Bigarren greba eguna izan dute gaur ITASUAko beharginek, eta egoera desblokeatu eta benetako negoziazioa ahalbidetu ezean, greba mugagabeari ekingo diote.
Jarraian irakur daiteke gaur emandako prentsaurrekoan zabaldutako komunikatua:
“Gaur ITASUA enpresako Zarautz eta Bergarako langileen eta ordezkarien izenean hitz egiten dugu, enpresarekin hainbat bilera egin ondoren eta akordiorik lortu ez denez, lan-gatazkaren berri emateko eta gure aldarrikapenak gizarteari helarazteko batu gara gaur hemen.
Duela aste asko negoziazio prozesu bat abiatu genuen helburu argi batekin: gure lan-baldintzetan aurrerapauso garrantzitsu bat ekarriko zuen enpresa hitzarmen bat sinatzea. Gure eskaerak ez dira neurrigabeak; sektore berean, lan bera egiten duten langileen arteko berdintasuna eta justizia bilatzen ditugu. Gipuzkoan dauden beste ITV enpresa bateko langileek baino 133 ordu gehiago egiten ditugu urtean eta 2.000 eta 5.000€ arteko soldata txikiagoak ditugu.
ITASUAren jarduera berezia da. Herritar guztiak behartuta daude beren ibilgailuak aldizka ITVra azterketa teknikoa egitera , segurtasuna bermatzeko. Neurri hori beharrezkoa eta egokia dela uste dugu. Hala ere, ezin dugu ahaztu jarduera hau derrigorrezkoa dela herritarrentzat, eta, horregatik, interes publikoko zerbitzu baten ezaugarri asko dituela.
Urtez urte, jarduera horrek etekin ekonomiko handiak sortzen ditu. Azken 5 urteetan, Larrauri familiak 5.000.000€ inguru eraman ditu etekinetan. Gure ustez, ezin da onartu zerbitzu honen etekinak gutxi batzuen aberastasuna handitzeko erabiltzea, langileen lan-baldintzak atzean uzten diren bitartean. Zerbitzu honek gizarte osoari mesede egin behar dio, eta horrek langileen baldintza duinak ere bermatzea esan nahi du.
Negoziazio prozesuan zehar, zoritxarrez, enpresak benetako akordio baterako borondate eskasa erakutsi du. Horren adibide da Gasteizko hiru ordezkarirekin sinatutako eraginkortasun mugatuko akordioa. Akordio hori ez da ITASUAko langile guztien ordezkaritzarekin adostu, eta ez du gatazka honi irtenbide orokorrik ematen.
Hala ere, enpresak akordio hori baliatu nahi izan du negoziazio kolektiboa amaitutzat emateko. Jarrera hori arduragabetzat jotzen dugu, langileen zati handi batek ez baitu akordio hori onartu eta negoziatzen jarraitzeko borondate argia erakutsi baitu.
Bergarako eta Zarauzko ordezkariek eta langileek ez dute akordio horrekin bat egin. Gure konpromisoa argia da: negoziazio mahaira itzultzea eta benetako akordio justu bat lortzea.
Horregatik, mobilizazioekin aurrera egitea erabaki dugu. Ekainaren 29an lehen greba eguna egin genuen, eta gaur, uztailaren 8an, bigarren greba eguna ari gara gauzatzen.
Horrez gain, uztailaren 10ean hirugarren greba eguna egingo dugu, eta egoera desblokeatzen ez bada, uztailaren 13tik aurrera greba mugagabe bati ekingo diogu.
Enpresaren blokeoak eta negoziatzeko benetako borondaterik ezak bide honetara eraman gaituzte. Langileok gure lan-baldintzak defendatzeko eskubidea dugu, eta horixe egiten ari gara.
Azkenik, enpresari dei egiten diogu berriro ere. Oraindik garaiz dago gatazka hau konponbidean jartzeko. Langileen gehiengoaren ordezkariekin negoziatzera itzul dadila, eta benetako akordio baten aldeko urratsak eman ditzala.
Guk prestutasun osoa dugu negoziatzen jarraitzeko. Baina prestutasun bera espero dugu enpresaren aldetik ere, eta berririk ezean, argi dugu greban jarraituko dugula merezi ditugun lan baldintzak bermatuko dituen hitzarmena lortu arte.
BORROKA DA BIDE BAKARRA!!!”

