2026-08-02
HomeZerbitzu PublikoakZerbitzu SoziokomunitarioaArabako helduen egoitzetako arreta eta lan baldintza eskasak salatu ditugu Gasteizen

Arabako helduen egoitzetako arreta eta lan baldintza eskasak salatu ditugu Gasteizen

LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuok salatu bezala, Araban, egoitza ugari egon arren, ez dago hitzarmenik sektoreko langileen baldintzak arautzen dituenik. GOFEko zuzendari Jose Luis Alonso Quilchanok, sindikatuokin izandako azken bileran, esan digu oraingo egoera hau Egoitzen Dekretua argitaratu bezain laster aldatuko dela, baina bi urte baino gehiago daramate dekretu hori prestatzen.

Arabako Biltzar Nagusietan berriro piztu da eztabaida, zainketen, egoitza-sektorearen eta haietako lan-baldintzen inguruan. Ez da behar bezala preziatzen, politikarien eta gizartearen aldetik, gure nagusiak zaintzeko lana, ezta zaintzaileak ondo tratatuak izateko beharra ere. Haien lana ez da behar beste estimatzen. Herri-erakundeen aldetik teorian duten arreta-ereduaren ardatza pertsona da, erabiltzailea, egoiliarra. Hala ere, gaurko egunean eredu horren helburua ez da inondik inora betetzen, ez baita arreta egokirik ematen jende nagusiaren egoitzetan.

Adinekoen egoitzak zenbait motatakoak izan daitezke: egoitza publikoak, aldundiarekin itunpeko eta kudeaketa pribatuko egoitzak, egoitza pribatuak zenbait itunpeko oherekin, eta egoitza erabat pribatuak. Mota horietako bakoitzean ematen den arreta desberdina da, eta erabiltzaileek ordaindu beharreko kostua ere bai.

Erabiltzaileek eta langileek egoitza horietako batean eta bestean jasotzen dituzten arretak eta trataerak erabat desberdinak dira, eta hori salatzen dugu sindikatu sinatzaileok. Erabiltzaileen eskubideak behin eta berriz urratzen dira, eta langileen baldintzak gero eta prekarioagoak dira.

Ildo horretatik sindikatuon ustetan administrazioak behar besteko egoitza-plaza publikoak eskaini beharko lituzke, herritarrek eskatzen dituzten adinakoak; erabiltzaile guztientzako arreta-baldintza duinak eta sektore horretako langileentzako lan-baldintza parekoak bermatuz.

Helburu hori lortzen ez dugun artean, sindikatuok Arabako Foru Aldundia eta GOFE premiatu ditugu arazo horretan esku hartzera. Egoitzen Dekretuaren prestatze-prozesua gero eta aurreratuago dagoela esan digute. Alonso Quilchanok hitzeman digu, behin dekretua argitaratu ondoren, bilerak egingo dituela egoitzetako enpresa kudeatzaileekin, sindikatuekin batera laneko mahai bat sortzeko beharra adierazteko. Beraz, egoitzetako probintzia-hitzarmen kolektibo bat sustatuko da, sektoreko langileen baldintzak eta erabiltzaileen arreta-kalitatea arautzeko. Horren haritik, sindikatuok azpimarratu dugu hori dela modu bakarra Aldundiak bere konpromisoa bete dezan, alegia, pertsona helburu duen arreta bat eman dezan.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto MartĂ­nez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.