2026-10-28
HomeEkintza Sindikala"Barraskilo operazioa": Nafarroako Gobernuak errepresioaren eta grebalarien zigorraren alde egin du, lantokietan...

“Barraskilo operazioa”: Nafarroako Gobernuak errepresioaren eta grebalarien zigorraren alde egin du, lantokietan grebarako eskubidea urratu izanaren aurrean beste alde batera begiratzen duen bitartean

Barraskilo Operazioan parte hartu genuenok, isunak eta errepresioa salatzen ditugu, martxoaren 17an Euskal Herrirako 1.500 euroko LGSren aldeko greba orokorraren testuinguruan egindako ekintza baketsu batengatik.

Joan den martxoaren 17an, Euskal Herrian 1500 €-ko gutxieneko soldata aldarrikatzeko deitutako greba orokorraren testuinguruan, “Barraskilo Operazioa” izeneko mobilizazioa egin zen. Ekintza, Sakanako Autobiatik 60 km/h-ko abiaduran zirkulatzea izan zen, trafikoa moteldu eta aldarrikapen hori ikusarazteko helburuarekin. Hasiera hasieratik hartu ziren beharrezko segurtasun neurri guztiak, eta mobilizazioa modu baketsuan egin zen, gorabeherarik gabe eta bidearen erabiltzaileak arriskuan jarri gabe.

Protestak oihartzun handia izan zuen eta greba orokorraren jarraipena indartzen lagundu zuen, lan harremanetarako esparru propio baten eta Nafarroarako eta Euskal Herri osorako gutxieneko 1.500 euroko soldataren aldarrikapenari hauspoa eman zion.

Hala ere, Nafarroako Gobernuaren eta Foruzaingoaren erantzuna errepresioa izan da, zigor espediente ugari ireki baitira. Gaur egun, isunak 5.000 eurotik gorakoak dira, eta gidabaimeneko puntuak kentzea 50 puntutik gorakoa da salatutako pertsonen artean. Oraindik ez dakigu zein izango den isunen eta ondorio administratiboen azken balantzea.

Gure ustez, erantzun hori guztiz neurrigabea da, eta gizartearen mobilizazio legitimoa zigortzeko eta kriminalizatzeko ahalegin bat besterik ez da. Aldarrikapenei buruzko eztabaida ireki eta Nafarroarentzako gutxieneko soldata propioa lortzeko neurriak hartu beharrean, errepresioaren bidetik jo du Chiviteren gobernuak. Gure ustez, Nafarroako Gobernuak ez du berdin jokatzen langileok zigortzerako orduan edo enpresariak zigortzerakoan. Esate baterako, greba testuinguruan egon diren greba eskubidearen aurkako mehatxuek eta langileen ordezkapenek ez dute ondorio berdinak izan enpresarientzat.

Egoera horren aurrean, Barraskilo Operazioarengatik zigortuak izan garenok elkartasun-dinamika bati ekingo diogu, zigor horien ondorio ekonomiko eta administratiboei kolektiboki aurre egiteko.

Lan eta giza eskubideak defendatzea ezin da zigortzeko arrazoi bihurtu. Isunei eta errepresioari erantzuna, Antolakuntza eta elkartasuna izango dira. Gure eskubide zibilen aldeko ekimena, greba eskubidearen aldekoa.


SAKANAKO GREBA BATZORDEAK

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bidaideak enpresako langileak hitzarmen duin baten alde borrokan ari dira

Mobilizazio bat egin dute gaur, enpresaren aurrean, negoziazio mahaia hasi baino minutu batzuk lehenago.

Lan-arrazakeria, morofobia eta islamofobia badago, ez da benetako aniztasuna

Basquevolt enpresari lan-diskriminazio arrazista, matxista, morofobikoa eta islamofobikoagatik jarritako salaketaren epaiketaren aurrean elkarretaratzea egin dugu gaur Gasteizen.

Urriaren 30eko grebari eusten diogu, Osakidetzarekin negoziatzeko beharrezko aurrerapenik ez dagoelako

Gehiengo sindikala osatzen dugunok proposamenak eskatzen ditugu plantillaren beharrei erantzuteari dagokionez, eta Osakidetzari gatazka-egoera konpontzeko borondatea eskatzen diogu. Onartezina da Osakidetzak gaur egun inolako soldata-proposamenik egin ez izana.