2026-02-26
HomeEkintza SindikalaLABek salatu du Tubos Reunidoseko enplegu-erregulazioko espedientea justifikaziorik gabeko enpresa-erabakia dela, eta...

LABek salatu du Tubos Reunidoseko enplegu-erregulazioko espedientea justifikaziorik gabeko enpresa-erabakia dela, eta langileei bizkarra ematea egotzi die erakundeei

Tubos Reunidosek aurkeztutako enplegu-erregulazioko espedientearen kontsultaldiaren laugarren bileraren ondoren, LABek berretsi du ez dagoela legeak eskatzen dituen baldintzetan oinarritutako arrazoirik, eta prozesuak gabezia larriak agerian uzten dituela, bai ustezko egiturazko bideraezintasuna egiaztatzeari dagokionez, bai fede onez negoziatzeko betebeharrari dagokionez.

Enpresak oso erabaki larria hartu du: 301 langile kaleratu eta altzairutegia ixtea. Altzairutegia ixtea ez da neurri txikia; enpresa osoaren etorkizuna arriskuan jartzen duen erabaki estrategikoa da. Gaur-gaurkoz, egindako bileretan, zuzendaritzak ez du frogatu itxiera eta kaleratzeak justifikatzen dituen benetako arrazoirik dagoenik.

Duela urte gutxi, enpresak 112 milioi euro baino gehiagoko finantzaketa publikoa jaso zuen, 2026ra arte bideragarritasuna bermatzeko. Prozesu honetan agerian geratu dena ez da gerora sortutako egiturazko bideraezintasuna, baizik eta zuzendaritzaren urteetako kudeaketa negargarria. Eta, beste behin ere, kudeaketa txar hori langileek, Aiaraldeko eta Ezkerraldeko eskualdeek eta herritar guztiek ordaintzea nahi dute, laguntza publikoak guztion poltsikotik ateratzen direlako.

EEE honek ez die soilik 301 familiari eragiten. Eragin zuzena izango du azpikontratetan ere, eta Aiaraldeak eta Ezkerraldeak aspaldidanik jasaten ari diren desindustrializazio-prozesua areagotuko du. Ez gaude abandonatutako enpresa baten aurrean, baizik eta diru publikoz eutsitako enpresa baten aurrean, orain bere emaitzen kontua doitu nahi duena enplegu industriala suntsituz.

Etengabeko ate-jotzeak, diskurtso bikoitza eta kriminalizazioa

Enplegua suntsitzen den bitartean, erakundeek etengabe ixten dizkigute ateak aurpegian. Enplegu-erregulazioko espedientea bertan behera uztea eta enplegua irmo defendatzea eskatu beharrean, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak diskurtso hutsean eta eszenifikazioan jarraitzen dute.

Berrindustrializazio-mahaiaren azken bileran, enpresako zuzendaritza bertan zela, “industriako talentuaz” hitz egin zen, kalean langileak beren lanpostuak defendatzen ari ziren bitartean. Eusko Jaurlaritzaren erantzuna ez zen enpresa interpelatzea izan, baizik eta Segurtasun Saila bidaltzea beren enplegua eta eskualdearen etorkizuna defendatzen ari ziren langileen aurka oldartzera. Hori izan zen haren ekarpena.

Gainera, erakundeek atzeko atetik sartzea erabaki zuten, eskualdeari bizkarra emanez eta mobilizatzen ari zirenei entzutea saihestuz. Irudi horrek ezin hobeto islatzen du haien jarrera.

Gaur bertan, kontsultaldiaren bileraren aurretik, Ertzaintza negoziazio-batzordeko kideen motxilak miatzen saiatu da, baina uko egin diogu. Onartezina da enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren jarrera, langileak kriminalizatzea eta beren lanpostuen defentsa legitimoa egiten ari diren pertsonak susmagarri gisa tratatzea. 

Era berean, larria da Amurrioko alkatearen, Eusko Alderdi Jeltzaleko kide denaren, diskurtso bikoitza; izan ere, egun batzuk lehenago kezka eta elkartasuna helarazi zizkion enpresa-batzordeari, eta, hala ere, egun horretan bertan erakunde eta enpresa-ordezkariekin batera agertu zen, bere herrikideak lanpostua defendatzeagatik erreprimituak ziren bitartean.

Ezin da etorkizun industrialaz hitz egin egungo enplegua suntsitzea baimentzen den bitartean. Aiaraldeari ezin zaio konfiantzarik eskatu isiltasunarekin, ate-jotzeekin eta karga polizialekin erantzuten zaionean.

LABetik argi eta garbi diogu: ez dugu EEE hau onartzen, ez dugu altzairutegiaren itxiera onartzen eta ez dugu pasibotasun instituzionala onartzen —konplizitatea ez bada— eskualdearen etorkizun industriala mehatxatzen duen erabaki baten aurrean. Ez du axola bilerak nora eramaten dituzten; beti aurrean izango gaituzte.

LABek lanpostu guztiak eta Aiaraldearen zein Ezkerraldearen etorkizuna defendatzeko konpromiso irmoa berretsi du. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko kudeaketa zuzeneko jangela publikoetako hiru greba egunetako jarraipena masiboa izan da

LAB sindikatuak oso positibotzat jo du EAEko eskola publikoetako kudeaketa zuzeneko jangeletan deitutako hiru greba egunetan izandako jarraipena. Hiru jardunaldietan zehar, parte-hartzea gehiengoa izan...

7. Lanuzte eguna Hazten eta Sortulekuko zerbitzuetan

Hazten eta Sortulekuko langileek zazpigarren lanuzte eguna egin dute ostegun honetan, hilak 26, duela bi hilabete hasitako mobilizazio-egutegiaren barruan. 11:30ean Arabako Foru Aldundiaren aurrean...

EUDELen eta PNVren egoitzen aurrean mobilizatu da LAB, Udalhitz hitzarmenaren mahaira edukiak ekarri ditzaten eskatzeko

LABek EUDELI eta bere lehendakaritza duen PNVri eskatu dio azaroaren 7tik bizi dugun blokeoarekin hausteko eta mahaietara negoziatzeko eduki nahikoak ekartzeko. LAB sindikatuak Udalhitzen negoziazioak...