2026-09-13
HomeEkintza Soziala'ETXEAREN KORAPILOA ASKATZEN. Etxebizitza-politika justurako gakoak' liburua aurkeztu dute UEUk eta Ipar...

‘ETXEAREN KORAPILOA ASKATZEN. Etxebizitza-politika justurako gakoak’ liburua aurkeztu dute UEUk eta Ipar Hegoa Fundazioak

Unai Fernandez de Betoño Saenz de Lacuestak (Gasteiz, 1977) Etxearen korapiloa askatzen liburua idatzi du, UEU eta IPAR HEGOA Fundazioarekin elkarlanean. Bertan, etxearen arazoa askatzeko 30 gako politiko, ekonomiko eta sozial ematen dira.

Prentsaurrekoan Unai Fernandez de Betoño Saenz de Lacuestak, liburuaren egileak; Edurne Larrañaga Celadak, Ipar Hegoa Fundazioko azterketa arduradunak; Gidor Bilbao Telletxeak, UEUko Argitalpengintza arduradunak eta Iratxe Delgado Arribasek, LAB sindikatuko Ekintza Sozialeko kideak parte hartu dute.

Gidor Bilbao Telletxeak, UEUko argiralpengintza arduradunak liburuaren akademikotasuna eta justizia soziala lortzeko bidean kokatzen dela azpimarratu du.

Edurne Larrañaga Celadak, Ipar Hegoa Fundazioko azterketa arduradunak langileen bizitzan etxebizitzaren garestitzeak izugarrizko inpaktua duela aipatu du, eta liburu hau LAB sindikatuarentzat tresna bat dela. LAB sindikatuak etxebizitzaren gaian subketu aktibo izatea erabaki zuen eta hori ere beste arrazoi bat izan da liburu hau sustatzeko unean. 

Unai Fernandez de Betoño Saenz de Lacuestaren esanetan, etxebizitzaren arazoa erabaki politiko zehatzen ondorio da, eta, beraz, bestelako erabaki politikoek ere arazoari buelta eman diezaiokete. “Liburuan azaltzen ditut etxearen korapiloa askatzeko gako politiko, ekonomiko eta sozialak: hogeita hamar neurritan bildu ditudanak, ia aldi berean hartu beharko liratekeenak, baita modu iraunkorrean ere, hau da, denbora luzez mantenduz. Ez dira ezezagunak, baina gaur-gaurkoz, Hego Euskal Herrian gutxienez, ez dago borondate politiko handirik neurriok gauzatzeko eta etxebizitzaren arazoa benetan konpontzeko. Zergatik? Bada, etxearen korapiloa askatzeko merkatuaren logikatik aldendu beharra dagoelako, etxe merkeak eta iraunkorrak eskainiz, eta ez dago interes politiko handirik hori modu eraginkorrean egiteko, etxebizitzaren prezioa etengabe igo dadila bilatzen delako”.

Liburuaren egileak aipatu du Hego Euskal Herrian apenas bultzatu dela alokairu soziala: “EAEko Etxebideren zerrendan, hain zuzen ere, 85.000 eskatzaile daude gaur egun alokairu sozialeko etxebizitza bat aldarrikatuz, ezin dutelako alokairu libre bat ordaindu, baina eskaintza alokairu sozialeko 28.000 etxebizitzakoa da soilik”. Bere esanetan, Hegoaldeko alokairu sozialeko etxeen kopurua Danimarkako, Herbehereetako edo Austriako eskaintza baino bederatzi aldiz urriagoa da. Eta Europar Batasuneko batez bestekoa baino ia lau aldiz txikiagoa: “erronka nagusia alokairu sozialeko etxebizitza gehiago lehenbailehen lortzea litzateke”.

Irakurleek etxebizitzaren arazoaren jatorria aurkitzeaz gain, soluzio egingarriak ere topatuko dituztela azaldu du Fernandez de Betoñok. Era berean, Euskal Herriko begiradatik idatzita dagoela ere azpimarratu du: “Bidasoatik gorako gure gazteak bospasei urte lehenago emantzipatzen dira Bidasoatik beherakoak baino, besteak beste Ipar Euskal Herrian hiru aldiz alokairu sozial gehiago dagoelako Hego Euskal Herrian baino. Ildo berean, liburuak azaltzen du nola etxebizitzaren arazoa konpondu behar dugun bestelako arazoak sortu gabe, adibidez, urbanistikoak edota linguistikoak: arnasguneen edo udalerri euskaldunen berezitasunak ere kontuan eduki behar ditugu”. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Hezkuntza sistema eraldatzeari Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak jarritako oztopoak azaleratu ditu PISA txostenak

LABen kezkaz hartu ditugu Jaurlaritzak PISAren emaitza kaxkarren arrazoien artean hizkuntza ereduak aipatu izana. Aitzitik, euskara gaitasunak indartzeak gainerako konpetentziak hobetzea ekarriko du.

LABetik salatzen dugu bi hilabeteko geldialdiaren ondoren Eudelek ez duela proposamen berririk ekarri eta Udalhitzeko mahaia blokeatzen ari dela

Alderdi politikoen borondate politiko ezaren aurrean eragin eta mahaira edukiak ekarri ditzaten ezinbestekoa da urriaren 8an langileak grebara batzea. Bi hilabeteko udako geldialdiaren ondoren bildu...

Hauteskunde sindikaletan patronalei eta gobernuei erantzun irmoa emateko deia egin die LABek euskal langileei

Gutxieneko soldata, enpleguaren defentsa eta zerbitzu publikoak indartzea, ikasturte honetarako hiru lehentasun nagusiak. Kapitalari mugak jartzea eta birbanaketa politiken alde egitea da faxismoari eta olatu erreakzionarioari ateak ixteko biderik onena, LABen arabera.