-arrisku larriak izatera kondenatzen dituzte.

Hirugarren adinekoen egoitza-zentroak gatazka-eremu bizia eta iraunkorra dira zerbitzua jasotzen eta ematen dutenen eta kudeatzen dutenen eta titular direnen artean. Eusko Legebiltzarrak berak berriro eskatu dio Eusko Jaurlaritzari dekretua alda dezala arreta egokia emateko, eta, besteak beste, arreta ratio egokiak ezar ditzala.

LAB sindikatutik Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu berma ditzala erabiltzaileek pertsonengan zentratutako esku-hartze bat jasotzeko dituzten eskubideak eta berma ditzala langileen eskubideak lan-baldintza ezin hobeetan, inolako lan-arriskurik eta prekarietate-faktorerik gabe. Hori guztia, kalitatezko zerbitzu integrala bermatzeko oinarri gisa.

Era berean, eta hirugarren adinekoentzako egoitza-zentroetan dagoen gatazka iraunkorraren ondorioz agertzen diren adierazpen eta bistaratze ugari kontuan hartuta, LAB sindikatuak beharrezkotzat jotzen du langileen eta erabiltzaileen artean indarrak batzea, interpelazio eta mobilizazio bateratuko dinamika batean bat eginez eta lankidetza-esparru bat sortuz, dinamiken eta borroken multzoa indartzeko.

Bide horretan, Gipuzkoako eta Bizkaiko senideen elkarteekin bilerak egin ditugu, eta dinamika honetan parte hartzeko interesa eta prestutasuna agertu digute. Hurrengo asteetan gogoeta bera egingo dugu sektorean ordezkaritza duten sindikatuekin.

Emakume langile eta erabiltzaile gisa borrokatzeko dugun gaitasunetik bakarrik lortuko ditugu kalitatezko zerbitzuak eta lan-baldintzak, osasunerako eskubidea bermatzen dutenak eta edozein prekarietate-faktoretik salbuetsita daudenak.

Urtarrilaren 30ean kalera aterako gara zigortu nahi gaituzten prekarietatearen aurka borrokatzeko, eta bultzada berri bat emango diegu emakume langileen egoera irauliko duten aldarrikapenei.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.