2026-09-14
HomeEkintza Sindikala2026-2027 ikasturtearen hasieran, EHUren azpifinantzaketa eta unibertsitate publikoaren defentsa berriz ere mahai...

2026-2027 ikasturtearen hasieran, EHUren azpifinantzaketa eta unibertsitate publikoaren defentsa berriz ere mahai gainean jarri ditugu

EHUko ikasturte hasiera ekitaldiaren harira, LAB, STEILAS, ELA eta CGT/LKN sindikatuok elkarretaratzea eta prentsaurrekoa egin ditugu Gasteizko Letren fakultatean.

Aurten ere, 2026-27 ikasturtearen hasieran unibertsitate publikoaren arazo nagusiak salatu behar ditugu. Horien artean, EHUren azpifinantzaketa da larriena. Finantzaketa nahikorik gabe, unibertsitate publikoak ezin ditu bere eginkizunak behar bezala bete. Ezin die euskal jendartearen behar eta erronkei erantzun, ezta bere langileen lan-baldintza eta soldata egokiak bermatu ere.

Duela urte bete, EHUren finantzaketak eztabaida publiko handia piztu zuen, EHUko zuzendaritzaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko talkaren eta sindikatuon mobilizazio eta salaketen ondorioz. Urtea pasatu ondoren, egoera berean gaude. Oraindik ez dakigu zein izango den 2027rako Eusko Jaurlaritzak EHUra bideratuko duen aurrekontua. Oso posiblea da aurreko urtearekin alderatuta igoera mugatu bat iragartzea. Egia ordea, bestelakoa da: EHUren benetako beharretatik oso urrun geratuko da berriro ere, baita USLOk berak 2030erako ezarritako helburutik ere: gutxienez BPGren % 1 (egun ez da ehuneko horren erdira heltzen). Argi daukagu unibertsitate publikoa indartzea ez dela Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna. EHUren azpifinantzaketa ez da urte bateko arazoa, egiturazko arazoa baizik, eta ez da konponduko milioi gutxi batzuk gehituta.

Jendarteari zerbitzuak era egokian eta euskaraz eman ahal izateko, unibertsitate publikoa ondo hornitu behar da, bai plantillari dagokionez baita azpiegitura eta baliabide materialei dagokienez ere. Aldi berean, egiturazko arazoei aurre egin behar zaie: kolektibo batzuen prekaritatearekin bukatu; langileen promozionatzeko eskubidea bermatu; azken hamarkada eta erdian galdutako erosahalmenari aurre egin eta oinarrizko soldatak igo, exijitutako kualifikazioa kontuan hartuta; sail batzuetan jada dagoen irakasleen erreleborik ezari konponbidea eman; beharrezkoak diren irakasle eta ikertzaile plaza berriak sortzeko blokeoa gainditu; TEKAZEL (Teknikariak eta Kudeaketako eta Administrazio eta Zerbitzuetako Langileak) /IRI (Irakasle Ikertzaileak) ratioa handitu, premia dagoen zerbitzuetan TEKAZEL lanpostu berriak sortuz; TEKAZEL lanpostuak berrikusi eta baloratu dagokien mailan txertatzeko, 13. eta 14. mailak desagerrarazi eta 15.era igo; azpikontratatutako zerbitzuak (garbiketa, IKT…) publifikatu; berdintasunean eta EHUren euskalduntzean ere pauso asko eman behar dira oraindik… Horietarako guztietarako finantzaketa nahikoa bermatu behar da.

Halaber, beharrezkoa denean ikasketa-plaza gehiago eskaintzeko aukera izan behar du unibertsitate publikoak. Horretarako ere finantzaketa behar da. Baliabide ekonomiko horiek ez bideratzeak edota aldaketa horiek ez baimentzeak unibertsitate pribatuen hazkundea sustatzen du. Azkenaldian unibertsitate pribatuak nabarmen ugaritu dira. Euskal Herrian dauden unibertsitate pribatu batzuk EHUk jada eskaintzen dituen ikasketa berak eskaintzen ari dira. Azken adibidea EUNEIZek ikasturte honetan eskaini berri dituen erizaintzako graduko 60 plazak dira. Eskaera eta beharra badago, zergatik ez handitu unibertsitate publikoaren eskaintza?

Bitartean, erakunde publikoek babes instituzional eta ekonomiko handia ematen diete unibertsitate pribatuei: lur publikoen lagapenak, azpiegiturak eta bestelako erraztasunak eskaintzen dizkiete, hala nola Donostian BCCeko Goe eta Gasteizen BCCeko EDA Drinks & Wines zentroak eraikitzeko udal zoruak 75 urtez lagatzea, Gasteizko bus geltokiaren aparkalekua uztea, edota Querejetari Buesa pabiloi publikoa eta Salburua udal-eremu berdearen lursailak saltzea. Horiei gehitu behar zaizkie unibertsitate pribatuek diru publikoa jasotzeko irekita dituzten bideak, kontratu-programen edota ikerketa-deialdien bitartez. EHUri emandako igoera apalak publikoaren aldeko apustu gisa saldu nahi dituzte, unibertsitate pribatuen hedapena sustatzen duten bitartean.

Testuinguru horretan, prestatzen ari diren Euskal Unibertsitate Lege berriak ere kezka handiak sortzen dizkigu. Lege-proposamenak aurkezten ditu unibertsitate publiko eta pribatuak euskal unibertsitate sistema harmoniko baten osagaiak gisa. Gainera, unibertsitate pribatuek diru publikoa jasotzeko aukerak berresten dituen bitartean (adierazitako irabazi asmoko unibertsitateak barne), EHUren ohiko finantzaketa gero eta gehiago lotzen du kanpo-finantzaketa lortzeko gaitasunarekin. Horrez gain, unibertsitate pribatuei ezartzen zaizkien baldintzak (irakasleen kualifikazioari, euskararen presentziari, zerbitzuen eskaintzari edota langileen kudeaketa eta baliabide ekonomikoei buruz kontu emateko mekanismoei dagokienez) unibertsitate publikoari eskatzen zaizkionak baino askoz malguagoak dira edo ez dira ezta ezartzen ere.

Horregatik guztiagatik, ikasturte honen hasieran ere, unibertsitate publikoaren alde mobilizatzeko unea da. Eredu pribatizatzaile eta liberalaren aurrean, EHUk behar duen finantzaketa eta euskal jendartearen beharrei erantzungo dien unibertsitate legea exijitzen ditugu, unibertsitate publikoa benetan indartuko duena eta interes pribatuen menpe egongo ez dena. Publikotasunean, euskaran, euskal kulturan zein unibertsitate sistema burujabean oinarrituko den unibertsitatea, hain zuzen ere.

LAB, STEILAS, ELA eta CGT/LKN-k, Eusko Jaurlaritzari exijitzen diogu behingoz EHUk behar duen finantzaketa bermatzea eta unibertsitate publikoaren aldeko benetako apustua egitea. Baina EHUko zuzendaritzak ere ezin du ikusle hutsaren papera jokatu. Ez da nahikoa finantzaketa falta salatzea; baliabide horiek ziurtatzeko beharrezkoak diren kudeaketa politiko eta instituzionalak sustatzen jarraitu behar du, eta, aldi berean, dituen eskumenen barruan langileen lan-baldintzak hobetzeko eta hartutako konpromisoak betetzeko neurriak hartu behar ditu. Orain arte, ordea, askotan Eusko Jaurlaritzak ezarritako muga estuak aplikatu eta langileen eskaerak bigarren mailan geratu dira. Unibertsitate publikoaren defentsak irmotasuna eta ausardia eskatzen ditu.

Unibertsitate publikoaren defentsan, Eusko Jaurlaritza, bermatu beharrezko finantzaketa!

Unibertsitate pribatuei mesede traturik ez!

Errektoretza taldea, irmo defendatu EHUk behar duen finantziazioa!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bizkaiko metal merkataritzan greba egingo dugu urriaren 7an

LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok agerraldia egin dugu patronalaren egoitzaren aurrean, hitzarmenaren negoziazioaren blokeoa publikoki salatzeko eta, batez ere, greba iragartzeko.

Arabako ardogintzako langileek beren aldarria eraman dute mahats bilketaren festara

Dozenaka lagun elkartu ziren atzo Kripanen egondako jaian.

Hezkuntza sistema eraldatzeari Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak jarritako oztopoak azaleratu ditu PISA txostenak

LABen kezkaz hartu ditugu Jaurlaritzak PISAren emaitza kaxkarren arrazoien artean hizkuntza ereduak aipatu izana. Aitzitik, euskara gaitasunak indartzeak gainerako konpetentziak hobetzea ekarriko du.