2026-07-28
HomeEkintza SozialaEnergia arloko menpekotasunaren aurrean burujabetzaren aldeko apustuan sakondu behar dela adierazi dugu

Energia arloko menpekotasunaren aurrean burujabetzaren aldeko apustuan sakondu behar dela adierazi dugu

Gaur da urtebete Hego Euskal Herria argindarrik gabe utzi zuen itzalaldi hura gertatu zela, zeinak agerian utzi baitzuengeure esku ez dauden energia azpiegiturek zenbateraino baldintzatzen duten gure egunerokoa. Bada, horren aurrean alternatibak eraikitzeko beharrizana azpimarratu dugu Euskal Herriko hainbat eragilerekin batera.

Itzalaldiaren urteurrenean, burujabetzaren aldeko manifestu kolektiboa sinatu dugu jarraian zerrendatutako eragileok: LAB, Olatukoop, Udalbiltza, REAS Euskadi, ELA, Etxalde, ESK, Joxemi Zumalabe Fundazioa, Ekhilur, EH KOM, Talaios, Koop57, Goiener, Izarkom.

Jarraian irakur daiteke manifestua osorik:

2025eko apirilaren 28a. 12:33. Gure oroimenean iltzatuta geratuko den eguna, ia Hego Euskal Herri osoa argindarrik gabe eta inkomunikatuta geratu baitzen. Herri edo auzo askotan orduak, egunak behar izan zituzten normaltasunera itzultzeko. Gaur, urtea bete den arren, oraindik ez dago argi zerk eragin zuen aurrekaririk gabeko itzalaldi hura. Aitzitik, agerikoak bezain sakonak dira etenaldi horrek eragin zituen ondorio sozial eta ekonomikoak.

Izan ere, apirilaren 28 hartan dena gelditu zen bat-batean: ospitaleak, industria eta garraioak; milaka enpresa eta merkatari txikik galera izugarriak izan zituzten; beldurra etxeraino sartu zitzaigun, eta herritar asko, gertatzen ari zena ulertu ezinik, babesik gabe sentitu ginen. Internet eta argindarrik gabeko iluntasun hark argi erakutsi zigun, inoiz baino konektatuago gaudela uste dugun garaiotan, zein menpekoak eta zaurgarriak garen.

Egungo eredua ezbaian

Zergatik kontraesan hori? Bada ontzat eman dugulako gure oinarrizko beharrak — energia edo komunikaziorako teknologiak, esaterako — oligopolio handien eta multinazional gutxi batzuen eskuetan uztea. Eredu horrek ez du sinesten kontrol demokratikoan, onura pribatuan baizik; eredu horrek ez du bermatzen herritarren parte-hartzea, bai ordea dinamika global basatia; eredu horrek huts egin zuen duela urtebete, eta gure bizitzak kolokan jarri zituen.

Etenaldi handi hark ez gintuen soilik ilunpetan utzi; ispilu bat ere jarri zigun gure begien aurrean eta ohartu ginen gure askatasuna eta ezinbestekoak ditugun azpiegitura kritikoak besteren esku utzi ditugula. Zorionez, ez da beranduegi. Zorionez, bada beste modu bat.

Herri alternatibak

Urtebete geroago hemen gaude, lau haizeetara aldarrikatzeko premiazkoak ditugula sare autonomo, demokratiko eta parte-hartzaileagoak; beharrezkoa dugula tokiko ekonomiak eta komunitateak indartzea; eta, ezinbestekoa dugula guztionak diren oinarrizko ondasunen gaineko burujabetza berreskuratzea. Kontua ez da mundutik baztertzea; eredu zentralizatu eta basati horrek eragindako itzalaldien aurrean elkar konektaturiko herri alternatiba iraunkorrak piztea, baizik.

Gaur urtebete ohartu ginen, inoiz baino gehiago, elkarren beharra dugula eraldaketa ekosozialaren bidean aurrera egiteko eta hala egunerokoan, nola hurrengo itzalaldian, ez gaituztela irabazien gose diren multinazionalek babestuko.; bai, ordea, komunitatean jositako sare sendoek.

Egitura komunitario horiek sortu eta babesteko bidea elkarrekin egin behar dugu. Horretarako, premiazkoa da gure kontsumo-ohiturak ikuspegi kritiko batetik aztertzetik hasi eta eztabaida irekitzea. Zer eredu nahiago duzu? “Erabili eta bota” ala “erein, zaindu eta jaso”?

Piztu ditzagun alternatibak

Energia edo komunikaziorako teknologiak, esaterako, gaur egun oinarrizko eskubideak dira, eta zerbitzuok ezin dira boteredun gutxi batzuen mende egon. Zenbait herri-proiektuk egunero frogatzen dugun moduan, kudeatu daitezke justizia soziala, iraunkortasuna eta parte-hartze demokratikoa ardatz hartuta.

Duela urtebeteko itzalaldi handiak agerian utzi zituen gure gizartearen miseriak eta jostura ahulak, baina baita elkartasunerako eta zaintzarako dugun gaitasuna ere. Horren adibide da sortu zen argi-printza txiki bat: Goiener eta Izarkom kooperatibek elkarlanean abian jarritako “Itzali sistema, Piztu alternatibak” ekimena, gizarte-mailan babes handia jaso zuena. Hartara gehitu ginen sinatzaileok, itzalaldiaren urteurren hau baliatu nahi dugu, inoiz baino gehiago, bestelako ekonomia eredu bat eta herri alternatibak aldarrikatzeko.

Orain da ekiteko unea. Herritarrok, erakunde publikoek eta kooperatibok indarrak batu behar ditugu trantsizio ekosoziala bultzatzeko. Itzalaldi gehiago saihesteko. Benetako alternatibak pizteko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

“Barraskilo operazioa”: Nafarroako Gobernuak errepresioaren eta grebalarien zigorraren alde egin du, lantokietan grebarako eskubidea urratu izanaren aurrean beste alde batera begiratzen duen bitartean

Barraskilo Operazioan parte hartu genuenok, isunak eta errepresioa salatzen ditugu, martxoaren 17an Euskal Herrirako 1.500 euroko LGSren aldeko greba orokorraren testuinguruan egindako ekintza baketsu batengatik.

Babestutako Etxebizitzak esleitzeko kupo berriekin, Denis Itxasok sozialki injustua den eredua ezarri nahi du

Etxebideren araudia aldatzeko prozesuan da Itsasoren gidaritzapeko saila, eta sustapen bakoitzeko etxeen %30 gorde nahi du 20.000 eta 46.000 euro arteko diru-sarrerak dituzten eskatzaileentzat. Etxebiden izena emanda duten 110.000 herritarren %70 diskriminatuko du araudi berriak.

Ez dugu sinatu Gipuzkoako pastelgintzaren eta gozogintzaren hitzarmen kolektiboaren aurreakordioa

2024-2026 iraunaldia izango duen akordioak ez die erantzuten sektoreko langileen benetako beharrei, eta ez ditu behar bezala jasotzen negoziazioan planteatutako aldarrikapenak.