2026-09-07
HomeEkintza SindikalaSuhiltzaile zerbitzuan Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren koordinazio falta salatzen dugu

Suhiltzaile zerbitzuan Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren koordinazio falta salatzen dugu

Asteburuan zerbitzuko guardia-burua Garberako suhiltzaile-etxeko bere bulegotik kanporatua izan zen.

LABetik Garberako suhiltzaile-etxean gertatutakoa salatzen dugu, onartezina baita Gipuzkoako Foru Aldundiko EAJ/PNVko diputatua den Irune Berasaluze eta Donostiako udaleko EAJ/PNVko Martin Ibabe zinegotziaren arteko suhiltzaileen inguruko kontraesanek herritarren kaltetan jokatzea.

Joan den irailaren 4an, ostiralean, Gipuzkoako Foru Aldundiko suhiltzaile zerbitzuko guardia-burua, bere lan-ordutegian zegoela, Donostiako Garberako suhiltzaile-etxean zuen bulegotik kanporatu zuten. Bulegoa uztera behartu zuten. LABek oso larritzat jo du gertatutakoa, eta langile guztien aurrean argi eta garbi salatu du.

Garberako suhiltzaile-etxea Donostiako suhiltzaile zerbitzuaren egoitza da. Eraikina sortu zenean, Gipuzkoako Foru Aldundiak ekonomikoki lagundu zuen, eta garai hartan mahai gainean zegoen Gipuzkoa 20-30 proiektuaren baitan —bi suhiltzaile zerbitzuen bateratzea helburu zuena—, Aldundiko suhiltzaile zerbitzuak bertan kokatu zituen bere komunikazio-zentroa eta guardia-buruaren bulegoa. Ez zen kasualitatea izan. Bi zerbitzuak fisikoki toki berean egoteak koordinazioa, informazio-trukea eta larrialdien aurrean erantzun eraginkorragoa bermatzeko helburua zuen.

Horregatik, LABen ustez ulertezina da orain kontrako norabidean doan erabaki hau hartzea. Are gehiago, guardia-burua larrialdi egoeretan eta, bereziki gauez, erabakiak eta koordinazio-lanak egiteko ardura duen pertsona dela kontuan izanda.

Langile bat bere lanpostutik kanporatzea, eta Gipuzkoako larrialdi zerbitzuko arduradun nagusia koordinazioaren erdigunetik ateratzea, ez da arazo pertsonal bat. Guztiontzako eta, batez ere, herritarren segurtasunerako arazoa da.

LABen ustez, erakundeen arteko desadostasunek edo kudeaketa politikoaren ezintasunak ezin dute larrialdi zerbitzuen funtzionamenduan eragin. Herritarren segurtasunarekin ezin da jolastu.

Horregatik, LABek:

– Gertatutakoaren erantzukizunak argitzeko eskatzen du.

– Erabaki honen atzean dauden arrazoiak langile guztiei azalduak izan daitezela exijitzen du.

– Gipuzkoako suhiltzaile zerbitzuen arteko koordinazioa bermatzeko neurriak har daitezela eskatzen du.

– Eta egoera bideratzeko gaitasunik erakutsi ez duten arduradun politiko eta teknikoek beren erantzukizunak har ditzatela exijitzen du.

LABek ez du onartuko larrialdi zerbitzuen antolaketa eta funtzionamendua erakundeen arteko gatazken menpe egotea. Guztion artean defendatu behar dugu Gipuzkoako suhiltzaile zerbitzu publiko, koordinatu eta eraginkorra eta EAJ/PNVk ere bere ardurak har ditzan exigitzen dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gogor salatzen dugu CCOOren eta UGTren traizioa, Bizkaiko garraioko hitzarmena sinatuta prekaritatea iraunarazi eta langileen eskubideak saldu dituztelako

Joan den ostiralean, lan baldintzak hobetzeko beste aukera bat galdu zen Bizkaiko garraioaren eta logistikaren sektorean. CCOO eta UGT sindikatuek aurrera pausorik ez dakarren hitzarmena sinatu dute berriro, ASETRABI-CEBEK patronalaren aurrean belauniko jarriz eta milaka langileren eskubideak salduz.

Hezkuntza publikoa indartzeko ezinbestekoa da baliabidez hornitzea

Hezkuntza Sailaren inprobisazioa, arduragabekeria, noraeza, itxurakeria, erabakiak aldebakarrez hartzea eta 2025eko irakaskuntza publikoan mobilizazio eta greba zikloei bukaera eman zieten akordioak bere osotasunean betetzen ez dituela salatzeko elkarretaratzea egin du LAB sindikatuak.

Udal alarde publiko eta feminista bakarraren alde egiten dugu

Hogeita hamar urte pasa dira Irun eta Hondarribiko emakume* batzuek gizonek dituzten eskubide berberak bere egin eta euren herrietako alardeetan parte hartzen saiatu zirenetik, hots, emakumeek* ere jaietan modu aktiboan parte hartu ahal izateko bidea hartu zutenetik.