2026-10-02
HomeZerbitzu PublikoakZerbitzu SoziokomunitarioaEgogain helduen egoitzako langileek lan baldintza duinak aldarrikatu dituzte

Egogain helduen egoitzako langileek lan baldintza duinak aldarrikatu dituzte

Eibarko Untzaga plazan egin dute protesta, kalitatezko zerbitzu publikoen defentsan eta murrizketa, pribatizazio eta arduragabekeriaren aurka. Sinadura bilketa bat abian dute euren aldarrikapenek babesa jaso dezaten.

Hauxe da sinadurak biltzeko prestatu duten oharra. Sinadurak erabiltzaileen senideen, Gipuzkoako Foru Aldundiko langileen eta Eibarko herritarren artean jaso nahi dituzte:

Egogaineko langileak gara, zuengana zuzentzen gara gure lan baldintzak salatzeko eta nagusiek merezi duten arretaren alde atxikimendua eskatzeko. Kasu honetan helburu hauek lortzeko sortu ditugun info-puntuetan sinadura bilketa eginez.

Egogain, Eibarren kokatzen den egoitza da, bertan pertsona nagusi, mendekotasun handia, adimen urritasuna eta gaixotasun mentalak dituzten pertsonak artatzen ditugu, guk, zaindu eta maitatu egiten ditugu, gehienek hemen egingo baitituzte beraien bizitzako azken urteak, behar duten bizi duina eta merezi duten kalitatezko arreta izan dezaten lanean dihardugu.

Azken urteetan Gipuzkoako Foru Aldundiak atzerapauso ugari eman ditu hainbat arlotan ditugun baldintzengatik hainbeste borrokatu duten pertsonen kaltean, zahurgarritasun egoeran dauden pertsonekin alegia:

● Merezi duten arreta eskaini ahal izateko baliabideak murriztu dituzte:

○ Hainbat lanpostu desagertarazi dituzte: ordenantza, mantenimendu, administrari,

○ Bajak, lanaldi murrizketa gehienak ez dituzte betetzen: biltegi-langilearena, haurren zaintzagatik lanaldia murriztua duten erizainak (kontuan izanik langileon gehiengoa emakumezkoak garela), medikuarenera joaten garenean, e.a.

○ Arretan aritzen garenon hainbat lanpostu desagertarazi dituzte. Erizain askorena besteak beste, eta gainera etorkizunean gehiago murrizteko asmorekin dabiltza.

○ Egoiliar gehiagorentzako plaza berriak egongo dira, langile kopuru txikiagorekin

Murrizketa guzti hauek langileongan eragiteaz gain, egoiliarrek merezi duten kalitatezko arretan ere eragina zuzena du. Guzti hau gutxi balitz, honetan jarraitzeko asmoarekin agertu dute. Gure aldarrikapenak honako hauek dira:

● Zaintza profesionala eskaintzea, Erizain Laguntzaile izendapenaren bidez onartua. Emakumeok historian zehar egindako lanaren profesionalizaioaren onarpena. Bokazioz egiten dugun lan hau, profesionala izan behar du: ez karitatean oinarriturikoa.

● Kalitatezko arreta integrala eskaintzeko beharrezko baliabideak izatea: giza eta baliabide materialak izatea.

● Zerbitzu publikoa izaten jarraitzea , kudeaketa publikoa langile publikoekin.

● Eibarko egoitza eredu izaten jarrai dezan Gipuzkoan eta EHn.

Honegatik guztiagatik, arazoa guztiona dela jakinda, (etorkizunean gutariko edonor izan gaitezkeelako Egogaineko erabiltzaile), borroka kalera ateratzea erabaki dugu. 

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.