2026-06-29
HomeEkintza SindikalaSalatzen dugu segregazio mahaiak ez duela balio izan eskola segregazioari aurre egiteko...

Salatzen dugu segregazio mahaiak ez duela balio izan eskola segregazioari aurre egiteko itun soziala lortzeko

EAEko Hezkuntza Sailak prozesua baliatu du Hezkuntza Legea legitimatzeko eta bere erabakien propaganda egiteko

Urtarrila bukaeran LAB sindikatuak segregazio mahaitik alde egin genuenean adierazi genuen gure ustez ez zegoela aukerarik mahai horretan eskola segregazioari aurre egiteko beharrezkoa zen itun soziala lortzeko, ez baitzegoen baldintzarik zerbait egiten delako sentsazioa emateko sorturiko mahai horretan eztabaidatu eta akordioak lortzeko. Izan ere, segregazio mahaiak izan dituen hiru faseetan Hezkuntza Sailak aldebakarrez erabaki du zein izan diren fase bakoitzaren ondorio eta erabakiak eta metodologia bere helburuak lortzeko nahieran moldatu du, helburu bakar gisa parte hartzea zuen metodologia planteatuz.

Diagnostikoaren fasean, eragile batzuk metodologiaren inguruko kritikak plazaratu genituen eragileon ekarpenak landu eta bozkatu gabe diagnostikoa aldebakarrez onartu zutelako. Horren ondotik, Hezkuntza Sailak metodologia aldatu zuen araurik ezarri gabe, eta inprobisazioari heldu zion.

Bigarren fasean, berriz, printzipio eta balioak landu ziren eta LABek publikoki aurkeztu zuen segregazioari aurre egiteko neurrien dekalogoa eraman zuen mahaira. Fase hau ere aldebakarrez itxi zuen, inolako lotsarik gabe azaroaren 12an mahaian parte hartu genuen eragileok segregazioari aurre egiteko printzipio eta balioen lanketari egin genizkion ekarpenak guztiz baztertuz eta Hezkuntza Legearen printzipioak aurkeztuz ondoriotzat. Hezkuntza Sailak itxurakeriarekin jarraitu zuen.

Ezin dugu ahaztu prozesuak aurrera egitearekin batera, eragile asko izan garela metodologiarekin kritiko izan garenak eta mahaia bera utzi behar izan dugunak parte hartze errealetarako baldintzak ez egoteagatik eta adostasunak eraikitzeko borondate ezagatik. Hirugarren fasera, beraz, eragile gutxiagoren parte hartzearekin heldu zen mahaia. Fase honetarakoa Hezkuntza Sailak aurrez ezarritako 9 ildoren inguruan hitz egin dute eta gaur aurkeztu dute prozesuaren emaitza edo bukaera.

LABen iritziz azken emaitza horrek gaur gaurkoz ez dio erantzuten eskola segregazioari aurre egiteko oinarrizkoak diren hurrengo aldagaiei:

  • Kuotak debekatzen dituen dekretu bat egingo dela adierazi da. Alta, oraingoz ez da aitortu legez debekaturik dauden kuoten kobrantzen auditoretza egin behar dela, Hezkuntza Sailak dituen datu horiek eragileokin gardentasunez publiko egin behar direla eta kuotak debekatzeko planifikazioa jaso behar duela.
  • Bestelako onarpen eta planifikazio dekretu bat egitearen beharra adierazi da eta gain-eskaintza dagoela aitortu. Baina ez du adierazi ikasleen onarpen eta planifikazio dekretu berriak era orokortuan D ereduko sare publikoa erdigunean jarriko duenik eta modu deszentralizatuan tokian toki erabakiak hartzea ahalbidetuko duenik. Gain-eskaintza horretan ez du fokoa jartzen publikoak ez diren eta euskalduntzen ez duten ikaspostuen murrizketan.
  • Sare publikoa sistemaren ardatza izateko, bere aldeko desoreka positiboa egin beharra eta horren aldeko planifikazioa zein neurri zehatzak ez dira jaso. LABen iritziz azpifinantzaturik dagoen egungo sare publikoa —D eredukoa— dimentsionatzeko neurriak behar dira, eta bertan Euskal Herria aitortuko duen curriculuma lantzea eta orokortzea. Sare publikoa planifikazioaren ardatza izateaz gain, azpiegiturak hobetzea eta berriak sortzeko finantzazioa handitzea.
  • Ituntze unibertsalarekin bukatzeko neurriak ez ditu aurreikusi. Batetik, ikastetxeak publifikatzeko araudia sortzea; eta bestetik, titulartasun partekatua arakatzea eta arautzea, izaera publikoko ikastetxeetan udalaren parte hartzea sustatuz. Horrela, finantziazio publikoa jasotzen duten ikastetxeetan esku hartze publikoa legoke, udala edo mankomunitatea jabetzaren parte izanik eta kontrol publikoaren bermatzaile. Sare publiko berri bakarrerako bidean, trantsizio gisa baliatuz titularitate partekatu edo mistoko eskolak.
  • Ez da jaso eskolatze orekatua eta haurren euskalduntzea bultzatzen duen Jaurlaritzaren hizkuntza politikaren beharrik. Gurera etortzen diren gurasoei ez zaie behar bezalako informaziorik ematen euskalduntzearen garrantziaz eta euskalduntzeko dituzten aukerez, eta ez da neurri gisa proposatu haurrak D ereduan matrikulatzera animatzea.
  • Hizkuntzagatik gertatzen den segregazioa ez da neurrien artean landu. Are gehiago, hezkuntza legeak jaso arren Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatzean ikasleek euskaraz B2 maila eskuratu behar dutela, gaur gaurkoz eta hizkuntza ereduak mantentzen diren bitartean maila ez dute eskuratzen eta egoera hau gainditzeko neurririk ez da jaso. Horren adibiderik esanguratsuena izan da aurtengo USaP frogan (selektibitatean) A ereduko ikastetxeetako ikasleekin gertatu dena.

Gauzak horrela, gaurko egunean prozesuari bukaera eman dio Hezkuntza Sailak, oso adierazgarria izan delarik segregazio mahaia martxan jarri zutenetik prozesuak galdu dituen eragile parte hartzaileak: hezkuntza-sistemako ordezkaritzaren ia gehiengoa dugun sindikatuak, eskola publikoaren eragileak eta Ikastolen Elkartea.

Bukatzeko, adierazi nahi dugu LABentzat oso larria dela, herri erronka gisa landu behar den gai honetan langileon ordezkarien gehiengoarekin adostasunak bilatu ez izana eta horretarako LABek eskatu zuen gisan, irakaskuntzako mahai sektorialetan gaia landu ez izana ere. Beraz, Hezkuntza Sailari eskatzen diogu sistemarentzat estrategikoa den gai honetan sindikatuokin adostasunak lantzeko marko propioak ireki ditzala.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Maderas de Llodioko enpresa batzordeak eta Garnica enpresak akordioa erdietsi dute 284 greba egunen ostean gatazkari amaiera emateko

Gaur, ekainak 29, Maderas de Llodioko langileek eta enpresa batzordeak Laudioko Herriko plazan agerraldia egin dute 283 greba egunetan zehar aurrera eramandako borrokaren balioa nabarmentzeko. Maderas de Llodion enplegua defendatzeko eginiko borroka izan da, baina baita Aiaraldea eskualde osoan lanaren eta industriaren etorkizuna defendatzekoa ere.

Osakidetzako ESI guztietako lan osasun batzordeetan beroaren protokoloa garatzeko eskatu dugu

LAB sindikatutik Osakidetzari eskatu diogu lan osasunerako araudia bete eta bitarteko kolektiboak ipini ditzala beroaren arriskuari aurre egiteko, hala nola estres termikoari buruzko azterketak garatzeko. Osakidetzak langile eta erabiltzaileak babesteko bermeak eskaini behar ditu instalazio guztietan. Bistan da klima aldaketaren eraginez urtez urte areagotzen ari den arrisku horren aurrean egiturazko erabakiak hartu behar direla.

Iruñeko eta Altsasuko udalek osasun publikoaren aldeko apustua egitea eta bertako langileei ugazaben mutualitateek arreta emateari uztea #LortuDugu

LAB sindikatuaren ekimenez, Iruñeko eta Altsasuko udaletako eta Altsasuko Musika Eskolako langileek Osasunbidean jasoko dute arreta osoa. Horrela, ugazaben mutualitateek ez dute erabakitzeko gaitasunik izango langile horien osasunaren eremuan.