2024-05-14
HomeEkintza SindikalaEskandaluzkotzat jotzen dugu Osasunbideko ohiko jarduera jaitsi arren itxaron-zerrendek handitzen jarraitzea eta...

Eskandaluzkotzat jotzen dugu Osasunbideko ohiko jarduera jaitsi arren itxaron-zerrendek handitzen jarraitzea eta negozio pribatuari zerbitzuak ematea

Gogor kritikatu nahi ditugu Fernando Dominguez Nafarroako Osasun kontseilari berriak itxaron-zerrenden datu onartezinak arintzeko iragarri dituen neurriak, aparteko orduak ugaritzen eta zerbitzuak zentro pribatuetara bideratzen jarritu nahi baitute. Datuek erakusten dutenez, Osasunbideako ohiko jarduerak ez du gora egiten, are behera ere egiten du, baina, hala ere, itxaron-zerrendak handitu egiten dira eta zerbitzuak negozio pribatuetara bideratzen dituzte.

Gure iritziz, Osasun Departamentuak itxaron-zerrendak murrizten saiatzeko ezarri nahi duen estrategiak argi uzten du osasun pribatuaren eta ohiz kanpoko jardueraren aldeko apustua egin nahi duela, Osasunbideari aurrekontu egokia eta plan integrala eman beharrean.

Dominguez kontseilariak estrategia hori bere aurreko agintaldian erabili zuen, baina gogoratu eta onartu behar luke ezarritako neurriak ez zirela eraginkorrak izan, eta ez zutela arazo nagusia konpondu: itxaron-zerrendak etengabe handitzea.

Ezbairik gabe ezagutzen dituen zenbait puntu gogorarazi nahi dizkio LABek kontseilariari (datu ofizialak baitira):

  • Osasunbideko ohiko jarduerak ez du pandemiaren aurreko zifrarik oraindik. Hau da, azpitik dago.
  • Kanpo-kontsultetan, urtean 50.000 bisita gutxiago egiten ari dira, egungo datuak 2019koekin konparatuta (orain %5 gutxiago), baina zentro pribatuei egindako kontsultak %58 gehiago dira.
  • Egungo jarduera kirurgikoak ezin du itxaron zerrendetan dauden pazienteen kopurua hartu, eta 2023ko zifrek nabarmen okertzen dituzte aurreko urteetako datuak.
  • Osasunbidean diagnostiko-prozedurak (TAC, erresonantziak, ekografiak…) ia 2.000 proba/urte murriztu dira, baina osasun pribatura bideraturikoak, berriz, 14.000 proba baino gehiago igo dira 2022an.
  • Produktibitateak eta aparteko orduak 4 milioi ziren 2015erako, eta 2023rako 25 milioi baino gehiago izatea aurreikusten da.
  • Kasualitatez, sektore pribatuan presentzia handiena duten espezialitateek dute eta sortzen dute Osasunbidean itxaron-zerrendarik luzeenak.

Osasun Departamentuari gogorarazi behar zaio beraiek eta Nafarroako Sindikatu Medikoak negoziatu zituztela produktibitateak eta soldata-igoera, jarduerari eusteko, itxaron-zerrendak gutxitzeko eta fakultatiboen lan-baldintzak hobetzeko. Baina LABek bere garaian ohartarazi zuenez, neurri horiek ez dira eraginkorrak; arduragabeak eta interesatuak dira.

LABek ez du onartuko kontseilaritza berri honek interes pribatuak eta pribatizatzaileak lehenestea, ez eta irtenbide ez oso eraginkorren aldeko apustua egitea ere. Irtenbide horiek adabaki hutsa bertzerik ez dira, eta ez dute itxaron-zerrenden eta arretaren arazo erreala konponduko, epe laburrera datuak makillatu bertzerik ez baitute egin nahi.

Osasun publiko sendoa behar dugu, Lehe Arretarako aurrekontu egokia izanen duena, non kontseilariak osasunaren sustapenari eta prebentzioari buruz dituen hitzak ez baitira atrezzo hutsa izanen. Gobernantza ausarta behar dugu, egungo egoera zein den kontrolatuko duena, eta egoera hori nahita sortzen ari denari erantzukizunak eskatuko dizkiona. Azken finean, Nafarroako herritarren osasun publikoa eta langile guztientzako lan-baldintza duinak benetan defendatuko duen gobernua. Kontseilariari ohartarazten diogu ez dugula onartuko arreta are gehiago okertuko duten bulegoetako negoziaziorik, eta herritarrei eta langileei eskatzen diegu osasun publikoaren alde mobiliza daitezela.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Esku-hartze sozialeko langileak itxialdia egiten ari dira Bilbon, hitzarmen duina aldarri

Bihar greba eguna dute sektorean, eta 11:00etan emango diote amaiera 24 orduko itxialdiari, orduan abiatuko baita manifestazio nagusia, Gizardatz patronalaren aurretik pasa eta Bizkaiko Foru Jauregiraino joango dena.

Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako patronalek eta eskolek ez dute sinatutako greba amaierako akordioa bete nahi

LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok erabaki dugu otsailean sinatutako akordioa betearazteko mobilizioei ekitea eta bide juridikoa aztertzea.

Nafarroako Industriako legean langileen lan eta bizi baldintzak erdigunean jartzea eskatu diogu Gobernuari, enpresarien lobbyaren presio interesatuen gainetik

LAB sindikatuan kezkaz hartu dugu aste honetan zenbait enpresari taldek argitaraturiko manifestua Nafarroako Industriako foru legea dela eta. Enpresari horien aldarrikapenek guztiz erreakzionarioak dira, Nafarroaren garapena oztopatzen dute, enplegua prekarizatzen dute, gizartearen ongizatea murrizten dute eta industriako etorkizuna kolokan jartzen dute. Era berean, arduraz ikusten dugu nola Gobernua kezkatuago dagoen enpresariak pozik uzteaz langileen interesen alde egiteaz baino.