2026-10-05
HomeEkintza SindikalaLABek jarraibide argiak eta zehatzak eskatzen ditu Nafarroako 0-3 zikloko tenperatura mugei...

LABek jarraibide argiak eta zehatzak eskatzen ditu Nafarroako 0-3 zikloko tenperatura mugei buruz

LAB sindikatuak Hezkuntza Departamentuari eta Osasun Publikoari eskatu die tenperatura-mugei buruzko jarraibide argi eta zehatzak ezartzea 0-3 zikloa eskaintzen duten haur-eskoletan eta hezkuntza zentroetan.

Azken egunotan izandako tenperatura altuen aurrean, LABek salatu ditu 0-3 zikloa eskaintzen duten haur-eskoletan eta hezkuntza-zentro askotan pairatzen ari diren baldintza termikoak, klima aldaketaren ondorioz maiztasun eta intentsitate handiagoz errepikatzen direnak. Zentro askotan, azaldu du, tenperaturek langileen osasuna eta ongizatea arriskuan jartzen dituzte, eta haien lan-jarduera baldintza egokietan garatzea zailtzen dute.

Halaber, sindikatuak gogorarazi du 0 eta 3 urte bitarteko haurrak bereziki zaurgarriak direla muturreko tenperaturen aurrean, eta horrek are premiazkoagoa egiten duela administrazio eskudunek neurri eraginkorrak hartzea.

Horregatik, LABek Nafarroako Hezkuntza Departamentuari eta Osasun Publikoari exijitu die jarraibide argi eta zehatzak idatzi eta publiko egin ditzatela, 0-3 zikloan aurrez aurreko jarduera eten beharko litzatekeen gehieneko eta gutxieneko tenperaturak ezarriz, eta betiere zentroetan dauden pertsona guztien osasuna lehenetsiz.

Era berean, LABek Nafarroako haur-eskolen titular diren administrazio publikoei eta toki-erakundeei, baita 0-3 zikloa eskaintzen duten hezkuntza-zentroen arduradunei ere, eskatu die berehala har ditzatela ingurumen-baldintza egokiak bermatzeko beharrezko prebentzio-neurri guztiak.

LABek azpimarratu du laneko arriskuen prebentzioari buruzko araudiak behartzen dituela administrazioak eta enplegatzaile diren erakundeak langileen osasuna babestera. Horregatik, ezinbestekotzat jotzen du muturreko tenperaturek eragindako arriskuak prebenitzeko eta lan-baldintza seguru eta osasungarriak bermatzeko beharrezko neurriak hartzea.

Azkenik, sindikatuak berretsi du sektoreko langileen eskubideen defentsan jarraituko duela, eta administrazioei dagokien erantzukizuna beren gain har dezatela eskatzen jarraituko duela, lan- eta hezkuntza-ingurune seguruak bermatzeko, bai profesionalen osasuna bai 0-3 zikloko haurrena babestuz.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gipuzkoako suhiltzaile zerbitzuaren egoera salatu dugu Batzar Nagusien aurrean

2026ko irailaren 4an, Gipuzkoako Foru Aldundiko Suhiltzaile Zerbitzuko ofizial guardia-burua bere Donostiako Suhiltzaile Zerbitzuko etxean kokatutako komunikazio zentraleko lanpostu operatibotik bota zuen Donostiako Suhiltzaile Zerbitzuko Zuzendariak. 2018tik indarrean zegoen bi administrazioen arteko hitzarmena pasa den abuztuaren 31n iraungi zela eta zerbitzuaren berrantolaketagatik Donostiako Suhiltzaile Zerbitzuak bulego hori beharrezkoa zuela izan zen horretarako eman zuen argudioa. Guardia-buruaren bulegoa bakarrik ez, hitzarmenean araututa zeuden bestelako lanetarako espazioak erabiltzeko debekua ere ezarri zuen.

Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizarte Ekintza eta Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasun sailen plantilla handitzea eta zerbitzu horiek biltzeko egoitza espezifiko bat eskatzen dugu

2025eko urrian, LABen atal sindikaletik 2026ko Bizkaiko Aurrekontu Orokorren Proiektuari buruzko proposamena egin eta zabaldu genuen langileen artean. Bizkaiko Foru Aldundiak (BFA) aurrekontu horietako...

[ARGAZKI GALERIA] Etxebizitza eskubidearen aldeko eta errentismoaren aurkako aldarriek hartu dituzte kaleak asteburuan

Etxegabetze arriskuan dauden eta LABekin batera antolatzea erabaki duten hainbat maizterrekin batera deitu genituen mobilizazioak Hego Euskal Herriko hiriburuetan.