Lan harremanetan egiturazko ezberdintasunak mantentzen dira.
Langabezia tasa %7,3an mantendu da Hego Euskal Herrian; izan ere, 1.300 langabetu gehiago dauden arren, 10.000 pertsona gehiago ari dira lanean. 2026ko bigarren hiruhilekoan Hego Euskal Herrian 1.322.800 langile daude lanean eta 104.900 lan bila; hau da, orotara 1.427.600 dira lan harremanetan aktibo dauden euskal herritarrak.
Biztanleria Aktiboaren Inkestak lan harremanetan gertatzen diren egiturazko arrakalak oso argi mahaigaineratzen ditu, eta modu isolatuan emanez gero baikorrak diruditen datuak, oro har, ez dira horren positiboak. Joan den urtetik 1.600 emakume gehiago daude langabezian eta 7.600 emakume gutxiago lanean, gizonen artean 400 langabetu gutxiago direnean eta 17.500 gehiago lanean daudenak. Eta datu hauen hobekuntza uda sasoian egiten diren lan kontratu prekarioen ondorio da; izan ere, azken hiruhilekoan 18.000 emakume gutxiago daude langabezian eta 11.900 gehiago lanean. Horrek begibistan uzten du an egonkorrarena beste arrakala bat dela emakumeentzako.
Kontratu motei erreparatuta, 1.156.400 kontratu ingururen artean, emakumeen kasuan %21,5 behin-behinekoa da, eta gizonen artean %13,8. Behin-behinekotasuna jaitsi da, baina emakumeen artean 1.400 gutxiago dira behin-behineko kontratuak, eta gizonen artean, aldiz, 8.800.
Epe luzez lan bila dauden langileen datuak aztertzerakoan, orokorrean jaitsi egin da kopurua, eta lan bila ari direnen %31,6 dira epe luzekoak, orain urtebete %44,1 zirenean. Dena den, epe luzez lan bila ari diren emakumeak 2.900 emakume gutxiago badira ere, zifra hori 9.400ekoa da gizonen kasuan, eta emakume langabetuen %38,6k epe luzez darama egoera horretan. Jaitsi den arren, lan harremanetan gertatzen diren desparekotasunek lana aurkitzeko zailtasunak handitzen dituzte.
Hori gutxi balitz, partzialitatea ere jaitsi da, eta jardunaldi osoan diharduten langile okupatuen zenbatekoak gora egin du. Bereziki nabarmena izan da partzialitatearen jaitsiera emakumeen artean, 35.100 gutxiago direlarik. Ordea, jardunaldi osoa ez da hainbeste hazi, eta 7.600 emakume gutxiago dira okupatuak. Gizonen artean, 8.000 gutxiago ari dira jardunaldi partzialean, baina 17.500 okupatu gehiago daude.
Datu hauekin, emakumeen aktibitate tasa %51,97koa da; hau da, ia erdia lan harremanetatik kanpo dago.
Gazteen artean langabezia tasa %22,9ra jaitsi da azken hiruhilekoan, uda sasoiaren eraginez. Eta azken urtean aktibitate tasa %28,87tik %35,9ra pasa da; horregatik, 16,400 gazte gehiago dira okupatuta daudenak, eta aldi berean 5.000 langabetu gehiago daude.
Bukatzeko, langabezia datuek sektoreka uzten diguten argazkia honakoa da: lehen sektorean eta industrian jaitsi egin da langabezia, eraikuntzan mantendu egiten da eta zerbitzutan egiten du gora (azken hiruhilekoan udako epeagatik nabarmen behera egin duen arren).
Langabezia jaitsi arren, lan harremanen egiturazko egoera kezkatzekoa da, enplegu galera gertatzen ari baita. LAB sindikatuak lan harreman eta babes sozialerako sistema propioa edukitzea ezinbestekotzat jotzen du, esparru propio baten baitan erabaki burujabeak hartu ahal izateko eta bertako ekonomia zein langileen beharrak bermatzeko. Lan merkatuak dituen egiturazko gabeziei eredu berri baten aldeko borrokarekin erantzungo die sindikatuak lan esparru guztietan.

