2026-03-19
HomeEkintza SindikalaLABek salatu du FCCk ez duela errespetatzen Iruñeko kale-garbitzaileen asteko 48 orduko...

LABek salatu du FCCk ez duela errespetatzen Iruñeko kale-garbitzaileen asteko 48 orduko atsedena, eta errespetarazteko eskatu dio Udalari

LAB sindikatuak Iruñeko kale garbiketaren enpresa esleipenduneko langile batek jarritako epaiketa irabazi zuen iazko irailean, astean 48 orduko atsedenerako eskubidea errespetatzeko eskatuz. Zoritxarrez, epaia auzi-jartzaileari baino ez zitzaion aplikatu, eta beraz, LABek FCCri exijitzen dio behingoz errespeta dezala Langileen Estatutuak markaturiko atsedenaldi hori, eta Iruñeko Udalari eskatzen dio, zerbitzuaren titularra den heinean, errespetarazi dezala.

Gaur egun, FCC enpresak kudeatzen duen Iruñeko Udalaren kale-garbiketa zerbitzuan hainbat kontratu mota daude, eta horietako batean ere ez da errespetatzen asteko nahitaezko atsedenaldia, Langileen Estatutuak eta Udalaren agiriak berak xedatzen duten bezala. Lanaldiaren %100eko kontratu mugagabea duten langileek astelehenetik larunbatera egiten dute lan, eta 28 larunbat libre dituzte: horietatik 14 opor eta baimen ordainduak dira, asteko 48 orduko atsedena ez dela betetzen ezkutatzeko.

Gainontzeko langileek, aldi baterako ezintasuneko ordezkapen-kontratuekin edo lanaldiaren % 92rekin, adibidez, ezin dituzte 28 larunbat horiek hartu, enpresa-hitzarmena negoziatzen eta sinatzen duten sindikatuek langileen kolektibo horiek baztertzen dituztelako negoziazio guztietan.

Azken urtean LABek 48 orduko asteroko atsedenaren defentsan indarra egin du, oso garrantzitsua baita lana eta familia bateragarri egiteko. Baina FCCk eta Enpresa Batzordeak egutegiak atsedenaldi horrekin negoziatzeari uko egin ziotenez ‒nahiz eta langileen oinarrizko eskubidea den‒, ez zen bertze erremediorik izan epaitegietara jotzea baino, FCC atsedenaldiak gainjartzen ari dela frogatzeko.

2024ko irailaren 13an izan zen lehen epaiketa eta epaiak arrazoia eman zion LABi. Baina epaia demanda jarri zuen langileari bakarrik aplikatu zitzaion, eta, gainera, txanda aldaketa baten bidez egin zen, eta horrek bere kontziliazioa okertu zuen. Eta hau guztia UGT, ATSU eta CCOO sindikatuen oniritziarekin. Zer gertatzen da gainontzeko langileekin? Zergatik ez dira sindikatu horiek gai denentzako lan egutegi on bat negoziatzeko?

Epe laburrean, Iruñeko Udalak baldintza agiri berria aurkeztuko du kale garbiketaren zerbitzua lizitatzeko. Azken asteetan tokiko prentsan irakurri ahal izan denez, zerbitzu kopuru bera egiten jarraituko da astelehenetik larunbatera hiri osoan. LABek ezin du onartu zerbitzu hori langileen atseden eskubidea urratuz egitea.

Epai hau mahai gainean eta baldintza agiri berria laster etorriko dela kontuan izanik, LABek Udalari eskatzen dio hurrengo urteetan zerbitzua emanen duen enpresa interpela dezala eta errespetarazi ditzala hiriarendako hain garrantzitsua den zerbitzu honen parte diren langile guztien eskubide guztiak. Horretarako, behar diren neurriak hartu beharko ditu egungo baldintza agiria ez betetzeagatik eta etorkizunean argitaratzear dagoen baldintza agiria betetzen ez bada.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Korrikan masiboki parte hartzera dei egiten die LABek euskal langileei

Hainbat kilometro erosi ditu LABek, eta bere kidegoa aktiboki ari da parte hartzen Korrikaren antolaketan, izan tokian tokiko batzordeetan zein lantegietan. Orain, errepidera salto egiteko garaia da. Horregatik, bihartik aurrera euskararen aldeko olatua indartzera dei egiten die LABek euskal langileei.

LABek burujabetza, ekonomiaren kontrol publikoa eta gutxieneko soldata propioa eskatzen ditu lan eta bizi baldintza duinak hemen ziurtatzeko

Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak (KES) ezohiko bilera egin du Irango gerrak Nafarroan izan duen eragina aztertzeko eta maila ekonomiko eta sozialean izan dituen ondorioak...

LGS propio baten aldeko jendartearen aldarriak gobernuak eta patronalak behartu behar ditu aurrera egitera, berehala ezar dadin

Grebaren arrakastak eta mobilizazio masiboek erakusten dute euskal jendarteak ez duela amore emango 1.500 euroen aldarrikapenean. LAB, ELA, Steilas, Etxalde eta Hiru, M17aren ondoren: “Gaur atzo baino indartsuagoak gara, ez gara geratuko helburua lortu arte”.