LABek patronalari eduki gehiago ateratzeko aukera zegoela uste bazuen ere eta burututako asanbladetan borroka mantentzea defendatu duen bitartean, gainerako sindikatuek nahikotzat jo dute patronalaren azken proposamena eta, ondorioz, asteazkenean, urriak 7, hastekoak ziren lanuzteak bertan behera uztea defendatu dute.
LABek hainbat edukietan lortutako aurrerapen handiak aitortzen ditu (kategoria guztietako urteko lanaldien murrizketa eta parekatzea, igande/jaiegunetako plusaren igoera, KPIari lotutako igoerak…), baina ziur gaude pultsuari eutsi izan balitzaio, lorpen handiagoak lortzeko moduan egongo ginatekeela, eta, ondorioz, egonkortasun handiagoa izango genukeela hurrengo 4 urteetan
LABen badakigu sektore hau oso heterogeneoa dela. Sektore osoari eragiten dioten gai komunak dauden bitartean (soldatak, lanaldia…), badira beste gai oso espezifiko batzuk, dagokien kategoriaren arabera modu desberdinean eragiten eta kezkatzen dutenak. Ildo horretan, akordio orokor bat lortzeko, beharrezkoa zen kategoria guztien kezka eta eskaera nagusiei erantzutea; kasu honetan, uste dugu behar baino lehen amore eman dela, besteak beste, begiraleen lanbide-taldearen eskaera nagusietan.
Duela hilabete patronalarentzat mugiezina eta ezinezkoa zena, lanuzteen deialdiak erregistratu ondoren, agerian geratu da hobetzeko tartea bazegoela. Joan den ostiralean, patronalak amore eman zuen antzinatasunean (seigarren hirurtekoa eskaini zuen) eta, gutxi bada ere, soldatetan (%0,25 gehiago KPIa %3,2 baino handiagoa bada). Noraino iritsiko ginatekeen pultsua eta borroka mantendu izan balira?
Borrokari eustea defendatu dugun arren, langileen gehiengoaren iritzia entzun ondoren, eta lortutako eduki onak aitortuta, LAB sindikatua Hitzarmen Kolektibo berria sinatzeko prest dago.

