2026-10-30
HomeUncategorizedBerretsi egin dugu Nafarroako Administrazio Publikoan dugun gehiengo sindikala, bigarren indarraren ordezkari...

Berretsi egin dugu Nafarroako Administrazio Publikoan dugun gehiengo sindikala, bigarren indarraren ordezkari kopurua ia bikoiztuta

Nafarroako Administrazio Publikoan atzo egindako hauteskunde sindikaletan LAB lehen indarra izan da berriz ere. Emaitzak emaitza, gauza bat berretsi nahi dugu: Nafarroako Administrazioetako langile guztien eskubideak defendatzen segituko dugula eta gure esku dagoen guztia egingo dugula 2015ean hasitako aldaketan sakontzeko, Nafarroak behar duelako.

Hona hemen atzoko emaitzak, atalez atal:

Irakaskuntza arloan, LABek gora egin du bai ordezkarien kopuruan (11 izatetik 12 izatera pasatu gara), baita lortutako boto kopuruan ere. 900 bototik gora lortu ditugu lehenbiziko aldiz, emandako boto guztien ia % 20. Horri esker, irakaskuntza arloko lehenbiziko indarra izaten segitzen dugu.

Osasunbidean, lan kontratudunak kontuan hartu gabe (hauen hauteskundeak 2020an eginen dira), LABek duela lau urte lehen aldiz erdietsi zuen garaipena berretsi egin du. Ordezkari kopurua mantendu egin du (13 osotara), botoen %20tik gora lortuz.

Administrazioko gainerako eremuetan, hau da, Administrazio Erroan, PAGNAn, Babes Zibilean eta Suhiltzaileetan, Justizian, Ogasunean, Nafar Lansaren, Kirol eta Gazterian, NOPLOIn, Euskarabidean eta Foruzaingoan (azken honetan ekainean izanen dira hauteskundeak), 2015ean lortutako ordezkari kopuruari eutsi diogu: guztira, 42.


PAGNAn eta Babes Zibila-Suhiltzaileetan gehiengo nabarmena lortu dugu. Aipagarria da, orobat, Euskarabidean lortutako emaitza, non jokoan zeuden 7 ordezkarietatik 5 lortu ditugun (eremu hori estreinako aldiz eratu da hauteskunde hauetan).

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuan ere zer ospatua badugu, bigarren indarra izatetik lehenengo indarra izatera pasatu baikara, eta NOPLOIn gehiengoari eutsi diogu.

Jasotako boto kopuruak ere argi erakusten du LABek harrera ona izan duela Administrazioko langileen artean, guztira 156 boto gehiago lortu ditugulako: 2015ean 1041 boto lortu genituen, eta 2019an, berriz, 1197.

2015ean lortutako gehiengoa berrestea izan da hauteskunde hauetarako LABen helburu nagusia. Ordukoa liskar handiko unea izan zen, UPNk eta PSNk Administrazioko langile guztioi ezarri zizkiguten murrizketak zirela kausa.

Orain, ordea, 2015ean lortu genuen sostengu handiari esker, egoera bideratzen hasi da: murrizketa askori buelta eman diegu, kolektibo asko mailaz igo dira, E maila desagertu da… Hori guztia, bistan da, ezinezkoa izanen zen babes itzel hura gabe, urteotan ere egunero-egunero zuengandik sentitu duguna.

Baina gure lana ez da hor bukatzen: lanean segitzen dugu Administrazioko langile guztien baldintzak hobetzeko asmoz.

Eta hala segitu nahi dugu, garbi daukagulako gauza asko hobetu behar direla oraindik: langile guztiak 3 mailatan (A, B eta C) kokatuko dituen langileen estatutu berri bat erredaktatzea; lapurtu ziguten erosahalmena berreskuratzea, lanbide karrera maila guztietara hedatzea; langile finkoen eta behin-behinekoen soldatak parekatzea (gradua, lanbide karrera…), aldez aurreko erretiroa ezartzea, euskararen egoera Administrazioan normalizatzea, eta abar, eta abar.

Helburu horiek lortzeko, baina, legealdi honetan izan dugun Gobernuak erakutsitako sentiberatasun bera edo handiagoa duen gobernu bat behar dugu.

Erabat etsigarria litzateke enplegatu publiko guztientzat UPNren garaietako gobernuaren ildo beretik jotzen duen beste gobernu bat aurkitzea, haren ekimenez gure erosahalmena % 15 inguru jaitsi baitzen.


 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Osakidetzako langileek irmoki erantzun diote greba deialdiari, eta kaleak bete dituzte lehenengo greba egunean

Eguerdiko manifestazioek milaka pertsona bildu dituzte, osasun zerbitzuko kategoria guztietako beharginak eta osasungintza publikoa babesteko herri plataformetako kideak eta herritarrak barne.

Osakidetzako grebaren baitan Osasun Sailean eserialdia egin dugu

Bilboko egoitzan ekimena egin dugu goizean, eta Alberto Martinez sailburuari eskutitza helarazi ahal izan diote haren idazkariaren bitartez. Greba eguna oso arrakastatsua izaten ari da....

Nafarroako administrazioko langile guztiek 60 urterekin erretiroa hartu ahal izatea eskatu dugu

Gaur goizean LAB sindikatuak elkarretaratzea egin du Nafarroako Jauregiaren aurrean, urtarriletik aurrera langileok enegarren eskubide-igalera pairatuko dugula salatzeko: erretiro adin arrunta 67 urtera atzeratzea....