2026-09-26
HomeEkintza SindikalaBerriz ere mobilizatu gara Nafarroako zahar egoitzen hitzarmenaren negoziazioak desblokeatzeko eskatzeko

Berriz ere mobilizatu gara Nafarroako zahar egoitzen hitzarmenaren negoziazioak desblokeatzeko eskatzeko

Gaur goizean, LAB sindikatuko kideok elkarretaratzea egin dugu Iruñean, Nafarroako Jauregiaren aitzinean, berriz ere exijitzeko Nafarroako zahar egoitzetako lehen hitzarmen sektoriala izanen denaren negoziazioa desblokea dezaten. LABek Gobernua eta patronala interpelatzen jarraituko du, beren jarreretatik mugi daitezen eta hitzarmen duina lortzen lagunduko duten urratsak egin ditzaten, benetako edukiekin, langileen lan baldintzak nabarmen hobetuko dituztenak.

Ia hiru urteko borrokaren ondoren, hitzarmenaren negoziazioak bere hartan segitzen du. Bistan da patronalak ez duela interesik langileei lan baldintza hobeak emateko, baina kezkagarria da, halaber, Nafarroako Gobernuak duen pasibotasun jarrera, erakunde publikoen baimenarekin pribatizatuta dagoen zerbitzu publiko batean. Gobernua ez da desblokeoa modu aktiboan bilatzen ari, eta horrek negoziazioaren paralisi integrala eragiten du.

Sektoreko hirugarren sindikatua izan arren, iragan ekainean LABek mahai gainean kolpe bat eman zuen negoziazio mahaia bil zedin, eta lortu zuen. Orain, bertze urrats bat egin du negoziazio hau ezerezean ez gelditzeko. Betiere, langileen lan baldintzak duinduko dituen hitzarmen sektorial propioa lortzeko helburuarekin.

Horregatik guztiagatik, kalera atera gara berriz, sektore feminizatu eta prekarizatu horretako langileekin batera, Gobernua eta patronala interpelatzeko, bajak absentismoarekin lotu ez daitezen, gehiegizko klausularik ez onartzeko, ezein kontzepturen izozketarik ez onartzeko, bizitza bateratzea ahalbidetuko duten soldata eta lanaldi duinen alde… Azken finean, lan baldintza duinak eskatzeko.

Greba feminista orokorretik hurbil egonik, sektore honek kalera ateratzeko arrazoi asko ditu, ez bakarrik hitzarmenagatik, baita egiten duten zaintza lan honen aitortzagatik ere. Hitzarmen hau lehen pausoa izanen da zaintza sistemaren publiko eta komunitario baten aldeko borrokan, gizartearendako zein langileendako hain beharrezkoa dena.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Udalhitzeko negoziazioari atea itxi diote EAJk eta PSEk, EHBilduk negoziatzen jarraitzeko borondatea agertu duen bitartean

Urriaren 8ra bitarteko epea daukate edukiak ekarri eta langileen ordezkariekin adosteko. Bestela, udal sektore osoak grebara joko du.

Greba mugagabean dauden ITASUAko langileei babesa erakusteko manifestazio jendetsua Bergaran

Dagoeneko 77 egun daramatzate greban Zarauzko eta Bergarako Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren (IAT/ITV) zerbitzuko beharginek, eta enpresa mugiarazi eta negoziazioaren blokeoa eten arte borrokan segitzeko...

LABek eta ELAk bilera eskatu diogu Pradales lehendakariari, 1.500 euroko gutxieneko soldataren alde patronalari aurre egin diezaion eskatzeko

Gutxieneko soldata Hego Euskal Herrian erabakitzearen aldeko 145.000 sinadura jaso eta greba orokor arrakastatsu bat egin ondoren, LABen eta ELAren iritziz Eusko Jaurlaritzak ezinbestean gizartearen nahiari bide eman beharko lioke eta Imanol Pradales lehendakariak lidergo argia erakutsi beharko luke patronalaren zein PSE-EEren eta EAJren betoa gainditzeko.