%83tik gorako ordezkaritza duen gehiengo sindikalaren iritziaren kontra ari dira gatazka luzarazten.
LABek oso larritzat jotzen du EAJk eta PSEk euskararen eta zerbitzu publikoen kudeaketan gehiengo sindikalak babesten ez duen proposamena inposatu nahi izana eta mahaitik alde egin du proposamen hori atzera botatzea eskatuz.
Gaur bildu da berriz Udalhitz berria negoziatzeko mahaia, ekainaren 4an Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udaletako langileok greba egin ondotik. Ekainaren 4ko greban langileek argi utzi zuten aurreakordioa erdiesteko mahaian funtsezko eduki batzuk falta zirela eta beste eduki batzuetan zehaztasunak eskatzen zituztela.
Bada, EUDEL bere etxeko lanak egin gabe etorri da gaurko bilerara. Lehendakaritza duen EAJ orain hamabost egun eskaini zuen berdina errepikatzera etorri da gaurko mahaira. Ez du erabakirik hartu, seriotasunik gabe ari da eta badirudi negoziatzeko gaitasuna faltan duela. Batetik, atzo izan zuten Batzorde Exekutiboan ez zuten erabaki zein den EUDELen proposamen bateratua euskararen gaian zein zerbitzu publikoen kudeaketarako eredu proposamenean Udalhitz berriaren aurreakordiorako. EH Bilduren proposamena mahaiaren ordezkaritzaren %83,4ak babesten duen arren, EUDELen ordezkaritza duten EAJk eta PSEek erabaki dute proposamen horren kontra bozkatzea eta horri biderik ez ematea, eta langileon hitza ez errespetatzea. Nahiago izan dute erabakirik ez hartzea eta gatazka bere horretan mantentzea eta luzatzea.
Bi gai hauetan, esan bezala, orain arte bi proposamen aurkeztu dituzte, bata EAJ-PSEk eta bestea EH Bilduk. Gaurko mahaian, EUDELen lehendakaritza duen EAJk bere proposamena berriro ere inposatu nahi izan du. Batetik, euskarari lotuta, hizkuntza-eskakizunak lanpostu berri guztiei eskatu ordez errealitate soziolinguistikoaren araberako derrigortasun indizea inposatzea gehienezko gisa. Eta bestetik, zerbitzu publikoen azpikontratazioa bultzatzen jarraitzea, publifikazioa eta zerbitzu horretako langileak subrogatzea onartu gabe. Gai hau hainbatetan eztabaidatu da, eta mahaian, gehiengo oso zabalak EH Bilduren proposamena negoziaziorako oinarritzat hartzearen alde egin du behin eta berriz. Badirudi EAJk gai hau baliatu nahi izan duela EUDELek erabakirik ez hartzeko, seriotasunik eta ardurarik gabe jokatzeko eta negoziaziorako gaitasun eza erakusteko.
LAB sindikatuak, aurreko mahai negoziatzailean eta ekainaren 4ko greba aurretik ere, proposamen oso zehatza egin zuen: EUDELen aurreakordioari proposamenak aurkeztu zizkion eta negoziazioari bide emateko beste bilera bat egitea eskatu zuen. EAJk bilerari ezezkoa eman zion mahaian, erabakia aste bat beranduago zuten Batzorde Exekutiboan hartu behar zutela argudiatuz.
Seriotasun eta gaitasun falta honen aurrean, LABek gaurko mahaia utzi duela jakinarazten du, eta adierazten du ez duela egoera larri honen aurrean mahaiak jarraitzeko baldintzarik ikusten. EUDELen lehendakaritza duen EAJri bi gai horiek langileon ordezkaritzaren gehiengoa errespetatuz ahalik eta azkarren ebazteko eskatzen dio. Horretaz gain, negoziatzeko borondate osoa zein uda bitarte biltzeko prestasuna duela adierazten du.
Gaurko mahaiaren iraupena oso laburra izan da, esan bezala, aurrera egiteko baldintzarik ez zegoelako. Gehiengo sindikaletik lortu da, bere eskariari jarraituz, EUDELek konpromisoa hartzea bi gai horietan datorren ekainaren 19an proposamen bateratua aurkezteko eta hurrengo mahai negoziatzailea biltzeko. Eta horretaz gain, beste bi bilera egiteko egutegia adostu da.
Gainera, aurreakordioari begira, gaur landu ez den arren, testuak oraingoz ez ditu jaso LABentzat ezinbestekoak diren eduki hauek:
- Indarraldia: 6 urteko indarraldia oso luzea da eta murriztu behar da, neurri gehienak oso berandu aplikatzea ekarriko baitu horrek.
- Pribatizazioak gelditzea eta publifikazioak egitea bertako langileak subrogatuz (EH Bilduren proposamenarekin bat eginez).
- Enpleguari lotuta: langileen arteko mugikortasuna ahalbidetzea eta lanaldi partzialek %10 ez gainditzea (lehentasunez sektore feminizatuetakoak %100ean osagarrituz). Horrekin batera hautaketa prozesu propioak eta mankomunatuak egitea hauek ordezkari sindikalekin adostuz.
- Gazteberritze planak eta aurrez erretiratzeko neurriak zehaztea, langileei lanera ez joateko askoz denbora gehiago emanez.
- Soldatak berreskuratzeko zorra onartzea eta erosahalmena bermatzeko igoerak egiteko tresna ezberdinak adostea. Horien artean karrera profesionala objektiboa eta langile guztiei aplikatzekoa eta ezartzekoa izan dadila.
- Klausula bat ezartzea azpikontrataturiko langilerik ez dadin egon 1.500 €ren azpitik.
- Euskararen ezagutza eta erabilera bermatzea (EHBilduren proposamenarekin bat eginez).
LABek benetan uste du oso momentu garrantzitsu batean gaudela. Udalhitzen lan-hitzarmen berria lortzeko zein Udalhitzetik kanpo dauden udalen negoziazioetan eragiteko ere momentu garrantzitsua da. Ezezko hauen eta seriotasun faltaren aurrean, langileen indarrarekin presionatzen jarraitu behar da. Horregatik LAB sindikatuak orain arteko borroka zikloaren inguruko hausnarketa egingo du bere udal ordezkari guztiekin eta aurrera begirako borroka planteamenduak zehaztuko ditu. Orain da momentua, borrokak merezi du eta alderdiak gehiago mugiarazi behar dira!

