2026-10-02
HomeEkintza SindikalaSalatzen dugu ETBko zuzendaritzak hainbat programa ekoizteko zerbitzuak azpikontratatzen dituela, Unitate Mugikorra...

Salatzen dugu ETBko zuzendaritzak hainbat programa ekoizteko zerbitzuak azpikontratatzen dituela, Unitate Mugikorra eta lantaldea libre egon arren

EITBko zuzendaritza nagusiak ETBko hainbat programaren produkzioa esternalizatzeko joera hartu du, EITBko Unitate Mugikorra (UM) eta lantaldea libre egonda ere. 

Denboraldi honetan, “Biba Zuek!” saioa, adibidez, Miramongo estudioetatik kanpo egin da egun berezi batzuetan, eta programa horiek New Media enpresak ekoitzi ditu, EITBko zuzendaritzak eskatuta:

  • Donostiako Zinemaldia, irailaren 25etik 29ra. Guztira, 5 egun, 5 programa. Donostiako Aiete auzoan dagoen eraikin batean egin ziren.
  • Durangoko Azoka, abenduaren 7an. Landakogunetik egin zen programa.
  • Sagardotegien denboraldiaren hasiera, urtarrilaren 16an. Alorrenea Sagadotegitik egin zen programa.

Egun horietan guztietan Pixel produktorarekin burutu ziren aipatu saio bereziak, eta baliabide tekniko guztiak haiek jarri zituzten, baita errealizadorea ere.

Bitartean, Miramonen Irregular Txandan (IT) dagoen ETBko lantaldeak ez zuen ezer egitekorik izan, eta UMa ere libre zegoen.

Gainera, azpimarratu behar da horrelako eskaera bereziak ikasturtearen hasieran egiten direla, eta, ondorioz, aurreikuspen handiarekin antolatu daitezkeela EITBko lantaldea eta UMa erabiltzeko eskaerak.

Zergatik azpikontratatzen ditu zuzendaritzak lantalde oso bat eta UM bat EITBkoak libre baldin badaude?

Galdera hori sarritan egin diogu zuzendaritzari, eta, aurrekariak ikusita, “Biba Zuek!” programa Alorrenea sagardotegitik egindako saio berezia EITBko baliabideekin ekoizteko eskaera egin genion. Hau izan zen erantzuna:

“Ondo dakizuenez, baliabideen kudeaketa eta honen arrazoiak Zuzendaritzari dagozkio. Hala ere, gogoratu arazi, EITB ez den enpresa batek kanpo produkzio bat egin behar duenean, orohar, bere baliabideekin, edo honek kontratatutako baliabideekin, egin behar duela”.

Alabaina, hori gezurra da, eta horren erakusgarri da, adibidez, ETB1eko Urtezaharreko kanpaikaden programa berezia Oriok ekoiztu zuela, ETBko UMarekin eta ETBko lantaldearekin. 

Horrenbestez, zuzendaritzak ez du irizpide objektiborik eta gardenik erabiltzen, programa bat kanpoko enpresa batek noiz eta nola egin behar duen erabakitzeko.

EITBko zuzendaritzari eskatzen diogu zerbitzuak nahieran eta justifikaziorik gabe esternalizatzeko joerari utz diezaiola eta argitu dezala zein den benetako arrazoia Miramongo eta Bilboko estudioetatik kanpo egiten diren programak azpikontratatzeko, ETBko lantaldeak eta Unitate Mugikorrak lanik gabe eta libre daudenean.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

125 udal baino gehiagotako langile batzordeek bat egin dute EAEko udaletan urriaren 8ko greba deialdia babesteko aurkeztu dugun mozioarekin

Hamarnaka udal eta zerbitzu itxiko dira urriaren 8ko greba egunean. Izan ere, 125 langile batzordetik gora dira EUDELi eta EAJ, EH Bildu, PSE-EE...

Salatzen dugu Bilboko Portuko amarratzaileen aurka kaleratzeak, zigorrak eta presioa darabiltzala enpresak

Enpresak berriz ere marra gorri bat zeharkatu du: beste ordezkari sindikal bat kaleratu du bere eginkizun sindikala betetzeagatik eta langileen eskubideak eta lan-baldintzak defendatzeagatik. Enpresak mobilizatzen direnei eta lantaldearen alde aurpegia ematen dutenei ezarritako zigorren beste adibide bat da azken kaleratze hau.

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.