2026-06-13
HomeZerbitzu PribatuakAnbulantziakLABek salatu du EAEko anbulantzien pribatizazioak enpresa pribatuak baliabide publikoekin aberastea ahalbidetzen...

LABek salatu du EAEko anbulantzien pribatizazioak enpresa pribatuak baliabide publikoekin aberastea ahalbidetzen duela

Euskal Autonomia Erkidegoko anbulantziak pribatizatuta egotea gizarte osoaren arazoa da, ez bakarrik zerbitzuan eragiten digulako, baizik eta gainera, euskaldun guztiek jartzen dugun diru publikoa enpresa pribatuen esku geratzen delako ia inolako kontrolik gabe. Egunetik egunera beharrezkoagoa da zerbitzua publifikatzea.

Osasun garraio zerbitzua EAEan azpikontratatutako enpresa pribatuek eskaintzen dute, bai larrialdietan bai ez-urgenteko zerbitzuetan, eta horrek arazo ugari sortzen ari da. Azkena: diru publikoa erabiltzea ospitale pribatuetarako egiten diren zerbitzuak mantentzeko, baina zerbitzu horien irabaziak Eusko Jaurlaritzaren lizitazioarekin zerikusirik ez duen hirugarren enpresa batek jasotzen ditu.

Bizkaian, La Pau kooperatiba katalanak zerbitzua emateari utzi behar izan zionean, bi enpresak UTE bat sortu zuten, Eusko Jaurlaritzak esleitutako larrialdietako kontraturako: AMBULANCIAS BAZTAN BIDASOA SL eta SANIR MOVILIDAD SANITARIA SA (ALSA eta TRANSINSA enpresek sortua). Enpresa arteko nahas-mahas horretan zaila da egoeraren hariari jarraitzea, baina azkenean UTE BIZKANB izena hartu zuen.

UTE BIZKANBk, harrigarriki, Eusko Jaurlaritzak kontratua publikoki aurkeztu baino lehen hasi zuen zerbitzua, eta horrek berak ematen digu pistak prozesu horren gardentasunaz. UTE BIZKANBk, bere betebeharra zenez, La Pautik zetorren plantilla osoa subrogatu zuen. Plantilla horretan ez dira soilik gidariak, erizainak edo laguntzaileak, baita logistikan, bulegoetan, deiak jasotzen dituzten telefonista gisa edo zerbitzuak koordinatzen dituzten langileak ere.

Egunerokoan ikusten ez ditugun pertsona horien gain jausten da pribatizazioaren arazoaren zati handi bat.

Norbaitek galdetu al du inoiz noren esku dagoen ospitale pribatuetara doazen anbulantzia-zerbitzuen kudeaketa? Eta horri lotuta, nor jasotzen ditu zerbitzu horien truke ospitale pribatuek eta haien erabiltzaileek ordaintzen duten dirua? Ba, enpresa pribatu bateren mesederako zirkulu perfektua osatzen da: SANIR.

SANIR da gaur egun ospitale pribatu batzuek anbulantzia garraiorako kontratatuta duten enpresa. SANIRi ordaintzen diote zerbitzu horiengatik, baina SANIRrek ez dauka telefonistarik, ez logistikako langilerik, ez koordinatzaile propiorik. Eta nola egiten dute? Magiaz? Ez, baliabide publikoekin.

Eusko Jaurlaritzak UTE BIZKANBi diru kopuru bat ematen dio baliabide guztiak, baita plantilla osoa ordaintzeko ere. Plantilla horren lana sektore publikoko anbulantziak kudeatzera bideratu beharko litzateke, baina behartuta daude SANIRi ere zerbitzuak ematera. Negozio biribila: Eusko Jaurlaritzak ordaintzen du eta SANIRrek irabaziak eramaten ditu.

Galdera da: noiz arte? Noiz arte onartuko da enpresa pribatuek baliabide publikoak modu okerrean erabiltzea? Nori egiten dio mesede zerbitzu hau enpresa pribatuek kudeatzeak? Kontratua amaitzear dago, eta orain da unea Eusko Jaurlaritzak ulertzeko ez digutela lapurtuko zerbitzu publikoen kudeaketa zuzena eginez bakarrik. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Ekainaren 15eko eta 17ko mobilizazioetan parte hartzera deitzen ditugu Bizkaiko Foru Aldundiko beharginak

Telelan plan duin baten alde eta Bizkaiko Foru Aldundian akordioa/hitzarmena negoziatzearen alde deitu ditugu mobilizazioak. Bizkaiko Foru Aldundian (BFA) maiatzaren 18an egindako langileen batzarrean mobilizazio...

Nafarroan aurkeztutako Industria Foru Lege proposamenak eduki gehiago behar ditu sektorearen erronkei erantzun ahal izateko

LABen iritziz, Nafarroako parlamentuan aurkeztu berri den lege proposamenak iraganeko akatsetan sakontzen jarraitzen du, hainbat arlotan norabide egokia hartu baldin bada ere.

Fundiciones del Estandan hitzarmena sinatzea #LortuDugu

Azken asteetan mobilizazio fase luze bat aurrera eraman eta hainbat lanuzte eta greba egun egin ostean etorri da lorpena.