2026-01-30
HomeLAB SindikatuaDelegatuen BatzarraFeminizatuak eta prekarioagoak diren sektoreetan presentzia indartzea erronketako bat dela berretsi dugu...

Feminizatuak eta prekarioagoak diren sektoreetan presentzia indartzea erronketako bat dela berretsi dugu Arabako delegatuen batzarrean #ZureBideLagun

Delegatuen batzarrak deitu ditugu egunotarako, kurtso berriaren etorrerarekin, sindikatuaren erronkei eta hauteskunde sindikalen epealdi trinkorako ezarritako helburuei buruz aritzeko. Gipuzkoako batzarrarekin ekin genion atzo errondari, eta, gaur, Arabako delegatuen txanda izan da.

Hernanin atzo gertatu bezala, LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta sindikatuko Antolakuntza idazkari Izaskun Garciak hitza hartu dute Gasteizen, Aldabe zentroan egindako batzarrean. Arabako hainbat ordezkarik ere hitz egin dute, zerbitzu publikoak, zerbitzu pribatuak eta industria sektoreen egoera irudikatzeko.

Hauteskunde sindikaletarako erronkei helduta, ekaineko azken datuen berri eman dugu: Euskal Autonomia Erkidegoan bigarren sindikatua izaten jarraitzen dugu; hori bai, CCOOekiko aldea 44 delegatuena baino ez da. Hain zuzen ere, EAEn, %18ko langa pasata bukatu genuen orain 4 urte eta, jada, %19an gaudela hasten gara epealdi trinko berria.

Azken batean, ahalik eta langile gehien LABekin bat egitea da hauteskunde sindikal hauen helburua; hots, langileria sektore desberdinetara iristea, orain arte sindikalismoa erreferentziatzat izan ez duten eremuetan presentzia lortuz batez ere. Feminizatuak eta prekarioagoak diren eremuetan ere indartu nahi dugu gure eragina. "LAB indartuz, konfrontaziozko sindikalismoa boteretu eta eraldaketa sozialaren norabidean urrats berriak emango ditugu", azaldu dugu.

Erronka honetan kopuruak garrantzia handia hartzen dute. Arabari dagokionez, ekaineko datuen arabera, 403 delegatu ditugu (%13,17). Hala, epealdi trinko honetan ezinezkoa izango bada ere, Araban hirugarren sindikatua izatea izan behar du erronka epe ertain batean. UGTrekiko 116 delegatura gaude gaur egun. Horrenbestez, epealdi trinkoan gure ordezkaritza %14ra igo (25 delegatu gehiago lortu) eta UGTrekiko aldea gutxitzen joatea izan behar du erronka. Momentu honetan UGTik 4 puntura gaude. Lakuan ordezkaritza handitzea da Araban dugun beste erronketako bat.

Baionan, bihar
Gipuzkoako eta Arabako delegatuen batzarrak egin eta gero, asteazkenean eta ostegunean Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako batzarrei egokituko zaie txanda, hurrenez hurren; eta datorren astean, irailaren 19an, Bizkaikoa egingo dugu, Bilboko Itsas Museoan.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean mobilizatu da LAB, milaka herritar etxegabetze arriskuan jarrita Madrilen “ezkutu soziala” bertan behera utzi dutela salatzeko 

Langileon aldeko politikak, Madrilek inposatu beharrean, Euskal Herrian hartzearen beharra aldarrikatu du LABek Bilbon; hala nola, etxegabetzeak geldiarazteko neurriak, pentsio justu eta duinak bermatzea...

LABek adierazten du Udalen sektorerako Udalhitz hitzarmeneko negoziazio mahaia deitu gabe eta blokeatuta dagoela azaroaren 7az geroztik

Udalhitzen blokeoa gainditzeko otsailean hasiko den mobilizazio dinamika bati ekingo dio LABek Urte bat igaro da EUDELen zuzendaritzak sektoreko sindikatuoi dei egin zigunetik eta mahai...

Arabako eraikinen eta lokalen garbiketako hitzarmenean adostutako aurre-akordioak amore ematea dakar, eta sektorea prekarietatera kondenatzen du

Gaur, urtarrilak 30, sektoreko patronalak, UGT, CCOO, eta USO sindikatuak aurreakordio batera heldu dira, 2029ra arte luzatuko den Arabako eraikin eta lokalen garbiketako hitzarmen...