2026-10-03
HomeEkintza PolitikoaLABek arbuiatu egiten du Santurtziko udaltzain batzuek taser pistola baliatuz egindako interbentzio...

LABek arbuiatu egiten du Santurtziko udaltzain batzuek taser pistola baliatuz egindako interbentzio bortitza eta horren ondorioz hil den gaztearen senide, lagun eta gertukoei doluminak helarazten dizkie

LABek Santurtziko Udalari eskatzen dio gertatutakoak berehala ikertu ditzala, ardura politiko zein mota guztietakoak argitu ditzala eta gertakari larri hauek berriz gertatu ez daitezen beharrezko neurri guztiak hartu ditzala.

Udal poliziaren esku-hartze bortitza tarteko, aste honetan santurtziar gazte bat hil da. Esan gabe doa familia, lagun eta gertukoei gure dolumin sentikorrenak helarazten dizkiegula. Gertakariak argitzeko LABentzat ezinbestekoa da barne ikerketa bat abiatzea. Esku-hartzearen zergati, nolakotasun eta ondorioak zeintzuk izan diren argitu behar da, horiekiko ardurak eskatzeko eta beharrezkoak diren ondorioak ezartzeko.

LABetik argi dugu egun indarrean dagoen polizia ereduari eusteak eta eztabaida ukatzeak edo geroratzeak ondorio larriak dituela. Interbentziorako arrazoi eta moduetan, armen erabileran eta oro har segurtasuna ulertzeko eta bermatzeko moduetan eraldaketa sakona egitea ezinbestekoa da. Formakuntza baliabideak sortu eta eskaini behar dira horretarako, jarduera polizialaren gainbegiratzea zorroztu, eta taserren eta arma hilgarrien erabilera debekatu.

Hori horrela, udal mailan egingo diren beste ekimenez harago, langileon ordezkariokin urgentziaz gaiari heldu behar diogulakoan gaude. Santurtziko eta Kabiezeseko jaien atarian gaude eta berehalako kontingentzia neurri batzuk hartu behar direla uste dugu, jarrera bortitza izan duten udaltzain konkretu hauek egindakoa areagotu ez dadin. Ezinegona eta tentsioa areagotu daitezkeen honetan, udal gobernuak helburu horri begira dagokion ardura bere gain hartu behar du.

Bukatzeko, adierazi nahi dugu gertakari traumatikoa dela, bai. Pertsona baten heriotza atzera bueltarik ez duen ondorio tamalgarria da eta etsipena dakar. Baina gertukoen mina ez sakontze aldera, hauen prozesuak errespetatzeko eta enpatiaz aritzeko deia zabaldu nahi dugu. LABek bere esku dagoena egingo du norabide honetan ere.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAJk maizterren aurka eta errentismoaren alde egin du, birbanaketa politikei uko eginez eta eskuin muturrari atera irekiz

Espainiako Kongresuan etxebizitzari buruzko bi lege dekretuen bozketan errentisten interesekin lerratu dira EAJ eta UPN, eta LABetik mobilizazioak areagotzeko deia egiten dugu.

Migranteen egoera prekarioa azaleratzen dute langabeziaren datuek

Joan den hilabeteko argazki sozioekonomikoaren zantzuak ikusten jarraitzen dugu, langabeziak gora egin baitu azken hilabetearekin alderatuta, aurreko urteetan beti jaitsi izan denean. Beraz, 3.238 langabetu gehiago daude Hego Euskal Herrian, eta Erregimen Orokorrari dagokionez, 1.103.547 afiliatu iraileko azken egunean.

Basquevolt salatzen dugu lan-diskriminazio arrazista, matxista, morofobiko eta islamofobikoagatik

Apirilean, bere laborategietako batean leherketa bat gertatu eta egun batzuetara, Basquevolt enpresak bi langile kaleratu eta zigortu zituen arbitrarioki. LAB sindikatuarentzat, ekintza hori funtsik...