2025-12-07
HomeEkintza SindikalaLABek konpromisoa exijitzen du Estatu Batuek Kubaren aurka duten blokeoa amaitzeko NBEn...

LABek konpromisoa exijitzen du Estatu Batuek Kubaren aurka duten blokeoa amaitzeko NBEn egingo den bozketan

Gaur, Nazio Batuen Erakundeko estatu kideek Estatu Batuek Kubari ezarritako blokeo ekonomikoa, komertziala eta finantzarioa bertan behera uztea eskatzen duen ebazpena bozkatuko dute. 1992az geroztik, estatu kideen gehiengo osoaren babesa jasotzen du bozketa horrek; iaz, 187 gobernuk babestu zuten ebazpena, eta soilik bi herrialdek —AEBk eta Israelek— egin zuten kontra, bat abstenitu egin zelarik.

Kubaren aurkako blokeoa sei hamarkada baino gehiagoz luzatzen da. 2019tik, Donald Trumpen lehen administrazioak presio handieneko politika eta 243 zigor berri ezarri zituenetik, pandemiaren ondorioekin batera, Kubako ekonomiaren aurkako “ekaitz perfektua” gertatu da. Egoera ez zen hobetu Bidenen etorrerarekin, izan ere, ez zituen zigor horiek eten eta blokeoa indarrean egon zen bere gordintasun osoan. Gaur egun, Trumpen bigarren administrazioak, Marco Rubio Estatu idazkariarekin, zigor sorta berri bat ezarri du.

Gainera, LAB sindikatuko Nazioarteko Harremanetarako Idazkaritzako kide Amanda Verronek jakinarazi duenez, aurtengo bozketan aurrekaririk gabeko mehatxu, presio eta xantaiak jaso dituzte herrialde batzuek —batez ere Europa eta Latinoamerikakoak—, blokeoaren amaieraren aldeko boto historikoa alda dezaten. Ukrainarekin izandako gatazkan Errusiarekin izandako ustezko “Kubaren lankidetza militarra” bezalako gezurrak erabiliz (ez dago horrelakorik, eta ez dute inolako frogarik aurkeztu), Trumpen administrazioak bere makineria diplomatiko guztia jarri du martxan azken asteetan.

Hori dela eta, Euskadi-Kuba elkartasun elkartea eta Sierra Maestra-Euskadi eta Desembarco del Granma Kubako emigrazioaren Euskal Herriko elkarteak LABen Bilboko egoitzan bildu dira gaur, uhartea ezegonkortzeko ahalegin berri hori salatzeko eta NBEko bozketa gertutik laguntzen dutela eta blokeoaren amaieraren alde daudela adierazteko.


Kubaren aurkako blokeoa amaitzeko nazioarteko borrokari laguntza

José Manzaneda, Euskadi-Cuba adiskidetasun elkarteko kidearen arabera, oso estrategia zehatza dago uharteko diru-sarrera, inbertsio edo kreditu iturri guztien aurka: turismoa, hitzarmen medikoak, bidalketak, esportazio farmazeutikoak, eta abar. Urtero 5.000 milioi dolar inguruko kostua du blokeoak. Aurten %50 hazi da, eta 7.500 milioira iritsi da. Horren arrazoia da jaso gabeko ondasun eta zerbitzuen esportazioengatiko diru-sarreren suntsipenaren eraginkortasun handiagoa, turismoan izandako inpaktua nabarmenduz. Blokeorik gabe, Kubak urteko %9tik gorako hazkundea izan dezake bere makroekonomian.

Gogora ekarri behar da Bruselako Nazioarteko Auzitegiak Kubaren blokeoaren aurka emandako epai irmoa, 2023ko azaroan Europako Parlamentuan bertan sinbolikoki eman zena. Kontzientzia-auzitegi honek, mundu osoko legelari, intelektual eta lider sozialek osatuak, Estatu Batuetako gobernua ERRUDUNTZAT jo zuen gizateriaren aurkako krimenak egiteagatik eta genozidio saiakeragatik, gaur egun Kubako osasun publikoari bereziki eragiten dion blokeoa ezarriz.


Azken sei urteetako zigorrek Kubako osasun publikoan izan duten eragina

Milagros Acea, Sierra Maestra-Euskadi eta Desembarco del Granma Kubako emigrazioaren elkarteetako kideak azaldu duenez, gaur egun Kubako ospitaleek eta farmaziek oinarrizko sendagaien %30 baino ez dute. Gainera, gutxienez 94.700 pazientetako “zor kirurgikoa” dute, eta horietatik ia 10.000 haurrek ez dute aurten behar duten ebakuntza egiteko aukerarik izan.

Kezkagarria da, halaber, haurren heriotza-tasak gora egin duela: 2019an jaiotako 1.000 umetik 5 ekoa zen, eta azken neurketetan 7,5 izatera igaro da. Kubako ekonomialariaren arabera, 16 egunez blokeoagatik jaso ez den balio ekonomikoarekin —hau da, 339 milioi dolarrekin— urtebeterako oinarrizko botiken erosketa guztia estali ahal izango litzateke. 14 orduko blokeoaren diruarekin (12 milioi dolar), dialisia edo intsulina behar duten pazienteek hilabetez jaso lezakete tratamendua.


Sendagaien, osasun-materialen eta taupada-markagailuen kanpaina solidarioa

Amanda Verronek, LABeko Nazioarteko Idazkaritzako kideak, jakinarazi duenez, blokeo kriminal horren aurkako erantzun internazionalista gisa, LAB sindikatuak aipatutako elkarteekin bat eginda, sendagaiak, osasun-materiala eta taupada-markagailuak erosteko funtsak biltzeko kanpaina abiarazi zuen irailaren 1ean: “Langileon elkartasunez blokeoa hautsi!” izenekoa.

Bilketa-guneak sindikatuaren 22 egoitza izan dira Hego Euskal Herri osoan, LABek ordezkaritza sindikala duen osasun-zentroak (hala nola Basurtuko Ospitala), Euskadi-Kubako Bilboko egoitza eta herriko taberna batzuk. Beste ezeren gainetik, LABeko osasun-ordezkarien lan militantea aitortu behar da, batez ere Osakidetzan eta Osasunbidean.

Kanpaina urriaren 31n amaituko da, eta gaur egun biltzen, sailkatzen eta paketatzen ari dira. Amanda Verronek lehen datuak partekatu ditu, oso behin-behinekoak oraindik:

  • Bost tona inguru material biltzea aurreikusten da;
  • Honako materialak bildu dira: sendagaiak; xiringak, maskarak, eskularruak, esparatrapuak, bendak, zundak, josturak eta higiene-produktuak (pixoihalak, konpresak eta preserbatiboak);
  • Kanpainak 12.000 euro ere jaso ditu, eta Medicuba Europa GKEaren “Eskua bihotzean” kanpainan txertatuko da. Horrekin, kamara bakarreko 20 taupada-markagailu inguru eskuratuko dira.

Horregatik guztiagatik, LAB sindikatutik irlaren aurkako azken eraso inperialistak salatzen ditugu, nazioarteari eskatzen diogu blokeo kriminal horren aurkako NBEren aurreko bozketan konpromisoa har dezala, eta berriro ere adierazten dugu gure defentsa Kubako herriaren subiranotasunaren eta autodeterminazioaren, Kubako Iraultzaren eta mundu guztiari transmititu dizkion balioen alde.

Kuba terrorismoa babesten duten herrialdeen zerrenda zitaletik kentzea ere aldarrikatzen dugu. Oso argi daukagu, eta harro diogu, Kuba zerrendaren batean egon beharko balitz, bizitza, elkartasuna eta giza eskubideak defendatzen dituzten herrialdeen zerrenda izango litzatekeela. Azkenik, gure elkartasuna bidaltzen diegu Central de Trabajadores de Cuba-ri eta Kubako herri osoari, bai uhartean bai Euskal Herrian.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Zipreko PEO zentral sindikalaren kongresuan parte hartu du LABek

Zipreren batasunaren eta autodeterminazioaren aldarrikapenarekin bat egin du Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak, Munduko Federazio Sindikaleko kide den zentral sindikalaren kongresuan. Horrez gain, sindikatuak...

Enplegu Publikoaren Legea Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eramateko asmoak euskararen aurkako oldarraldi judiziala larriagotuko du

Euskal jendartearen eta langile publiko gehienen iritziaren aurka, euskara gazteleraren maila berean kokatzea debekatu lezake ebazpenak, eta euskara bigarren mailako egoera subsidiariotik atera ahal...

LABek irmo salatzen du Donostiako Martutene auzoan 111 lagun kale gorrian utzi izana

Herritar orok bizitza bizigarria izateko duen eskubidea gogoratu du LABek, hori bermatzeko eskatu die instituzioei, eta horren alde antolatzeko deia ere egin du. Donostian...