2026-09-14
HomeEkintza SindikalaBizkaiko metal merkataritzan greba egingo dugu urriaren 7an

Bizkaiko metal merkataritzan greba egingo dugu urriaren 7an

LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok agerraldia egin dugu patronalaren egoitzaren aurrean, hitzarmenaren negoziazioaren blokeoa publikoki salatzeko eta, batez ere, greba iragartzeko.

Hitzarmena iraungita dago 2019tik. Sektoreko langileek sei urte baino gehiago daramatzae beren lan eta soldata baldintzak noiz eguneratuko zain. Sei urte hauetan prezioak igo egin dira, erosahalmena galdu dute eta, kasu batzuetan, sektoreko soldatak ez dira urteko 18.000 eurora ere iristen.

Negoziazioa 2019ko erdialdean hasi zen, baina hitzarmenik gabe jarraitzen dute. Argi eta garbi adierazi nahi dugu zein den erantzulea: CECOBI. Baina ez da soilik patronalaren proposamen eta mugimendu eskasengatik; izan ere, negoziazioa baliatu nahi dute jada lortuta genituen eskubideak murrizteko.

Baja medikoen osagarria okertu nahi dute. Hau da, pertsona bat gaixorik egoteaz gain, haren egoera ekonomikoa txarrera joan dadin nahi dute.

Eta antzinatasuna ere murriztu nahi dute, dagoeneko oso mugatuta dagoen osagarria, 2014ko soldataren gainean kalkulatua eta gehienez zortzi laurtekorekin.

Bada, horren guztiaren aurrean, metal merkataritzako langileek zera adierazten dute:

Soldata duinak nahi ditugu, galdutako eros-ahalmena berreskuratzea eta KPIaren araberako eguneratzea bermatzea.

Lanaldia murriztu nahi dugu, Bizkaiko merkataritzako beste hitzarmen batzuetako urteko 1.725 orduetara hurbilduz, gaur egungo 1.758 orduekin alderatuta.

Eta hori egin nahi dugu jada ditugun eskubide bakar bati ere uko egin gabe.

Metal merkataritzako langileak gara sektore hau egunero martxan jartzen dugunok. Enpresek negozioa egiten jarraitzen duten bitartean, gu gara soldata baxuak, lanaldi luzeak eta urteak eguneratu gabe daramatzaten baldintzak jasaten ari garenak.

Horregatik, egindako mobilizazioen ondoren eta negoziazio mahaian aurrerapausorik eman ez dela ikusita, LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok aurrera pausu bat ematea eta urriaren 7an greba egun bat deitzea erabaki dugu.

Horregatik, dei egiten diogu Bizkaiko Metal Merkataritzako sektoreari; antolatzeko, mobilizatzeko eta kalera ateratzeko.

Langile guztiak animatzen ditugu mobilizazioetan parte hartzera, lankideekin hitz egitera eta greba hau erantzun kolektibo eta irmo bihurtzera.

Urriaren 7an milaka pertsona atera behar gara kalera. Sektorea mobilizatzen denean, patronalak entzun egin behar gaituelako.

Urriaren 7an erakutsiko dugu Metal Merkataritzako langileok ez gaudela prest eskubideak eta erosteko ahalmena galtzen jarraitzeko.

Azkenik, Metal merkataritzako patronalari mezu bat helarazi nahi izan diote langileek gaurko agerraldian:

Hurrengo negoziazio mahaia irailaren 21ean izango da eta CECOBIk aukera du benetan akordioa lortu nahi duela erakusteko.

Horretarako, mahaitik kendu beharko ditu bere proposamenaren elementu erregresibo guztiak, eta langileen erosteko ahalmena berreskuratzen dela bermatu behar du.

Urriaren 7an, denok grebara!

Bizkaiko metal merkataritza borrokan!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Langileen aldeko politiketan suspentsoa atera duela ohartarazi diogu Pradales lehendakariari

Errondaren ekimenari sinesgarritasuna kendu, eta behingoz bizitzaren prekarizazioan sakontzen duten politikak alboratzeko eskatu diogu, politika neoliberalei eustea faxismoarentzat bazka baita.

2026-2027 ikasturtearen hasieran, EHUren azpifinantzaketa eta unibertsitate publikoaren defentsa berriz ere mahai gainean jarri ditugu

EHUko ikasturte hasiera ekitaldiaren harira, LAB, STEILAS, ELA eta CGT/LKN sindikatuok elkarretaratzea eta prentsaurrekoa egin ditugu Gasteizko Letren fakultatean. Aurten ere, 2026-27 ikasturtearen hasieran unibertsitate...

Arabako ardogintzako langileek beren aldarria eraman dute mahats bilketaren festara

Dozenaka lagun elkartu ziren atzo Kripanen egondako jaian.