2026-10-30
HomeEkintza SozialaLABek salatu du foru aldundiek erreferentziazko prezioen indizea argitaratzeko izan duten atzerapen...

LABek salatu du foru aldundiek erreferentziazko prezioen indizea argitaratzeko izan duten atzerapen bidegabea, eta adierazi du EAJren eta PSEren politikek etxebizitzaren negozioa elikatzen jarraitzen dutela

Sindikatuak azpimarratu du klase ertain deiturikoarentzat bideratutako politikek etxebizitzaren merkatua puzten jarraitzea eta gero eta herritar gehiago etxebizitza eskuratzeko aukeratik kanpo uztea besterik ez dutela lortuko.

Bi urte baino gehiagoko atzerapen guztiz bidegabe baten ondoren, atzo BOEn argitaratu ostean, Bizkaiak eta Arabak badute jada erreferentziazko prezioen indizea. LABek behin eta berriz adierazi du etxebizitza legea eta alokairuen prezio-muga ez direla nahikoak bizi dugun etxebizitza krisiari aurre egiteko; hala ere, onartezina dela ondorioztatzen du foru aldundiek indize horren argitalpena atzeratu izana. Horrela, alokairuen prezioen egungo igoera sendotzen lagundu da, azken bi urteotan %10 baino gehiago igo baitira. Gainera, igoerei muga jartzen zaien arren, prezioek gora egiten jarrai dezakete.

Era berean, LABek salatu du Eusko Jaurlaritzak hartutako neurriek etxebizitzaren negozioa diru publikoarekin elikatzen jarraitzen dutela. Gaztelagun bezalako laguntzak alokairuaren merkatuko preziora egokitzea, prezioak etengabe igotzen ari diren testuinguru batean eta, igoerak mugatzeaz harago, prezioak jaisteko neurri eraginkorrik ez dagoenean, gero eta diru publiko gehiago jabeen poltsara bideratzea dakar.

Gauza bera esan daiteke Bizigune programan jabeek jasotzen duten kanona handitzeko erabakiari buruz, eremu tentsionatuetan merkatuko preziora egokituz. Horrela, neurri hauekin ez da segurtasuna ematea helburu programa honetan etxebizitza jartzen duten jabeei, baizik eta zirkulu bikoitz bat sortzea, merkatu pribatuko ia irabazi berak —prezio oso altuekin— diru publikoaren bidez bermatzeko.

Beraz, jabeak lehenesten jarraitzen da, maizterren gainetik, azken horiek baitira egoera ahulenean daudenak. Merkatuan modu apalean eta norabide honetan esku hartzeak kontrako ondorioak ditu; aberastasuna birbanatu beharrean, desberdintasunak sendotzen ditu. LAB sindikatuak, horrela, bere gaitzespena adierazten du Eusko Jaurlaritzak onartutako neurrien aurrean, uste baitu ez dietela aurre egiten Euskal Herrian alokairuen garestitzearen arrazoi estrukturalei eta —beste behin ere, LABek salatu izan duen bezala— higiezinen patronalaren aldeko neurriak direla.

LABek etxebizitza politikak eskatzen ditu langile gehiengoaren alde: diru-laguntzen politikak alde batera utzi, prezioak jaisteko apustua egin, parke publikoaren eta alokairu sozialaren hedapena lehenetsi, eta higiezinen patronalaren negozioa mugatu. Sindikatuak berresten du etxebizitzaren negozioari aurre egiteko konpromisoa, ekintza sozio-sindikalaren bidez. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Osakidetzako langileek irmoki erantzun diote greba deialdiari, eta kaleak bete dituzte lehenengo greba egunean

Eguerdiko manifestazioek milaka pertsona bildu dituzte, osasun zerbitzuko kategoria guztietako beharginak eta osasungintza publikoa babesteko herri plataformetako kideak eta herritarrak barne.

Osakidetzako grebaren baitan Osasun Sailean eserialdia egin dugu

Bilboko egoitzan ekimena egin dugu goizean, eta Alberto Martinez sailburuari eskutitza helarazi ahal izan diote haren idazkariaren bitartez. Greba eguna oso arrakastatsua izaten ari da....

Nafarroako administrazioko langile guztiek 60 urterekin erretiroa hartu ahal izatea eskatu dugu

Gaur goizean LAB sindikatuak elkarretaratzea egin du Nafarroako Jauregiaren aurrean, urtarriletik aurrera langileok enegarren eskubide-igalera pairatuko dugula salatzeko: erretiro adin arrunta 67 urtera atzeratzea....