2026-03-03
HomeEkintza Sindikala1.300 ordezkari mobilizatu ditu LABek Martxoaren 3an

1.300 ordezkari mobilizatu ditu LABek Martxoaren 3an

Langileen memoria eta kontraboterezko sindikalismo soziopolitikoak aldaketak eragiteko duen gaitasuna azpimarratu ditu LABek, eta, duela 50 urteko grebetan bezala, bi aste barrukoan ere euskal langileriak aberastasunaren banaketa eta soldata duinak ozen aldarrikatuko dituela gogoratu du.

Ordezkarien batzarra egin du LABek Gasteizko Europa Jauregian, eta bertan hitzartzea egin dute bi koordinatzaile orokorrek. Garbiñe Aranburuk nabarmendu du Martxoaren 3a oroimenerako eguna dela, borroka sindikala balioan jarri eta erronkei begiratzekoa. Gogoratu du 1976ko martxoan euskal langile mugimendua indartsu zegoela. “Eskubide laboralekin batera, aldarrikapen politikoek ere indar handia zuten”, zehaztu du eta honakoa gaineratu: “Ernaltzen ari zen loraldia zapuzteko saiakera argia izan zen martxoaren 3an poliziak egindako sarraskia”.

Horretan sakonduz, aitortu du orduan “mina eragin” zutela, baina huts egin zutela estrategian. “50 urte beranduago hemen gaude, indar handiagoz”. LAB sortu berria zen 1976ko martxoaren 3an, eta Aranburuk azpimarratu du, “bere txikitasunean, buru belarri inplikatu” zela. Aipatu du gauzak asko aldatu direla azken 50 urteetan. Egun, Euskal Herri osoan hedatutako sindikatu nazionala da LAB. Hazi egin da eta funtsezkoa izan da bertako ekosistema sindikala aberasteko. “LABek defendatutako ideiek babes zabala dute egun”, gaineratu du Aranburuk.

Azpimarratu du sindikatua aitzindaria izan dela hainbat arlotan. Duela 30 urte sortu zuen Emakume Idazkaritza, “sindikatua feminizatu eta emakumeei* dagokien tokia eginez lehenik, eta ,ondoren, borroka sindikala gizonen ondarea bakarrik ez dela argi utziz”. 

Egun bizi dugun olatu erreakzionarioa ere hizpide izan du Aranburuk, eta indarra hartzen ari direla antifeminismoa, homofobia, xenofobia eta euskarafobia. Horren aurrean, adierazi du “kontraboterezko sindikalismoa, feminista eta antirrazista” dela antidotoa. Eta gaineratu du “langile guztiak aintzat hartzea balio erreakzionarioei ateak ixtea” dela. “Langile guztiak antolatzen ditugu, ez dugu inor bazterrean utziko”, azpimarratu du 

LAB sindikatu soziopolitikoa dela ere gogoratu du Aranburuk: “Noski politikan eragin nahi dugula; aldaketa politikoak behartu nahi ditugu bizitza erdigunean jartzeko”. Hala ere, gogoratu du, hain testuinguru zailean, estatu egiturak ez izateak eta gure nazioa eta burujabetza aitortua ez izateak zaurgarriago egiten gaituela. “LAB beti izango da eragile aktiboa aldaketarako prozesu politikoa bultzatzeko”.

Igor Arroyok, bere aldetik, adierazi du duela 50 urteko gertakariak “oroitzeko, estatuaren bortizkeria salatzeko eta justizia eskatzeko” eguna dela gaurkoa, eta, era berean, “XX. mendeko grebak gogoan ditugula, XXI. mendeko grebak hauspotzeko eguna”. Horrela, nabarmendu du 1976ko sarraskiak zapuztu nahi izan zuen Gasteizen zabaltzen ari zen grebak orokor hartan aberastasunaren banaketa bidezkoagoa eskatzen zela. “Soldatak eta, oro har, lan baldintzak hobetzea. Denon artean sortutako aberastasuna denon artean banatzea. Eta horixe aldarrikatuko dugu martxoaren 17ko Greba Orokorrean”, zehaztu du. 

Lan sindikala goraipatu du Arroyok: “Zuek guztiok egindako ekarpenari esker, Euskal Herrian badago sindikalismo eraginkorra, patronalari aurre egiteko gaitasunarekin”. Azken urteetako ibilbideari erreparatuz, nabarmendu du gai izan garela pandemiatik hona borroka ziklo berri bat abian jartzeko. “Hamaika greba eta borroken bidez, hitzarmen asko berritzea lortu dugu. Ordezkaritza sindikalik gabeko sektoreak antolatu ditugu”.

Patronalak, Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak gutxieneko soldata propioari bidea itxi diotela gogoratu du Arroyok, baina ezezko horren aurrean emandako erantzuna nabarmendu du: “Uste zuten konformatu egingo ginela, besoak gurutzatuta geratuko ginela? Ezta pentsatu ere. Greba Orokorrera goaz”.

Arroyok gaineratu du gehiengo sindikalak Greba Orokorrera deitu zuenetik gauzak mugitzen ari direla. “Harresi bikoitza jarri nahi ziguten, baina pitzadurak eragiten ari gara, bai negoziazio kolektiboan, baita maila politikoan ere”, zehaztu du.

Negoziazio kolektiboari dagokionez, patronala “urduri” dagoela gaineratu du. “Greba Orokorrak sektore askotako borrokak hauspotu ditu. Negoziazio mahaietan patronala bere eskaintza ekonomikoa hobetzen ari da, langileon ofentsibaren beldur delako”, azpimarratu du. Eremu politikoa aipatuz, EAJ eta PSE-PSN ere “urduri” daudela nabarmendu du. “Nafarroan, EH Bildurekin batera, Gero Baik gutxieneko soldata ezartzeko eskumenaren alde egin du. Madrilen inbestidurako blokean ahots ugarik egin dute aldarrikapen honen alde. Eta EAEn, Pradales eta Torres urduri daude, Confebask mugistu nahian dabiltza, presio politikoa euren gainetik kentzeko”, azaldu du Arroyok.

Martxoaren 17ko Greba Orokorrari “azken bultzada” emateko deiarekin amaitu du bere interbentzioa LABeko koordinatzaile orokorrak: “Zabaldu dezagun Greba Orokorra lantokiz lantoki, herriz herri, atez ate”.

“Ordukoa eta gaurkoa borroka beraren parte dira”

Langile borrokaren memoriak eta transmisioak ere leku garrantzitsua izan du ekitaldian. Martxoak 3 elkarteko eta LABeko zenbait kide Justizia idatzita zuen pankarta batekin eta krabelinak eskuetan hartuta oholtzar igo diren momentua izan da ekitaldiko une hunkigarrienetako bat. Santi Díaz de Espadak, duela 50 urteko gertakarien lekuko zuzena izan zenetako batek, hartu du hitza haien guztien izenean:“1976ko martxoaren 3 hartan hemen ginen, lan eta bizi baldintza hobeen alde borrokan”. Langile borrokak eta haren beharrak, 50 urte geroago, bere horretan jarraitzen dutela azpimarratu du Díaz de Espadak: “50 urte geroago, antolakuntza eta langile borroka dira gure bidea, eta LAB gure sindikatua. Hemen gaude, 50 urte geroago, greba orokor baten atarian, soldata hobeen defentsan. Ordukoa eta gaurkoa borroka beraren parte dira”.

Jarraian, Igor Txillon eta Maddalen Dorador LABeko kideak igo dira oholtzara, sindikatuko beste 20 ordezkararekin batera, elkartekoei lekukoa hartuta: “Zuen oinordekoak gara. Ez da haria eten. Borrokan jarraitu dugu eta jarraitzen dugu. Egun bizirik dauden hamaika borrokatan lan eta bizi baldintza duinen alde jarraitzen du LABek, eta horietako hainbatetan sindikatuko kideek egindako lana goratu zuten bi kideek. MICE abeslariak itxi du Martxoaren 3ko gertakariei eskainitako atala, Sugeak gara abestia kantatuz. 

Horrez gain, elkartasun internazionalistak ere izan du bere tokia ekitaldian, eta horren garrantziaz mintzatu zen Miriam Campos LABeko kidea, atzean nazioarteko hainbat sindikatutako kideak zituela; hala nola, Hegoafrika, Italia eta Greziakoak. 

Kantuan amaitu dute ekitaldia bertaratutakoek, eta, ondoren, manifestazioan joan dira Martxoak 3 plazara eta lore eskaintza egin dute bertan kokatuta dagoen monolitoan.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gipuzkoako Mendizaleen Federazioko lan hitzarmena berritzea lortu dugu!

2025. urte bukaeran erori zen Gipuzkoako Mendizaleen Federazioko hitzarmena berritu dugu hurrengo hiru urteetarako. Hitzarmen berri honen iraunaldian zehar 60 lan ordu gutxiago egitea adostu...

Otis Mobility enpresako langileak 5 eguneko grebaren atarian

OTISeko Donostiako plantako langileek gaur izan dute martxoaren 6ra arte luzatuko den greba deialdiaren lehen eguna. Enpresak modu arbitrarioan burutu zuen kaleratzearen ondorioz, eta...

Elkarretaratzea TASUBINSAko Enplegu Zentro Berezi eta zentro okupazionaletako garraioaren ezegonkortasunaren aurrean

LAB, UGT, CCOO eta ELA sindikatuek Gizarte Eskubideen Departamentuaren aurrean elkarretaratzea egin dute, Tasubinsako Enplegu Zentro Bereziek (EZB) eta zentro okupazionalek bizi duten egoera...