2026-06-24
HomeEkintza SindikalaArmagintzaren eta multinazionalen interesen araberako industriak enpleguaren galera eta prekarizazioa areagotuko ditu

Armagintzaren eta multinazionalen interesen araberako industriak enpleguaren galera eta prekarizazioa areagotuko ditu

Industria sektorean nabarmen jaitsi da enplegua azken urteetan; bereziki, metalurgian. Horren aurrean, industriaren gaineko eztabaida oker ari dela bideratzen ohartarazi dugu LABetik, eta enplegu duina, kontrol publikoa eta etorkizun sozial eta ekologikoa bermatuko dituen industria politika defendatu dugu.

Auzitan dago zer-nolako industria eredurantz egingo duen Euskal Herriak eta noren mesedetan garatuko den industria politika. Horri buruzko ohartarazpen argia egin dugu gaur: industriaren inguruko eztabaida oker ari da bideratzen. Izan ere, Bilbon egindako agerraldian adierazi dugu, gaur-gaurkoz, industriaren eraldaketa multinazionalen interesen arabera egiten ari dela, eta ez enplegu duina sortzeko eta trantsizio ekosozialari erantzuteko helburuz.

Horren ondorioak laburtu ditu Kris Gete LABeko Industria Federazioko arduradunak: “plantillak murrizten ari dira eta industria enplegua beherantz egiten ari da; laguntza publikoek ez dute sortzen behar bezalako onura sozialik; inbertsio produktiboa ahultzen ari da; lan baldintzak okertzen ari dira eta prekaritatea areagotzen. Eta, bitartean, enpresa askoren irabaziak handitzen ari dira”.

Egoeraren argazki xehetuagoa egin du Gorka Vidal LABeko ekonomialariak, industriako enpleguaren bilakaera eta lan baldintzen egoera erakusteko. Gizarte Segurantzatik eratorritako datuek erakusten dutenez, industria sektorean Hego Euskal Herrian alta emandako enpresen kopurua nabarmen jaitsi da azken 10 urteetan: 2011n baino 2.508 gutxiago ziren iazko abenduan; denera, 8,551. Produktu metalikoen, altzarien eta makinaria eta ekipoen fabrikazioan gutxitu dira enpresak, besteak beste, eta, denera, metalarekin lotura duten azpisektoreetan 1.407 enpresa gutxiago daude. Metalurgiaren gainbehera da agerikoenetakoa: burdinazko, altzairuzko eta ferroaleaziozko produktuen fabrikazioan 164 enpresa gutxiago daude 2011tik hona, eta 4.577 langile gutxiago ari dira lanean azpisektore horretan.

Orain arte pisu handia izan duten azpisektoreak indarra galtzen ari dela azaldu du Vidalek, eta, indartzen ari direla beste batzuk; hala nola, elikagaien industria (2011tik 4.707 langile gehiago), farmazia produktuen fabrikazioa (2011tik 1.750 langile gehiago) eta ibilgailu motordunen, atoien eta erdi-atorien fabrikazioa (2.191 langile gehiago, enpresak 60 gutxiago izan arren). Azpisektore horietan sortzen den enpleguaren kalitatea ahultzen ari direnetan sortzen dena baino baxuagoa dela zehaztu du ekonomialariak.

Hurbilagoko datuetara etorrita, enplegu hobea eskaintzen zuten azpisektoreetan, ibilgailu motordunentzako beste osagai, pieza eta osagarri batzuen fabrikazioan, etxetresna elektrikoen fabrikazioan, kautxu sintetikoaren fabrikazioan forma primariotan eta burdinurtuan, 2.603 enplegu gutxiago dira 2022ko urtarriletik, eta adibide moduan hurrengo enpresak ditugu: Mecaner, Sunsundegui, BSH…

Oro har, industrian enpleguak behera egin duela eta ehun industriala ahultzen ari dela azaldu du Vidalek. Enpresa askok laguntza publikoak jaso bai, baina laguntza horiek enplegua egonkortzeko eta industria errotzeko ez direla erabiltzen adierazi du, eta multinazionalek ez dutela lurraldearekiko konpromisorik erakusten; kontrara, errentagarritasuna lehenesten dutela azaldu du. “Ez dago itzulpen soziala bermatzen duen baldintzarik”, salatu du Vidalek.

Bestalde, industriako enpleguaren galerak eta lan baldintzen okertzeak lotura estua dutela azaldu du: “Enplegu prekarioa gero eta gehiago ari da ordezkatzen enplegu egonkorra”. Horren ondorioetako bat “talentuaren ihesa” dela zehaztu du. “Industriak ez baditu etorkizunerako lan baldintza duinak eta egonkorrak eskaintzen, gero eta gazte profesional kualifikatu gehiagok beste sektore edo herrialde batzuetara joko dute, eta, horrela, industriak bere etorkizunerako funtsezkoa duen giza kapitala galtzeko arriskua areagotzen da”.

Armagintza, zuloa duen flotagailua

Egungo testuinguruan, industria berrindartzeko aukera estrategiko gisa armagintza sustatzen ari dela ere salatu du Vidalek, “opakotasun handiz eta atzeko atetik”. Alta, kolokan dagoen sektore baten flotagailuak ezin du industria militarrak izan, defendatu duenez: “Ezin da negoziorik egin genozidioarekin; ezin da negoziorik egin gerrekin”.

Enpleguaren ikuspegitik ere zuloa du armagintzaren flotagailuak, Vidalen arabera. Izan ere, euren jarduna industria zibilera bideratu duten enpresak industria militarreranzko trantsizioa egiten ari dira, azaldu duenez, laguntza publikoen bidez. Kontrara, funts publiko horiek industriaren eraldaketa ekosozialerako baliatu litezkeela nabarmendu du, eta, horrek, planifikazioa, langileen parte hartzea eta jabetza publikoa bermatzeaz gain, estrategikoak izango diren sektoreetan enplegua sortzea eragingo lukeela.

Vidalek aurkeztutako datuek berretsi baino ez dute egiten LABek hasieratik salatu duena, Getek adierazi duenez: industriaren inguruko eztabaida oker ari dela bideratzen.

Baieztapen argia egin du Industria Federazioko arduradunak: “Euskal Herriak industria behar du”. Alta, industria ereduaren nolakotasuna dago jokoan, haren arabera: “Enplegu duina, kontrol publikoa eta etorkizun sozial eta ekologikoa bermatuko dituen industria behar du”. Horretarako, inudstriaren etorkizuna “enplegu duinaren, lurraldearen beharren eta trantsizio ekosozialaren arabera” planifikatu behar dela defendatu du, eta ez “armagintzaren eta multinazionalen interesen” arabera.

Bestelako industria politika baterako lau baldintza ezarri ditu Getek: trantsizio industriala planifikatzea; diru publikoari baldintzak jartzea; langileen parte hartzea handitzea; eta enplegua, berrindustrializazioa eta bidezko trantsizioa bermatzea. Funtsean, “trantsizio ekosozialerako industria politika” garatu beharraz mintzatu da Gete.

Hauek dira LABen proposamenaren oinarriak:

1. Trantsizio industriala planifikatu

Industria sektore nagusien trantsizio ekologikoa modu planifikatuan eta bidezkoan egin behar da, emisioak eta baliabideen kontsumoa murriztuz eta enpleguan kalte handirik eragin gabe. Ezin da milaka langileren etorkizuna administrazio kontseiluen edo inbertsio funtsen esku soilik utzi.

Horregatik, trantsizio industrial planifikatua behar da, langileen parte hartzearekin, enplegua babesteko eta isuriak murrizteko helburuarekin.

Aldi berean, erabaki estrategikoetan esku hartze publiko handiagoa eta sindikatuen part ehartze erreal eta loteslea behar da.

2. Diru publikoari baldintzak jarri

Laguntza publikoak jasotzen dituzten enpresek baldintza zorrotzak bete behar dituzte. Ezin dute kaleratzerik egin, enpresak deslokalizatu edo dibidendu handiak banatu diru publikoa jasotzen duten bitartean. Ez da onargarria enpresek laguntza publikoak jasotzea eta, ondoren, enplegua suntsitzea edo etekin pribatuak lehenestea.

Horregatik, enpresek konpromiso argiak hartu behar dituzte: enpleguari eustea, deslokalizazioak saihestea eta inbertsio produktiboak bermatzea.

Diru publikoak enplegua eta industria etorkizuna babesteko balio behar du, ez etekin pribatuak finantzatzeko.

3. Langileen parte hartzea handitu

Funtsezkoa da langileek parte hartzeko mekanismoak lortzea. Ezinbestekoa da beren lanpostuan trantsizio ekologikoaren eragina izango dutenek ekoizpen-eraldaketa horien norabideari buruz eztabaidatzeko eta erabakitzeko gaitasuna izatea.

Deskarbonizazio planak, inbertsioak eta industria estrategiak ezin dira soilik zuzendaritzen esku egon.

4. Enplegua, berrindustrializazioa eta bidezko trantsizioa

Edozein industria trantsiziok lan eskubideak eta enplegu duina bermatu behar ditu. Horrek esan nahi du berrindustrializazioaz hitz egin behar dela, lanaren banaketaz, lanaldi murrizketaz, enpresen errotzeaz, prestakuntzaz eta lanbide heziketa berritzeaz.

Eraldaketa industrialak ezin ditu milaka langile abandonatuta utzi. Horregatik, nahitaezko berrindustrializazio mekanismoak eta deslokalizazioen aurkako lege tresna indartsuagoak defendatzen ditugu LABen. Trantsizio justu batek industria eraldatzea esan nahi du, inor baztertu gabe.

Trantsizio ekosozial justua bermatzeko, enplegua babestu, birkualifikatu eta banatzeko mekanismo eraginkorrak sortu behar dira, sindikatuen eta erakunde publikoen parte hartzearekin eta enpresen erabakiak kontrolatzeko egitura lotesleen bidez. Horren baitan, honako neurriak proposatzen ditugu: lanaldia murriztea, prestakuntza eta birkualifikazioa bermatzea, nahitaezko berrindustrializazio mekanismoak sortzea eta deslokalizazioen aurkako legeak gogortzea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek jarraibide argiak eta zehatzak eskatzen ditu Nafarroako 0-3 zikloko tenperatura mugei buruz

LAB sindikatuak Hezkuntza Departamentuari eta Osasun Publikoari eskatu die tenperatura-mugei buruzko jarraibide argi eta zehatzak ezartzea 0-3 zikloa eskaintzen duten haur-eskoletan eta hezkuntza zentroetan. Azken...

Barakaldoko Usoa enplegu-zentro berezian hitzarmena #LortuDugu

Bi urte baino gehiagoko negoziazio prozesu luze baten ondoren, zeintzuetan mobilizazioak nahiz alderdi politikoekin eta langileen batzarrekin errondak egin diren, beharginen %99,5en babesarekin sinatu da.

LABek salatu du adimen artifiziala enplegua suntsitzeko aitzakia gisa erabiltzen ari direla Gueñeseko Konecta BTO enpresan

Lau langile kaleratu dituzte dagoeneko. Enpresa batzordeak ekainaren 22an eta gaur mobilizazioak egin ditu horiek berronartzea eskatzeko.