2026-08-22
HomeUncategorizedEzkerraldeko eta Meatzaldeko langileentzat lan eta bizi baldintza duinak aldarrikatu ditu LABek

Ezkerraldeko eta Meatzaldeko langileentzat lan eta bizi baldintza duinak aldarrikatu ditu LABek

Gaur, LABek deituta, ehunka lagunek Sestaoko kaleak hartuko dituzte, Ezkerraldeko eta Meatzaldeko langileentzat etorkizun duina aldarrikatzeko. Langileon lan eta bizi baldintzak borrokatzeko. Izan ere, bada denbora bat EAJk eta PSOEk Ezkerraldea zein Meatzaldea desindustrializatzeko estrategia martxan jarri zutela: ehun industriala suntsitu eta, trukean, zerbitzuen sektorea ezarri, logistikaren eta biltegiratzearen mesedetan.

Politika horrek bi ondorio nagusi izan ditu. Batetik, industriaren eraispena: enpresen deslokalizazioak, kaleratzekkole tiboak, itxierak… Milaka lanpostu galdu eta desagertu dira azken hamarkadetan. Hala ere, oraindik zutik jarraitzen duten horietan lanpostuak prekarizatzen jarraitzen dute: azpikontratazioa eta ABLEak (aldi baterako laneko enpresak) baliatuz. Bestetik, aipatutako politikak zerbitzuen sektorea nabarmen haztea eragin du: zentro komertzialak (30 urte bete dira MAX CENTER zabaldu zutenetik; 20, MEGAPARKen inauguraziotik), logistikoak (AMAZON) eta biltegiratzeak (COSTCO) etengabe zabaltzen dira. Azalera handiko saltoki horiek enplegu prekarioa baino ez dute eskaintzen: aldi baterako kontratuak, estatuko hitzarmenak, soldata baxuak…

Ezkerraldeko eta Meatzaldeko enplegu eskaintzaren egoera makurra erabaki politiko jakin batzuek eragindako da; ez da naturala. Horregatik, konbentzituta gaude antolakuntzaren eta borrokaren bitartez egoera irauli daitekeela. Atomizatuta, sakabanatuta, bakartuta, etsita nahi gaituzte, langile klase batuak errealitatea aldatzeko duen ahalmenean ez dezan sinetsi. Baina LABek badu proposamen egingarri bat kalitatezko enplegua eta bizitzak erdiesteko: banaketa hirukoitza; enpleguaren, zaintza lanen eta ondasunaren banaketa.

Bizitzak erdigunean jarriko dituen jendarte eredurantz urratsak emateko, borondate politikoa baino ez da behar. Norabide horretan gure alea jartzen jarraituko dugu. Ekintza sindikal kolektiboaren bidez patronalari eta politikariei mugak jarriko dizkiogu; negoziazio kolektiboa balioan jarriz eta sustatuz, hemen lan egiten dugunez, hemen erabaki eta negoziatu nahi baititugu gure baldintzak; Ezkerralderako eta Meatzaldearako plan estrategiko integrala exijitzen jarraituko dugu, neurri zehatzak behar baititugu lan eta bizi baldintzak duintzeko. Horrez gain, zerbitzu publikoen eraispenari aurre egingo diogu. Eusko Jaurlaritzaren, aldundien eta udalen menpe dauden zerbitzu publikoak eraisten ari da EAJ eta PSOEren politika neoliberala.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Hirugarren greba zikloari ekingo diote Gipuzkoako Moeve gasolindegietako langileek lan baldintzak hobetzearen alde abuztuaren 28tik 30era

Abuztuaren 28ko 22:00etatik abuztuaren 30eko 22:00etara egingo dute greba Moevek Gipuzkoan dituen 16 gasolindegietako 150 langileek. Enpresa batzordea LABeko 5 ordezkarik eta ELAko 3k...

LABek eta ELAk adingabe batzuk balorazio psikosozialik egin gabe Bilbotik Gueñesera lekualdatu izana salatzen dugu

Sindikatuok kritikatzen dugu Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eudes Fundazioak zentro-aldaketa hilabete eskaseko aurrerapenarekin aurkeztu dutela, haren eragina baloratu gabe eta adingabeekin egunero lan egiten...

Bilboko tranbian zezenketen publizitatea jartzea salatu dute Euskotreneko langileek

Mobilizazioa egin dute Arriaga plazan. Euskotreneko enpresa batzordeak bere kezka eta erabateko gaitzespena adierazi nahi ditu, aurten ere Bilboko tranbiaren unitateetan zezenketekin lotutako ikuskizunen publizitatea...