2025-12-05
HomeUncategorized1975-2025. Dena aldatu nahi genuen. Dena aldatu nahi dugu.

1975-2025. Dena aldatu nahi genuen. Dena aldatu nahi dugu.

Sindikalismoa ulertzeko bi modu daude. Kontzertazioaren aldeko apustua egin eta konfrontazioa bigarren mailan uzten dutenena, batetik, eta kontrabotere sindikalismoaren alde egiten dugunona, bestetik, langileen indarra antolaketan eta borroka gaitasunean kokatzen dugunona. Sindikatu batzuk, unean uneko legediak langileei aitortzen dizkien eskubideak babestera mugatzen dira. Gu, aldiz, ez gara horrekin konformatzen; euskal sindikalismo eraldatzailea da gurea. Guk indarrean dagoen legedia, indarrean dagoen antolamendu ekonomiko eta soziala, aldatu nahi dugu. Lehenik eta behin, ez delako bidezkoa; langileen, emakumeen eta herrien zanpaketan oinarritzen delako. Eta bigarrenik, gero eta bideraezinagoa delako, planetaren bizitza kolokan jartzen ari delako.

Sindikatu soziopolitikoa da, hortaz, gurea. Hala izan da bere sorreratik, orain bost hamarkada. Garai horretan, euskal langile mugimenduak indar handia zuen. Eskubide laboralak ez ezik, eskubide zibil eta politikoak aldarrikatzen zituen; besteak beste, sindikatu autonomoak eratzeko eta ordezkaritza sindikala hautatzeko eskubidea. Berrogei urtez indarrean egondako diktaduraren amaiera aldarrikatzen zuen; errepresialiatutako guztientzako amnistia; Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidea.

Garaiko langile mugimenduaren konpromiso politikoa adierazten duen gertakari historikoen artean mugarri izan zen honako hau: hilzorian zen Francok bere azken heriotza zigorrak sinatu zituenean, hiru egunetako Greba Orokorra egin zen Hego Euskal Herrian. 1975eko irailaren 27an Txiki eta Otaegi fusilatu zituen erregimenak, Euskal Herriaren askapen nazionalaren aldeko borroka zapuzteko asmoz. Handik sei hilabetera, 1976ko martxoaren 3an, Gasteizko sarraskia izan zen: hobekuntza laboralak eskatzen zituzten milaka langileren aurka tiro egin zuen poliziak, eta bost langile erahil.

Martxoaren 3ko gertakariak salatzeko eta ardurak eskatzeko ibilbidea luzea izan da. Unean uneko Espainiako gobernuek uko egin diote estatuari dagokion erantzunkizuna hartzeari. Zorionez, herri ekimenez egindako lanak fruituak eman ditu, eta, besteak beste, Gasteizko sarraskiaren lekuko izan zen eliza memoria gune ofizial bilakatuko da. 50. urteurrena abagune ona da oroitzapen eta aitortza historikoari bultzada emateko eta, batez ere, euskal langileriaren borrokari bultzada emateko.  

Izan ere, mota honetako errepresio ekintzen bidez, elite frankistak “espainiar trantsizioa” izenez ezagutu zenaren mugak argi ezarri nahi zituen: ez autodeterminazio eskubiderik ezta eraldaketa sozialik ere. Horixe izan zen LAB jaio berriak garaian egindako salaketa. Eta horixe izan da 50 urte hauetan aurrera eraman dugun borrokaren funtsa: Euskal Herriaren askapen nazional eta sozialari atea irekitzea. Eta eremu soziolaboralari dagokionez, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua eratzea.

Langile borrokari esker, 1975-76tik aurrerapausoak egin ditugu eskubide laboraletan, sindikatuen aitortzan, langile auzoetako azpiegituretan, zerbitzu publikoetan, instituzio propioen eraikuntzan. Aurrerantzean ere borroka beharrezkoa izango da irabazitako eskubideak defendatzeko eta eskubide berriak eskuratzeko, besteak beste, gutxieneko soldata eta pentsio propioaren ezarpena edota zaintza sistema publiko komunitarioaren sorrera. Borroka beharrezkoa izango da Euskal Herriaren askapen nazionalean eta sozialean urratsak emateko.

Oldarraldi neoliberalaren aurrean, faxismo zaharberrituen aurrean, logika aldaketa sakona da guk defendatzen duguna. Gutxi batzuen etekinak erdigunean dituen eredutik denon bizitza erdigunean izango duen eredura igarotzea. Euskal Herrian badaude aukerak norabide horretan aurrera egiteko. Ahalik eta burujabetza handiena eskuratu behar dugu, euskal langileen lan eta bizi baldintzak hobetzeko, emakumeenganako* bortizkeria eta diskriminazioekin amaitzeko, harrera herri izateko, euskaraz bizi eta lan egin ahal izateko.

Duela 50 urte bezala, orain ere, argi eta garbi diogu: ez gara mugatuko egungo orden ekonomiko eta sozialak aitortzen digun funtzioa betetzera. Orduko langileek bezala, guk ere, dena aldatu nahi dugu, dena aldatzera goaz!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek irmo salatzen du Donostiako Martutene auzoan 111 lagun kale gorrian utzi izana

Herritar orok bizitza bizigarria izateko duen eskubidea gogoratu du LABek, hori bermatzeko eskatu die instituzioei, eta horren alde antolatzeko deia ere egin du. Donostian...

Eusko Jaurlaritza: bermatu beharrezko finantzaketa unibertsitate publikoari! Legebiltzarreko alderdi politikoak: irmo defendatu EHU!

Gaurko lanuzte eta elkarretaratzea aste honetan EHUko campusetan garatutako mobilizazioetako laugarrena da, eta jarraipena ematen dio beharrezko finantzaketa lortzeko aldarrikapenari. Izan ere, Eusko Legebiltzarrean 2026ko...

Nafarroako langileriaren lan eta bizi baldintzak: bi nafarretik batek prekarietate egoeran bizitzen jarraitzen du

Nafarroan batez besteko soldata igo da azken urtean, baina desberdintasun sozial zein pobrezia egoerak handitzen ari dira. Hortaz, sortzen den aberastasuna gero eta modu...