2026-10-03
HomeLan Osasuna IdazkaritzaPrekarietatea HiltzaileaIrmoki salatzen dugu Kasedako lan istripua eta ABLEek dakarten arrisku erantsiaz ohartarazi...

Irmoki salatzen dugu Kasedako lan istripua eta ABLEek dakarten arrisku erantsiaz ohartarazi nahi dugu

LAB sindikatuak bere elkartasun eta babesa helarazi nahi die Kasedako Viscofan lantegian hildakoaren eta zauritutakoaren familiei, lagunei eta lankidei. Eta, aldi berean, irmo baino irmoago salatu nahi du gertaturikoa -berehalako ikerketa zorrotza behar duena- eta ohartarazi nahi du ABLE aldi baterako lan enpresek kontrataturiko langileek pairatzen duten arriskugarritasun erantsiaz.

Kasedako Viscofan lantegian gaur hildako behargina – F.U., 46 urtekoa eta Zarrakaztelun bizi zena- 2019an Euskal Herrian lan istripuetan hildako 32. langilea da; bederatzigarrena Nafarroan. LABek jakin ahal izan duenez, langileak hamabi hilabete inguru zeramatzan Viscofanen lanean, ABLE batek kontratatua hainbat opor eta gaixoaldi ordezkapen egiteko.

Gauza jakina da ABLEek kontrataturiko langileek prekaritate handiagoa izateaz gainera istripuak izateko aukera gehiago dituztela, lantoki horretako segurtasun kontuetan zuzenean kontrataturiko lankideek baino formakuntza txikiagoa baitute, nahiz eta gehienetan lan berdina egin. Hala, ABLEek kontrataturiko pertsonek izaten dituzten lan istripuen kasuetan, ABLEa kontratatu duen enpresak ezin du bakarrik istripu zehatz hori aztertu; horretaz landara, hausnarketa sakon eta zintzoa egin beharko luke jendea zuzenean ez kontratatzeak dakartzan ondorio humano eta sozialen inguruan.

Nafarroako enpresetan gertatzen den lan ezbehar tasa altuak laneko segurtasun eta osasun gaietan utzikeria argia adierazten du. Egiten diren prebentzio politikak ez dira nahikoak gure lurraldean lan-istripuen gorakada erakusten ari diren bezala. Langileen bizitza eta osasuna oso azpitik daude enpresen balio eskalan, eta argi gelditzen da gure osasuna ez dela patronalaren eta erakunde publikoen lehentasuna.

Segurtasun neurri handiagoak eta egokiagoak ezartzea izan behar da enpresetan erabateko lehentasuna, benetan amaitu nahi badugu urtero dozenaka langile eramaten dituen gaitz honekin. Lan istripu guztiak prebentzio neurri egokiekin saihestu daitezke, eta datuak ikusita, ez dira kontuan hartzen enpresen eguneroko bizitzan.

Azkenik, LABek dei egin nahi dio langile klaseari parte har dezan antola daitezkeen mobilizazio guztietan, Kasedan gertaturikoa salatzeko eta hildakoaren zein zaurituaren lankideei elkartasuna eta babesa adierazteko.  

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAJk maizterren aurka eta errentismoaren alde egin du, birbanaketa politikei uko eginez eta eskuin muturrari atera irekiz

Espainiako Kongresuan etxebizitzari buruzko bi lege dekretuen bozketan errentisten interesekin lerratu dira EAJ eta UPN, eta LABetik mobilizazioak areagotzeko deia egiten dugu.

Migranteen egoera prekarioa azaleratzen dute langabeziaren datuek

Joan den hilabeteko argazki sozioekonomikoaren zantzuak ikusten jarraitzen dugu, langabeziak gora egin baitu azken hilabetearekin alderatuta, aurreko urteetan beti jaitsi izan denean. Beraz, 3.238 langabetu gehiago daude Hego Euskal Herrian, eta Erregimen Orokorrari dagokionez, 1.103.547 afiliatu iraileko azken egunean.

Basquevolt salatzen dugu lan-diskriminazio arrazista, matxista, morofobiko eta islamofobikoagatik

Apirilean, bere laborategietako batean leherketa bat gertatu eta egun batzuetara, Basquevolt enpresak bi langile kaleratu eta zigortu zituen arbitrarioki. LAB sindikatuarentzat, ekintza hori funtsik...