LABek ez du hitzarmenetan 1.500 eurotik beherako soldatarik onartuko, eta mobilizazioak eta grebak sustatuko ditugu helburu hori lortzeko.
Gaur egun LABek gehiengoa duen hitzarmenetan ia ez dago 1.500 eurotik beherako soldatarik; aurrerantzean gehiengorik gabeko eremuetara ere eramango dugu borroka.
Greba orokorraren ondotik gutxieneko soldata propioaren aldeko borroka fase berri batean sartu dela eta, LABek astinaldia iragarri du negoziazio kolektiboan datozen hilabeteetarako: 1.500 euroko gutxieneko soldata propioaren aldeko borroka negoziazio kolektiboaren esparruan indartzeko apustua egingo du sindikatuak, aldarrikapena lantokietara eta negoziazio mahaietara eramanez.
Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak eta Oihana Lopetegi negoziazio kolektiboko eta ekintza sindikaleko arduradunak egin dute iragarpena prentsaurrean, Bilbon. Azaldu dutenez, LABek “helburu argi bat” defendatuko du negoziazio guztietan: “lan-eremuak 1.500 eurotik beherako soldatetatik libre uztea; ez sektoreetan, ez enpresetan, ezta azpikontratetan ere, ezin dira onartu pobrezia eta prekarietatea betikotzen dituzten soldatak, eta LABek ez ditu onartuko”.
Beraz, LABek bere ordezkaritza, antolakuntza gaitasuna eta indar sindikal guztia jarriko ditu helburu horren zerbitzura. Oihana Lopetegiren esanetan, “gaur egun, LABek gehiengoa duen hitzarmenetan helburu hori betetzear du, ia ez dago 1.500 eurotik beherako soldatarik; aurten langa hori gainditzea lortu da, besteak beste, Arabako ardogintzan eta esku-hartze sozialean, Gipuzkoako grafikagintza eta itsaskien handizkako merkataritzan, edota Nafarroako optiken merkataritzan”.
Aurrerantzean sindikatuak gehiengorik ez duen hitzarmenetan ere borroka eta mobilizazio dinamikei ekingo die egoera hori gainditzeko. Egoera horretan dira, esaterako, Bizkaiko garbiketa, Arabako metala, Enplegu Zentro Bereziak eta Nafarroako nekazaritza eta abeltzaintza. Lehentasuna emango die 1.500 eurotik beherako soldatak dituzten sektore eta enpresetako borrokei. “Sektore horietako langileei eta sindikatuei greba eta mobilizazio proposamenak egingo dizkie, borroka sindikal eraginkorra sustatzeko eta indarrak norabide berean batzeko”, adierazi dute LABeko bozeramaleek.


“Jakina da negoziazio kolektiboaren bidez soilik ez dagoela langile guztiengana iristerik, baina funtsezkoa da LAB dagoen sektore eta enpresetan borroka hau lehentasunez lantzea”, erantsi du Aranburuk, eta zehaztu du sektore eta enpresa hitzarmenetan 1.500 euroko gutxieneko soldatak ezartzeak “etorkizunean sektorearteko akordio zabalago baterako bidea indartu” egingo duela.
Orain arte egindako ibilbideak, eta bereziki greba orokorraren arrakastak, agerian utzi dute Euskal Herrian gutxieneko soldata propio baten aldeko babesa gero eta zabalagoa dela jendartean.
Bertako errealitatera egokitutako gutxieneko soldata bat ezartzeak onura ekarriko lituzke: soldaten debaluazioa mugatuko luke; arrakala matxistak eta arrazistak murrizten lagunduko luke; aberastasunaren banaketa bidezkoagoa ahalbidetuko luke; eta, oro har, Euskal Herriko garapen ekonomikoari mesede egingo lioke, soldata baxuetan oinarritutako ereduak porrot egingo baitu nazioarteko testuinguru lehiakorrean.
Bi bide osagarri irekita
Bi bide osagarri landu ditu LABek beste sindikatuekin batera gutxieneko soldata propioa lortzeko: bide politikoa eta negoziazio kolektiboa. Oztopoak oztopo, bi bideek zabalik jarraitzen dute, eta, LABeko arduradunek defendatu dutenez, “unea da borroka indartzeko”.
Bide politikoari dagokionez, EAJk, PSEk eta PSNk blokeatu nahi izan dute aukera Euskal Herrian gutxieneko soldata propioa ezartzeko behar diren eskumenak lortzeko. Hala ere, eztabaida ez dago itxita. Madrilen EH Bilduk, ERCk eta BNGk konpromisoa hartu dute lege-aldaketa bat sustatzeko, estaturik gabeko nazioetako sindikatuek eskatutako ildotik.
Negoziazio kolektiboaren eremuan, berriz, CONFEBASKek eta CENek uko egin diote beren erantzukizunari, eta ez dute erakutsi gutxieneko soldataren inguruko akordio intersektorial bat negoziatzeko borondaterik. Patronalek prekarietatearen aldeko jarrerari eusten diote, baina horrek ez du eztabaida eta gatazka geldiaraziko.
Izan ere, langileek argi adierazi dute ez daudela prest 1.500 eurotik beherako soldatak normaltzat hartzeko, eta aldarrikapen hori gehiengo sozial eta sindikal zabal baten eskaera bihurtu da. Agerraldian azaldu dutenez, “modu batean edo bestean sindikatu guztiek bat egin dugu 1.500 euroko gutxieneko soldataren aldarriarekin, eta guztioi dagokigu negoziatzen ditugun hitzarmenetan konpromiso hori errealitate bihurtzea”.
Greba Orokorraren deialdiaz geroztik hona hainbat hitzarmenetan 1.500 euroko gutxieneko soldata bermatzea lortu da, hala nola, Bizkaiko grafikagintzan edo Nafarroako zahar egoitzetan.
Alabaina, patronalak blokeatzen ari da beste hainbat hitzarmen. Horietako asko sektore feminizatuak dira, bizitza sostengatzeko funtsezko ekarpena egin arren patronal matxistak aintzat hartzen ez dituenak.
1.500 euroko gutxieneko soldata propioaren aldeko borrokak, beraz, jarraipena izan behar duela aldarrikatu du LABek. “Gobernuak eta patronalak interpelatzen eta presionatzen jarraitu behar dugu, eta gure esku dagoen guztia egiten. Mobilizazioetan lortutako indarra negoziazio kolektibora eramateko garaia da orain, langile guztientzat soldata duinak errealitate bihurtzeko”, amaitu dute Aranburuk eta Lopetegik.

