2024-05-16
HomeEkintza Politikoa50. urteurrenaren harira, Maiatzaren Lehenean manifestazio eta jaialdi nazionala antolatu ditugu Iruñean

50. urteurrenaren harira, Maiatzaren Lehenean manifestazio eta jaialdi nazionala antolatu ditugu Iruñean

LABen 50.urtemugako ospakizun betean dator aurtengo Maiatzaren Lehena. Une gozoa da sindikatuarentzat, zalantzarik ez. Hala ere, ez diogu gure bilakaerari bakarrik begiratzen. Gure misioa langileen lan eta bizi baldintzen alde borrokatzea da, eraldaketa soziala eta aldaketa politikoak eragitea.

Langileon egoerari erreparatuz, testuinguru globalak ez du baikortasunerako tarte handirik uzten. Geroz eta bortitzagoa da kapitalismo heteropatriarkal eta koloniala: dirua eta boterea esku gutxi batzuetan metatuta, zaintza krisia, krisi ekologikoa zein munduan zehar eragindako gerrak.

Sindikatuak eginiko azterketa ezberdinetan dualizazioa ikusten da: euskal langileen %50 baino gehiago egoera prekarioan bizi dira, izan beharturiko eta ordaindu gabeko zaintza lanetan ari direlako, langabezian daudelako edo 1400€-tik beherako soldata kobratzen dutelako. Bizi baldintza duinak dituztenen eta egoera prekarioan daudenen arteko aldea areagotzen ari da. Sistema honek langileen artean genero, adin nahiz jatorriaren araberako arrakalak eta desberdintasunak sortzen ditu.

Zerbitzu publikoak ahultzen ari dira. Kolaborazio publiko-pribatuaren izenean, sistema publikoa indartu beharrean, diru publikoa esku pribatuetara bideratzen da, izan zerbitzu publikoen pribatizazioa bultzatuz, edo izan kontzertazioaren bidetik. Osasungintzaren egoera kaskarra da horren adibide argiena. Baita zaintzarekin egiten ari den negozioa ere. Sistema publiko komunitario sendorik ezean, zaintza lanak berrantolatzeko apusturik gabe, ez dago zaintza eskubide unibertsala bermatzerik.

Honela, bizi baldintza duinak dituztenen eta prekarioan daudenen arteko aldea areagotzen ari da. Sistema honek langileen artean genero, adina edo jatorriaren araberako arrakalak eta desberdintasunak sortzen ditu.

Kapitalismoak bizi baldintzak erasotzen ditu eta langileok alternatibak, aldaketa politikoak behar ditugu, exijitzen ditugu. Europako hauteskundeak ate joka ditugun honetan, ikusten ari gara Estatu desberdinetan ultraeskuina eta faxismoa direla egoeraz baliatzen ari direnak. Mezu populistak erabiliz, balore atzerakoiak inposatzen dituzte, krisi ekologikoa ukatzeraino, matxismoa ere ukatuz eta feminismoaren kontrako jarrerak bultzatuz, segurtasunaren afera langile migranteen kontrako mezuak zabaltzeko erabiliz…

Gure herria ere ez dago neoliberalismoak eragindako indibidualismotik eta jarrera autoritario, matxista zein arrazistetatik salbu. Baina, zorionez, gurean badugu balore atzerakoi horiei aurre egiteko antidotoa: ezker independentismoa sozialki zein politikoki indartzen ari da alternatiba bezala.

Gehiengo sozialak bestelako politikak nahi ditu, eta bertan erabakitzearen alde dago. Euskal Herriko gehiengo zabalak bat egiten du eraldaketa sozialaren aldeko aldarriekin. Politika publiko hobeak nahi ditu, osasun sistema publiko sendoa, zaintza sistema publiko komunitarioa, soldata eta pentsio duinak. Horiek guztiak aldarrikatu ez ezik, lantokietan eta kalean borrokatzen ari gara. Azken bi urteotan bizi-bizi egon da borroka sindikal eta soziala.

LABen argi daukagu langileak antolatzen eta borrokak bultzatzen jarraitu behar dugula. Herri langilearen alde, kapitalaren interesei aurre egiteko eremu guztietan lehiatu behar gara: lantokietan, kalean, baita instituzioetan ere.

Nazio askapenean eta eraldaketa sozialean aurrera eginez egin beharreko bidea da hori. Nazioarte mailako krisi ekologiko eta ekonomikoari aurre egiteko, Euskal Herrian estatu tresnak behar ditugu, burujabetza maila handiagoak behar ditugu.

Ziklo politiko berria irekitzen ari da. LAB ere bada ziklo berri horren parte, sustatzaile. Aldaketa politikoak bultzatzeko eragile aktibo izango gara, burujabetzaren aldeko borroka eta bizi baldintzen aldekoa banaezinak direlako. Langileen artean pedagogia hori egitea dagokigu, baita langileen aldarrikapenak eztabaida politikoaren erdigunera ekartzea ere.

Maiatzaren Lehen honetan, sorrerako konpromisoan berresten gara: langileen antolakuntza eta borrokaz, Euskal Herriaren nazio askapenerako eta eraldaketa sozialerako bidea zabaltzen jarraituko dugu.

Hitzordu nazional handia Iruñean

Arestian aipatu bezala, aurtengo Maiatzaren Lehena berezia izango da. LABen 50. urtemugaren ospakizunen baitan, Langileon Nazioarteko Egunak erabateko zentralitatea hartuko du.

Duela 50 urte sortu zen LAB sindikatua, anbizioz, aurrera egiteko bokazioarekin. Mende erdiko ibilbidearekin, osasuntsu gaude: sustraiak sendo, enborra tinko eta adarrak zabaltzen ari da. 50.000 afiliatuko langa gainditzea horren adierazle da.

Bada, aurtengo deialdia ere berezia izanen da, nazionala, Iruñean, Euskal Herriko hiri buruzagian. Egun osoko ospakizun egitaraua izango da bertan. LABen komunitatea eta LABen lagunak elkartzeko eguna izango da.

Bada, honako hauek izango dira eguneko hitzordu nagusiak:

• 11:30ean: MANIFESTAZIOA, Gazteluko plazatik abiatuta

• 12:30ean: EKITALDIA Anaitasunan

• Segidan, egun osoko ospakizuna: herri bazkaria eta kontzertuak

Deialdiak badu salbuespen bat, Ipar Euskal Herrian ere mobilizatuko baikara. Urte luzez egun honetarako bazterketa sindikala pairatu behar izan ostean, azkenean zentzugabekeria hori gainditzea lortu dugu. Ondorioz, aurten dagokigun tokia aitortua izango dugu. Azkenik intersindikalaren baitan egon ahal izatea garaipena da, eta horregatik, LABen ordezkaritza bat bertan izango da.

Eguna borobiltzeko, nazioarteko gonbidatuak ere izango dira Iruñean: lehen aldiz MFS-ko (Mundu Federazio Sindikala) idazkari nagusia etorriko da, baita palestinar kideak ere, eta beste hainbat herrialdetakoak: Vietnam, Sardinia, Kortsika, Bretaina, Aosta, Andaluzia, Katalunia, Galiza, Aragoi, Asturies eta Pais Valencià.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Haur eskolek euskaraz izan behar dutela aldarrikatu dugu Iruñeko kaleetan

Eman haizea euskarari lelopean egingiko mobilizazioan parte hartu dugu LAB sindikatuko kideok. Iruñeko hainbat auzotako gurasoek bultzatutako ekimena izan da, hasiera-hasieratik haurrak euskaraz eskolatzeko eskubidea aldarrikatzea xede izan duena.

Herritar nahiz langileen osasuna babestu eta enpleguari eutsiko dion irtenbide integrala eskatzen dugu Profersarako

Trantsizio ekosozialaren aldeko apustuan berresten gara, ekoizpen-ereduaren jasangarritasuna, ingurumena eta bizitzen zaintza uztartuko dituena, enplegua eta lan-baldintzak mantenduz.

Imarkoaingo Garraioaren Hirian mobilizatu gara, istripuan hildako azken garraiolaria gogoratzeko eta laneko ezbehar kopuru handia salatzeko

LAB, Hiru, CGT-LKN, Steilas, ESK eta EHNE sindikatuetako hainbat kidek elkarretaratzea egin dugu gaur goizean Imarkoaingo Garraioaren Hirian, ANET Nafarroako garraio-enpresen elkartearen aitzinean, "Lan istripu gehiagorik ez; prekaritateak hiltzen du" lemapean, Nafarroako errepideetan gertatzen den ezbehar kopuru handia salatzeko eta astelehenean Ejea de los Caballerosen (Zaragoza, Espainia) hildako garraiolari nafarra gogoratzeko. Aurten 9 langile nafar hil dira lan istripuan, lanean edo lanerako bidean, eta horietako 7ren heriotzek errepidearekin izan dute lotura.