2026-09-07
HomeEkintza SindikalaGogor salatzen dugu CCOOren eta UGTren traizioa, Bizkaiko garraioko hitzarmena sinatuta prekaritatea...

Gogor salatzen dugu CCOOren eta UGTren traizioa, Bizkaiko garraioko hitzarmena sinatuta prekaritatea iraunarazi eta langileen eskubideak saldu dituztelako

Joan den ostiralean, lan baldintzak hobetzeko beste aukera bat galdu zen Bizkaiko garraioaren eta logistikaren sektorean. CCOO eta UGT sindikatuek aurrera pausorik ez dakarren hitzarmena sinatu dute berriro, ASETRABI-CEBEK patronalaren aurrean belauniko jarriz eta milaka langileren eskubideak salduz.

LABetik gogor salatu nahi dugu sindikalismo otzan eta salduaren erakustaldi hau, etekin errekorrak dituen sektore batean inola ere nahikoa ez den akordio bat ontzat eman duena.

LABek helburu argiekin ekin zion negoziazioari 2025ean: aurreko hitzarmenetan galdutako eskubideak berreskuratzea, langileen erosteko ahalmenaren galera gelditzea eta 0 miliako banatzaileak hitzarmen honetan barneratzea. CCOO eta UGTk horietako bat bera ere bermatzen ez duen testu bat sinatu dute.

Erosteko ahalmena bermatzen ez duten ogi-apurrak soldatetan

Sinatutako akordioak soldata igoera guztiz eskasak aurreikusten ditu, egungo errealitate ekonomikoari erantzuten ez diotenak: joan den abuztuan, EAEko KPIa %4,3koa izan zen, baina CCOOk eta UGTk soldata igoera hauek adostu dituzte:

• 2025: %1,5eko igoera

• 2026: %3,5eko igoera

• 2027: %3eko igoera

Gainera, berrikuspen-klausula tranpa bat da: 2028an aparteko igoera egongo da 2024, 2025 eta 2026ko KPIen baturak %8a gainditzen badu soilik. Beste behin ere, langileek ordainduko dute inflazioaren zama, patronalak bere etekin-marjinei eusten dien bitartean.

Gure bizitzak jokoan egongo dira: lan-istripuen aurkako neurririk ez

LABek bereziki larritzat eta onartezintzat jotzen du akordio honek lan-istripuen tasari aurre egiteko neurri eraginkor bat bera ere ez jasotzea. Negoziazio honek iraun duen 20 hilabeteetan, 33 profesional hil dira Euskal Herrian gidatzen ari ziren bitartean.

Sarraski honen aurrean, lanaldia 12 ordu baino ez da jaitsiko 2027an (1.712 ordutan geratuko da). Erabateko iseka da gure bizitzak jokoan daudenean.

Zentro logistikoak

Sinadura honekin, CCOO eta UGTk berriro ere bizkarra eman diote zentro logistikoetako langileei, sektoreko kolektibo zigortuenetako eta okerren ordainduenetako bati, hauen lan-baldintza prekarioak iraunaraziz eta inolako hobekuntza errealik gabe.

Patronal aberatsa eta erakundeen laguntzarekin biktimismoa egiten duena

ASETRABI-CEBEKen diskurtso biktimistak gora-behera, Bizkaiko garraioaren eta logistikaren sektorearen egoera ekonomikoa sendoa da. Patronalaren poltsikoak diru publikoz betetzen jarraitzen dute,, honako hauen bidez:

Inbertsio indartsuak azpiegituretan: Bilboko Portua handitzea, Jundiz finkatzea, Arasurren garapena eta azken bosturtekoan Ezkerraldean eta Meatzaldean sortutako zentro logistiko berriak.

Babes estrategikoa: Atlantikoko Korridorearen aldeko apustua, Eusko Jaurlaritzaren babesarekin EAE erreferentziako polo logistiko gisa finkatzeko.

Zuzeneko laguntzak: Deskarbonizaziorako, gasolinarako eta sektorea modernizatzeko erakundeen dirulaguntzak.

LABek eskatzen zituen soldata-igoerak eta hobekuntzak bidezkoak, onargarriak eta guztiz bideragarriak ziren. Ez zegoen amore emateko arrazoi ekonomikorik, CCOO eta UGTren aldetik borondate sindikal falta baizik.

LABek borrokan jarraituko du

Gaur CCOO eta UGTk ordezkatzen duten bulegoetako sindikalismo otzanaren aurrean, LABek konfrontazioarekin eta duintasunarekin duen konpromisoa berresten du. Sektoreko langileek bizi duten errealitatea salatzen jarraituko dugu, batzuei entzuteak min ematen badie ere.

LABek bestelako sindikalismo bat ordezkatzen du: borrokalaria, eraldatzailea eta langile klaseraren aldekoa. Hitzarmen honen sinadura ez da bidearen amaiera, zentro bakoitzean antolatzeko eta borrokatzen jarraitzeko arrazoi bat gehiago baizik.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Suhiltzaile zerbitzuan Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren koordinazio falta salatzen dugu

Asteburuan zerbitzuko guardia-burua Garberako suhiltzaile-etxeko bere bulegotik kanporatua izan zen.

Hezkuntza publikoa indartzeko ezinbestekoa da baliabidez hornitzea

Hezkuntza Sailaren inprobisazioa, arduragabekeria, noraeza, itxurakeria, erabakiak aldebakarrez hartzea eta 2025eko irakaskuntza publikoan mobilizazio eta greba zikloei bukaera eman zieten akordioak bere osotasunean betetzen ez dituela salatzeko elkarretaratzea egin du LAB sindikatuak.

Udal alarde publiko eta feminista bakarraren alde egiten dugu

Hogeita hamar urte pasa dira Irun eta Hondarribiko emakume* batzuek gizonek dituzten eskubide berberak bere egin eta euren herrietako alardeetan parte hartzen saiatu zirenetik, hots, emakumeek* ere jaietan modu aktiboan parte hartu ahal izateko bidea hartu zutenetik.