2026-09-25
HomeEkintza SindikalaEAEko hainbat herri eta hiritako udalbatzetan Haurreskolak Partzuergoko plazen eskaintza handitzeko mozioak...

EAEko hainbat herri eta hiritako udalbatzetan Haurreskolak Partzuergoko plazen eskaintza handitzeko mozioak erregistratu ditugu

Aurreko ikasturteetarako matrikulazioarekin alderatuta, eskaeren kopurua %55 igo da, 1229 eskaera gehiago jaso zirelarik apirileko matrikulazio aldian.

0-3 urte bitarteko haurrei hezkuntza zerbitzua eskaintzen dien Haurreskolak Partzuergo Publikoan 2023-2024 ikasturtetik doakotasuna ezartzea lortu du LABek, azkeneko urteetan eragileekin eta familiekin egindako lana eta hainbat greba eta mobilizazio egin ostean. Neurri honek hasieratik eragin zuzena izan du familien eskaera kopuruan. Izan ere, 2023-2024 ikasturterako matrikulazioak izugarrizko gorakada izan zuen. Aurreko ikasturteetarako matrikulazioarekin alderatuta 1229 eskaera gehiago jaso ziren apirileko matrikulazio aldian, eskaeretan %55eko igoera dakarrelarik. Haurreskolak Partzuergoan matrikulazio epe berriak irekitzen dira hilabetero; beraz, ikasturtean zehar zentroen betetze maila igotzen doa.

Haurreskolak Partzuergo Publikoaren Zuzendaritza Batzordearen hitzetan, “lehen haurtzaroko hezkuntza eta zaintza kalitate handiko zerbitzu publikoa, unibertsala, eta doakoa izan dadin nahi da”.

Gauzak horrela, zerbitzuaren unibertsaltasuna helburu eta jaiotzatik haurrek izan behar duten aukera berdintasunean hezkuntza jasotzeko eskubidea berma dadin, LAB Sindikatuak EAEko Haurreskolak Partzuergoko zentroen betetze mailaren jarraipen etengabea egin du ikasturte hasieratik. Detektatu zuen partzuergoko hainbat haurreskolatan urrirako ez zegoela plaza librerik, eta ondorioz, zentro horietan ezingo dutela familia gehiagok izena eman. Beste hainbat zentrotan, ordea, matrikulazioaren bilakaera ikusita familia ugari kanpoan gelditzeko arriskua dagoela detektatu du sindikatuak.

Egoera ikusirik eta hau iraultzeko asmoz, Haurreskolak Partzuergoa Eusko Jaurlaritza eta udalen artean sortutako erakundea izanik, EAEko hainbat hiri eta herritako udalbatzek eskaintza handitzeko erabakia hartu dezaten mozioak aurkeztu ditu LAB sindikatuak, Haurreskolak Partzuergoko plazen eskaintza handitzea eskatuz. Hasteko, Bilbo, Santurtzi, Bastida, Getxo, Irun, Lasarte, Donostia eta Zallako udaletan erregistratu dituzte mozioak, gai hau mahai gainean jarri eta eskaintza handitzeko erabakia har dezaten. Eta hurrengo asteetan ere norabide berdinean jarraituko du LABek.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Udalhitzeko negoziazioari atea itxi diote EAJk eta PSEk, EHBilduk negoziatzen jarraitzeko borondatea agertu duen bitartean

Urriaren 8ra bitarteko epea daukate edukiak ekarri eta langileen ordezkariekin adosteko. Bestela, udal sektore osoak grebara joko du.

Greba mugagabean dauden ITASUAko langileei babesa erakusteko manifestazio jendetsua Bergaran

Dagoeneko 77 egun daramatzate greban Zarauzko eta Bergarako Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren (IAT/ITV) zerbitzuko beharginek, eta enpresa mugiarazi eta negoziazioaren blokeoa eten arte borrokan segitzeko...

LABek eta ELAk bilera eskatu diogu Pradales lehendakariari, 1.500 euroko gutxieneko soldataren alde patronalari aurre egin diezaion eskatzeko

Gutxieneko soldata Hego Euskal Herrian erabakitzearen aldeko 145.000 sinadura jaso eta greba orokor arrakastatsu bat egin ondoren, LABen eta ELAren iritziz Eusko Jaurlaritzak ezinbestean gizartearen nahiari bide eman beharko lioke eta Imanol Pradales lehendakariak lidergo argia erakutsi beharko luke patronalaren zein PSE-EEren eta EAJren betoa gainditzeko.