2024-05-05
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaArabako Osakidetzan arauz kontrako kontratazioa egiten ari direla frogatu dugu

Arabako Osakidetzan arauz kontrako kontratazioa egiten ari direla frogatu dugu

Arabako Osakidetzako delegatuek zentroetan egiten den iruzurrean oinarritutako kontratazioa frogatzen duen txostena aurkeztu dugu gaur. Hain zuzen ere, 8.000 bidegabeko kontratuekin, Enplegu Publikoko Eskaintzara atera beharko liratekeen 400 lanpostu baino gehiago ezkutatzen ari dira. Lanpostu hauek egiturazko plantillan egon beharko lirateke.


Araba ESIko LAB sindikatuko ordezkariok 2017an egindako kontratazio guztiaren azterketa egin dugu, eta horren emaitza gaur publiko egiten dugun txostenean dago bilduta. Datuak eskandaluzkoak dira eta erakusten duten emergentziazko egoeraren aurrean erantzukizunez jokatzea eskatzen dute.

“Zerbitzuaren beharrei” erantzuteko kontratuak kontratazio guztiaren %54 dira eta Araba ESIko 400 plaza ezkutatzen dituzte. Plaza hauek ohiko egituran txertatu beharko lirateke eta barne mugikortasun eta EPE prozesuetan eskaini. Arabako datuak estrapolatu ezkero, gaur egun 2016-2017rako bideratzen ari den EPEaren tamainako beste EPE bat egin ahalko litzateke ezkutuan dituzten plaza guzti horiekin.

Txostenean jasotako datuek argi eta garbi erakusten dituzte hainbat gai: kontratazio eredu honek sortzen duen antolaketa kaosa, kontratuen inguruko irregulartasunak, 400 lanpostu kontratu prekarioekin estaltzeak langileen eskubideengan duen eragina, eta baita herritarren eskubideengan duen eragina ere; enpresa pribatuek ondare publikoa beraien menpe hartu eta xahutu nahi duten garai honetan osasungintza publikoa ahultzea baitakar.

– Egindako 15.000 kontratuetatik 8.000ek erakusten dute prekarietatearen aldeko apustua egiten ari dela Osakidetza. Aldi berean, Arabako osasun sistema behar duen egituraz ez hornitzean sistema bera ahultzen ari dira; 400 lanpostu egituran integratu gabe kontratu prekarioen bidez mantentzean, lanpostu guztiak, edozein unetan, desagertzea ekar lezake. Enplegurik ez dela deuseztatuko esango lukete, eta, bitartean, langile hauek egiten dituzten lanak osasungintza publikoa negozio gisa ikusten duten enpresen jomugan egongo lirateke.

– Kontratazio koiunturala edo zerbitzuaren beharrak betetzekoa, aldi baterako kontratazioaren %54 da, orokorrean. Kategoria guztietan antzeko egoera ematen da, urte guztian zehar. Osasun mentalaren arloan %36koa da. Hilabete, kategoria eta zerbitzuaren arabera sailkatu ditugu datuak.

Ondorio hauetara iristea ez da erraza izan, aurreko urteetako datuak aztertu nahiko genituzke, 2015, 2016, baina urte horietan igortzen zizkiguten txostenak osatugabeak eta gardentasunik gabekoak ziren. Behar bezalako kontratazio txostena jasotzeko egindako presioaren ondorioz ikusi ahal izan dugu Araba ESIko kaosa nola kudeatzen den.

Araba ESIko kontratazio txostenari buruz gardentasun eza aipatzen dugun moduan, Arabako Osasun Mental Sarearen txostenaren kasuan opakutasuna aipatu behar dugu. Ematen dizkiguten datuekin ezinezkoa zaigu zerbitzu beharrak betetzeko egindako kontratazioen atzean dauden ezkutuko lanpostuak antzematea.

Argibideak ematea eskatzen duten ehunka egoera “irregular” antzeman ditugu, eta argibide horiek eman ditzatela espero dugu.

Zerbitzuek behar dituzten lanpostuak bere gain hartu behar ditu Osakidetzak, egiturazko kodeak esleitu plazak sortu kontratu prekarioen atzean ezkutuan izan ordez, plaza horiek EPE eta mugikortasun prozesuetan atera eta gaur egun kontratazioan dagoen kaosarekin amaitu.

Larrialdi egoeran gaude, osasun sistema inoiz baino ahulago dago, oinarri ahulak ditu azken urteetan eremu pribatua sortzen ari den lurrikararen aurrean.

Beharrezkoa da eztabaida sakona ematea bizitza duina bermatzen dituzten zerbitzuak legez blindatzeko moduaz. Osasungintzan ere. Gure proposamena duela hilabete batzuk zabaldu genuen, LOREA izeneko alternatiba da (edo horrelako zerbait); ratio lege bat non legez arautuko da, patologiaren arabera, zenbat langile behar diren paziente bakoitzeko: Medikuak, garbiketa langileak, sukalde laguntzaileak, erizainak, zelariak, eta abar.

Euskal gizartearen ongizatearentzat oinarrizkoa den sistema baten ahultzea ekidin asmoz eztabaidarako gonbidapena da.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.