Etxeko langileek lan eta bizi baldintzetan jasaten duten prekarietateari aurre egiteko, LABek neurri zehatzak biltzen dituen dekalogo bat aurkeztu du, eta eragile sindikal, sozial eta politikoei aurkeztuko die. Sindikatuak uste du ezin dela ontzat eman hainbeste emakume muturreko esplotazio egoeran bizitzea, eta instituzioei zein patronalei ardura exijitu die.
Etxeko langileen negoziazio kolektiborako eskubidearen defentsan, bi bidetan lanean ari da LAB, eta bi bide horiek indartzeko iniziatibak aurkeztu ditu gaur Bilbon. Alde batetik, sektorea duintzeko neurri zehatzak jasotzen dituen dekalogoa aurkeztu du, eta, bestetik, auzia Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eramango duela iragarri du.
Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorrak etxeko langileek bizitza sostengatzeko “ezinbesteko lana” egiten dutela nabarmendu du: “Sistemak irauteko behar ditu, baina kapitalismo patriarkalak eta kolonialak, etekina metatzen jarraitzeko, langile hauen lanari ez dio duen balioa ematen”. Sektoreak bizi duen egoera larria salatu du Aranburuk: lan-esplotazioa, babesgabetasun legala eta instituzionala eta ikusgarritasunik eza. Lan Ikuskaritzak berak ez du inolako esku-hartzerik bermatzen, etxe pribatuetan jardutea ezinezkoa dela argudiatuta. Emakume gehienak migratuak eta arrazializatuak dira, eta kasu askotan etxeko langile egoiliar gisa ari dira, sasi-esklabotza egoeran, indarkeria eta abusuen menpe.
Atzerritartasun Legea aipatu gabe ezin da sektorearen egoera ulertu, Aranbururen arabera: “Emakume migratuentzat, Euskal Herrira iristen direnean, lanean hasteko izan dezaketen aukera bakarrenetakoa bihurtu da etxeko langile izatea”. Egoera horren aurrean, LABek zor patriarkal eta kolonialaz hitz egiten duela azaldu du Aranburuk, eta horrek gizarte osoa interpelatzen duela, baita sindikatuak ere: “Urte luzez, etxeko langileak bazterrean egon dira, sindikalismoak ez die tokirik egin langile subjektu moduan, eta guk langile guztientzat tresna izan nahi dugu eta denbora daramagu etxeko langileak saretzen, entzuten eta antolatzen”.
Bizi dugun garaiotan horrek “are eta garrantzia handiagoa” duela nabarmendu du Aranburuk, faxismoaren gorakada beteaan eta joera matxistak, homofoboak eta arrazistak indartzearekin batera, “langile migratuen esplotaziorako, instrumentalizaziorako joerak” ere indartzen ari baitira, dioenez. “Guk, argi eta garbi, Euskal Herria harrera herria dela defendatzen dugu, bertan lan egin eta bizi nahi duen oro ongi etorria izango dela. Begirada klasistak alboratu, lan guztiei duten garrantzia aitortu eta balio hori lan eskubideetan ere islatzeaz ari gara”.
Etxeko langileen borroka ez da soilik sektorearen kontua, ordea. Etxeko langileen egoera iraultzeak zaintzen antolamendu sozial berri bat eskatzen duela nabarmendu du Aranburuk: “Lan guztien aitortza, banaketa eta berrantolaketa”. Norabide horretan, LABek zaintza sistema publiko komunitarioaren aldeko apustua berretsi du.
Testuinguru horretan kokatzen da LABek osatutako dekalogoa, zeinak sektorearen baldintzak hobetzeko premiazko neurriak jasotzen dituen. Neurri batzuk negoziazio kolektiboaren bidez bideratu beharko dira, eta beste batzuek lege aldaketak eskatzen dituzte. Mariana Urcuyo LABeko Etxeko Langileen Sail Sindikaleko arudardunak aurkeztu ditu neurriok: negoziazio kolektiboaren eskubidea gauzatzea, lanaldiaren erregistroa derrigorrezkoa izatea, barneko erregimenaren abolizioa, presentzia orduen eta gaua bertan emateko orduen kontrola eta aitortza, kontratu amaierako kalte-ordainak sektore guztien parekoak izaatea, lan ikuskaritza eraginkorra eta aurreiritzirik gabea, lan osasunaren prebentzio legearen aplikazio erreal eta fidagarria, 2022 aurreko kotizazioen aitortza, zaintza sistema publiko komunitarioaren bidean urratsak, eta emakume* migratu eta arrazializatuen eskubide guztiak bermatzea.
Dekalogoa erakunde politikoei, sindikatuei eta mugimendu sozialei helaraziko zaie, eta, horrez gain, Eusko Jaurlaritzari zein Nafarroako Gobernuako Lan Sailei premiazko bilera eskaerak luzatuko dizkie LABek, patronalak interpelatu ditzaten, batetik, eta lege aldaketak sustatu, bestetik.
Borroka juridikoan aurrera
Horrez gain, LABek negoziazio kolektiborako eskubidearen aldeko borroka juridikoan egingo dituen urratsak ere plazaratu ditu, eta Ainhize Muniozguren LABeko Idazkaritza Juridikoko arduradunak eman du horren berri. 2022ko maiatzean LABek prozedura bat abiatu zuen sektorean negoziazio mahaia eratzeko. Etxeko langileen kasuan, enplegatzaileak partikularrak direnez, ez dago patronal formalik. Hori dela eta, Confebask deitu zen mahaian parte hartzera, EAEn ordezkaritza handiena duen patronal modura.
Confebaskek, ordea, uko egin zion negoziazioari. LABek uste du uko horrek eskubideen urraketa dakarrela, eta diskriminazioa dakarrela, langile kolektibo oso bat hitzarmen kolektiborik izateko aukerarik gabe uzten baitu. Horren aurrean, sindikatuak bide juridikoa abiatu zuen. Lehen epaian, EAEko Auzitegi Nagusiak aitortu zuen sektorearen negoziazio kolektiborako eskubidea, baina lege-garapenik ezean, ez zuen patronalaren jarrera zigortu.
LABek kasua Espainiako Auzitegi Gorenera eraman zuen, baina auzitegi horrek ez dio auziaren funtsari heldu, Muniozgurenek azaldu duenez. Bere ebazpenean, formalismo arazo bati lotu zaio auzitegia: LABek eta gainontzeko sindikatuek ez dutela behar bezala egiaztatu negoziazio mahaia eskatzeko zilegitasuna. Muniozgurenek argi utzi du hori ez dela zuzena: “Beste sindikatu batzuk ere badira, eta, beraz, bada nahikoa gehiengo negoziazio prozesua abiatzeko”. Gainera, sindikatuen gehiengo nahikoa dagoela frogatua zegoen eta ez patronalak, ezta aurreko instantziek ere, ez dute inoiz puntu hori zalantzan jarri, zehaztu duenez.
Muniozgurenen ustez, Auzitegi Gorenak, gaiaren konplexutasun juridikoaren aurrean, benetako eztabaidari ihes egin dio. LABek, ordea, ez du prozesua amaitutzat emango eta Muniozgurenek iragarri du auzia Auzitegi Konstituzionalera eramango duela, etxeko langileek negoziatzeko eskubidea ukatua izan ez dadin.

