2026-10-02
HomeEkintza SindikalaBerriz ere mobilizatu gara Nafarroako zahar egoitzen hitzarmenaren negoziazioak desblokeatzeko eskatzeko

Berriz ere mobilizatu gara Nafarroako zahar egoitzen hitzarmenaren negoziazioak desblokeatzeko eskatzeko

Gaur goizean, LAB sindikatuko kideok elkarretaratzea egin dugu Iruñean, Nafarroako Jauregiaren aitzinean, berriz ere exijitzeko Nafarroako zahar egoitzetako lehen hitzarmen sektoriala izanen denaren negoziazioa desblokea dezaten. LABek Gobernua eta patronala interpelatzen jarraituko du, beren jarreretatik mugi daitezen eta hitzarmen duina lortzen lagunduko duten urratsak egin ditzaten, benetako edukiekin, langileen lan baldintzak nabarmen hobetuko dituztenak.

Ia hiru urteko borrokaren ondoren, hitzarmenaren negoziazioak bere hartan segitzen du. Bistan da patronalak ez duela interesik langileei lan baldintza hobeak emateko, baina kezkagarria da, halaber, Nafarroako Gobernuak duen pasibotasun jarrera, erakunde publikoen baimenarekin pribatizatuta dagoen zerbitzu publiko batean. Gobernua ez da desblokeoa modu aktiboan bilatzen ari, eta horrek negoziazioaren paralisi integrala eragiten du.

Sektoreko hirugarren sindikatua izan arren, iragan ekainean LABek mahai gainean kolpe bat eman zuen negoziazio mahaia bil zedin, eta lortu zuen. Orain, bertze urrats bat egin du negoziazio hau ezerezean ez gelditzeko. Betiere, langileen lan baldintzak duinduko dituen hitzarmen sektorial propioa lortzeko helburuarekin.

Horregatik guztiagatik, kalera atera gara berriz, sektore feminizatu eta prekarizatu horretako langileekin batera, Gobernua eta patronala interpelatzeko, bajak absentismoarekin lotu ez daitezen, gehiegizko klausularik ez onartzeko, ezein kontzepturen izozketarik ez onartzeko, bizitza bateratzea ahalbidetuko duten soldata eta lanaldi duinen alde… Azken finean, lan baldintza duinak eskatzeko.

Greba feminista orokorretik hurbil egonik, sektore honek kalera ateratzeko arrazoi asko ditu, ez bakarrik hitzarmenagatik, baita egiten duten zaintza lan honen aitortzagatik ere. Hitzarmen hau lehen pausoa izanen da zaintza sistemaren publiko eta komunitario baten aldeko borrokan, gizartearendako zein langileendako hain beharrezkoa dena.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

125 udal baino gehiagotako langile batzordeek bat egin dute EAEko udaletan urriaren 8ko greba deialdia babesteko aurkeztu dugun mozioarekin

Hamarnaka udal eta zerbitzu itxiko dira urriaren 8ko greba egunean. Izan ere, 125 langile batzordetik gora dira EUDELi eta EAJ, EH Bildu, PSE-EE...

Salatzen dugu Bilboko Portuko amarratzaileen aurka kaleratzeak, zigorrak eta presioa darabiltzala enpresak

Enpresak berriz ere marra gorri bat zeharkatu du: beste ordezkari sindikal bat kaleratu du bere eginkizun sindikala betetzeagatik eta langileen eskubideak eta lan-baldintzak defendatzeagatik. Enpresak mobilizatzen direnei eta lantaldearen alde aurpegia ematen dutenei ezarritako zigorren beste adibide bat da azken kaleratze hau.

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.